Mundu bat ahoz aho dokumentala zuzendu du Gaztelumendik. (Argazkia: Malen Aldalur)
Mundu bat ahoz aho dokumentala zuzendu du Beñat Gaztelumendi bertsolariak (Añorga, 1987), Mintzola Fundazioarekin batera. Munduko inprobisatzaileak bildu ditu bertan.
Nola sortzen da dokumentala egiteko ideia?
Euskaldunok badaukagu berezi sentitzeko joera bat; munduan bertsotan egiten genuen bakarrak ginela uste genuen, eta orain dela urte asko konturatu ginen ez zela horrela. Orduan hasi ginen beste inprobisatzaile batzuekin harremanak eraikitzen: 90ko hamarkadan Kanariar Uharteetan egin ziren jardunaldi batzuk. Ondoren, 2003an Euskal Herrira ekarri genituen kanpoko inprobisatzaile batzuk eta ordutik harremanak lantzen ari gara. Hori dela eta, 2016an jardunaldiak egitea pentsatu genuen.
Nolakoak izan dira jardunaldiak?
2016ko topaketak hiru fasetan bereizi genituen. 2015eko udazkenean Espainia aldean ibili ginen; besteak beste, Bartzelonan eta Leonen. Gero udaberrian Euskal Herriko probintzia guztietan egon ziren inprobisazioak. Azkenik, udaran Donostian egin genituen jardunaldiak. Orduan sortu zitzaigun dokumentala egiteko ideia. Galdera bat izan zen abiapuntua: Zer da benetan batzen gaituena?
Eta zer ondorioztatu zenuten?
Hizkuntza gutxituko inprobisatzaileekin ari ginenean ikusten genuen oso erraz konektatzen genuela, izan ere, bertsolaritza guretzat bada hizkuntza biziberritzeko tresna bat. Dena den, gehienak hizkuntza hegemonikoetan abesten dute, eta jakin nahi genuen zer zen horiekin batzen gintuena. Hori dela eta, dokumentalean bi ideia bildu nahi genituen; batetik, ikustea inprobisatzaileentzat zer suposatzen duen inprobisazio munduan mugitzeak, eta bestetik, gure arteko antzekotasunak eta ezberdintasunak. Hala ere, dokumentala egiten hasi ginenean konturatu ginen mexikarrek egiten duten errelatoa eta hemengoa, esaterako, oso antzekoak direla, hau da, oso antzeko arrazoiengatik hasten garela inprobisatzaile denok bertsotan. Polita da ikustea hain urruti bizi den jendeak zure kezka berdinak dituela.
Zein herrialdetako inprobisatzaileak agertzen dira dokumentalean?
Mexiko, Kuba, Herrialde Katalanak, Sardinia, Kurdistan, Euskal Herria eta Gales. Bestalde, lau aditu ere elkarrizketatu genituen.
Dokumentalaren laburpenean aipatzen duzue historia ofiziala idatziz kontatu izan dela eta ertzetakoa, berriz, ahoz.
Aurrez aipatu dudan bezala dokumentala galdera batetik abiatu genuen: zerk elkartzen gaitu? Baina tranpa txiki bat ere badago, izan ere, aurrez bagenuen hipotesi txiki bat. Azkenean, historia ofiziala idatziz kontatzen da, eta idatzizkoak ez diren kulturek behar dute kontatzeko beste modu bat; transmititzeko beste era bat. Guztiek sentitu dute behar hori.
Antzekotasunen atzean errealitate ezberdinak ere egongo dira, ezta?
Denetarik dago. Denboraren gestioari dagokionez, Galesen gaia entzun eta bertsoa idatzi egiten dute; hamar edo hogei minutu hartzen dituzte horretarako. Guk esaldi bukaeran errimatzen dugu, baina Galeskoek soinua ere errimatzen dute, konplikatuagoa da. Bestalde, instrumentuen kontua dago, bertsotan egin daiteke musikarekin baina gure jardun nagusia instrumenturik gabe da; herrialde batzuetan, aldiz, musikarekin inprobisatzen dute. Beste ezberdintasunetako bat gorputza izan daiteke; gu oso zurrunak gara, baina kubatarrak, esaterako, asko mugitzen dira.
Non grabatu zenuten dokumentala?
Donostian egon ziren udara baliatu genuen elkarrizketak grabatzeko. Dena den, publikoak nola hartzen dituen jakin nahi genuen, eta hori hemen egitea zaila zen. Esanguratsua da Euskal Herrian bertso entzuleek duten jarrera; isilik egiten dira. Hori lortzeko beraien herrialdeetako bideoak bidali zizkiguten.
Inprobisatzaile emakumeen errealitateaz ere hitz egiten du dokumentalak.
Bai, azkenean herrialde bakoitzak bere errealitatea dauka, baina askotan bertsolaritza aitzakia da beste gauza batzuei begiratzeko. Plazan zer dagoen eta zer ez dagoen ikusteko balio du; balio du konturatzeko zer den baloratzen dena, zer den naturala dena. Herrialdez herrialde asko aldatzen da. Hemen, esaterako, mugak identifikatu dira eta errelatoa hortik abiatzen da, kontuan izan da abiapuntua ez dela berdina. Hemen egon diren diskurtsoak daude beste leku batzuetan ere; zenbait tokitan uste dute abileziak bakarrik duela zerikusia.
Noiz aurkeztu zenuten dokumentala?
Azaroan aurkezpen itxi bat egin genuen, eta ondoren abenduaren 3an aurkeztu genuen Durangoko azokan. Harrera ona izan zuen eta pozik gaude. Dokumentala ez dago, berez, bertso munduko jendearentzat pentsatua; uste dut ezagutzen ez gaituenarentzat amu polita izan daitekeela dokumentala, bertsolaritza mundu mailan jartzeko. Uste dut garrantzitsua dela ikustea bertsolaritzak badituela senide diferenteak. Askotan geure buruari jartzen dizkiogu hizkuntzaren mugak eta konturatu gara gai garela beste herrialdeetako jendearekin euskaraz abesteko; hori autoestimu dosi handi bat da.