Errege Magoak gamelu gainean iritsi ziren 2016an Donostiara. (Argazkia: Lide Ferreira)
Haurrek hainbeste espero duten Gabonetako beste egun magiko bat iristear da, Errege Magoen etorrera. Erregeek beraiek iragarri dutenez, ostegunean iritsiko dira Donostiara.
Zaldi gainean helduko dira hirira, eta Kontxan 11:00etan egongo direla aurreikusi dute.
Kontxa pasealekuan zehar ibili ondoren, Miramar kalera joango dira, eta, han, garai bateko ibilgailu estaligabe batean sartuko dira. Segizioak eta txarangak autobus turistikoan lagunduko diete.
Hirian denbora gehiago egotea da euren nahia, eta Antigua, Intxaurrondo eta Bidebieta bisitatuko dituzte.
Geldiuneak egingo dituzte Erregeek Jose Maria Sert plazan, Sagastieder plazan, eta Juan XXIII.a plazan. Horrela, hurbiltzen zaizkien umeen gutunak jasotzeko aukera izango dute.
Udaletxera 14:00etan iritsiko dira, eta
15:30etik 17:30era umeen harrera egingo dute Udalbatza Aretoan. Harrera ekitaldia arintzeko asmoz, hiru ilara antolatuko dituzte Alderdi Ederren, errege bakoitzarentzat bat; harrerara Ijentea kaletik sartuko dira elbarritasunen bat dutenak, eta eremu erreserbatua izango dute Hernani kalean, desfilea eroso ikusi ahal izan dezaten.
Desfilea 18:00etatik 19:00etara izango da, eta hiriko erdialdeko kaleak zeharkatuko ditu. Erregeekin batera egongo dira desfilean errege bakoitzaren pajeak, animaliak, trikitilariak, txarangak, suhiltzaileak, tren turistikoa, Dbus autobus hibridoa. Guztira, 600 partaide inguru izango ditu desfileak. Meltxor erregearen karroza
zilarrezko fantasia izango da, Gasparren karrozak
Egipto eta piramideak du izena, eta Baltasarren karrozaren elementu nagusia hegodun dragoi erraldoia izango da. Gainera, 3.000 kilo goxoki banatuko dituzte. Karamelu guztiak zeliakoek jateko modukoak izango dira. Desfilea bukatzean, Errege Magoek Donostiako Ospitalea bisitatuko dute.
Desfilea ikusiko dutenek goxokirik edo bestelako gauzarik ez botatzeko eskatu dute erregeek, nahasterik edo istripurik egon ez dadin.