Antiguako jaietako poteo elegantea iaz. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Badatoz Antiguako sansebastianak. Hiriaren egun handiari aurrea hartu eta hilaren 11n hasiko dira festarako prestatzen. Datorren ostiralean lehertuko da festa, poteo elegantearekin batera.
San Sebastian egunaren zain daude jada donostiarrak. Gutxi falta da hiriaren festa nagusirako. Antiguan, ohi bezala, aurrea hartuko dute eta hurrengo astean murgilduko dira jaietan. Antiguan piztuko da festa, eta bertan hasiko da jaiaren burrunba.
Hurrengo asteazkenean, hilaren 11n, hasiko da Antiguako sansebastian jaien egitaraua, Txantxarreka gaztetxean.
Ion Martinez Txiki aktoreak
Mil a zien baietz barrez lehertu bakarrizketa egingo du, 20:00etan. Euskal Herrian zehar hainbat saio egin ditu donostiarrak, eta oraingoan Antiguan zabalduko du umore ona. Hurrengo egunean, ostegunean,
Antiguako XI. Eskuz Binakako Pilota Txapelketako finalak jokatuko dituzte frontoian, 19:00etan. Ondoren, Dokan, Auzo-rock jaialdia egingo dute. Oihu eta Herenegun musika taldeek parte hartuko dute.
Ostiralean, hilaren 13an, jaietako txupina pizteko ordua iritsiko da. Arratsaldean, bostetan, Jakintza eta Larramenditik jaitsiko dira haurrak, Benta Berri plazaraino, txarangaren erritmoan. Bertan, Patata Tropikala konpainiaren Azken eguzkilorea antzezlana ikusteko aukera izango dute. Jaia 19:00etan lehertuko da, txupina pizterakoan. Benta Berriko plazan bilduko dira, eta dotore jantzi eta poteo elegantean parte hartzeko ordua helduko da Antiguakoentzat. Benta Berritik Antiguan zehar ibiliko dira Iraunkorrak txarangak girotuta.
Gauean, rock musikaz gozatzeko elkartuko dira denak frontoian.
Willis Drummond eta
Zozo taldeak ariko dira zuzenean.
Tabula Rasa diskoko kanta berriak aurkeztuko ditu Donostian Baionako taldeak. Eta Zozo nortzuk diren ez dakizula? Pelax, Blaka, 3gabe2, Desegin eta Donostiako beste hainbat taldetako musikariz osatutako rock banda da. Zuzenekoak bukatzerakoan, DJ Miau-ren txanda izango da. Musika dantzagarriarekin girotuko dute jaietako lehen gaua.
Hilaren 14an, 14:00etan, Patxatxa taldeak antolatuta, XXXVI. Antiguotar Topaketa egingo dute. Antiguatik kanpo bizi diren bizilagunak elkartzeko hitzordua izan ohi da. Egun berean, Ibaetako frontoian kuadrilen bazkaria egingo dute 14:30ean. Ondoren, bazkarian parte hartzen duten kuadrilen arteko jolasak egingo dituzte. Ibaetatik berriz itzuliko dira Matia kalera, Eonian elektrotxarangarekin. Gauean zuzeneko musika gehiago izango da
Koban taldearekin eta
Ingo al deu erromeria taldearekin.
Lasterketa, bertan behera
Antiguako jaietako ekitaldi ikusgarrienetakoa da hondartzako zaldi lasterketa. Ondarretako hondar gainean galopan ibili dira hamar urtez. Egun batez hondartzak hipodromo itxura hartzen du. Auzoan ospatzen diren sansebastianak iragartzen ditu zaldi lasterketak, eta ikusmin handia piztu ohi du. Aurten, ordea, jai batzordeak pena handiz iragarri du ez dela lasterketarik egingo.
Donostia Festak-ek itsasertzaren erabileraren legedia aldatu egin dela jakinarazi dio jai batzordeari, eta zenbait ekitaldi egiteko baldintzak aldatu egin dira. Antiguako jai batzordeak adierazi du lanean jarraituko duela, eta hurrengo urtean zaldi lasterketa berreskuratzeko zer egin dezakeen aztertuko duela.