Miren Arzalluz izango da Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria
Etxepare Euskal Institutuak badu zuzendari berria: Miren Arzalluz. Duela gutxi zabaldu du albistea Institutuak berak; horrela, lekukoa hartuko dio Aizpea Goenagari, eta euskara eta euskal kultura munduratzeko lanean.
Deustuko Unibertsitatean Historian Lizentziaduna da Arzalluz, Politika Konparatuan Masterra egin zuen London School of Economics-en, eta Artearen Historiako Masterra The Courtauld Institute of Art-en. Victoria & Albert Museum-etik eta Kensingtoneko Royal Ceremonial Dress Collection-etik pasa ostean, museoen arloan egin du ibilbidea Arzalluzek, moda erakusketa komisario gisa, eta kontserbatzaile lanetan. Cristobal Balenciaga Museoko kontserbatzaile eta bildumen arduradun izan da, baita Eusko Ikaskuntzaren Bizkaiako ekintzen programazioaren arduraduna ere.