Hilik daudela esan dieten arren, uste dute badituztela bizirik daudela pentsatzeko arrazoiak. Isildu nahi dituztelakoan daude, baina ez dute euren senideen bilaketan etsitzeko asmorik.
Senideen bila ari diren hainbat lagun. (Argazkia: Malen Aldalur)
Bila ari dira oraindik, alaba, semea, arreba, anaia, ahizpa. Gehienek eskura dute bila dabiltzan familia kidearen jaiotze dokumentua, baina askok ez dute haien heriotzaren berririk. Lur eman zietela uste zuten gehienek, baina orain ez dute halakorik ziurtatzen duten agiririk aurkitzen. Isildu nahi dituztela uste dute; eta egoeraren aurrean erakunde publikoak ere isilik daudela salatu dute: “Isiltasuna da gauzarik okerrena; isiltasunari ezin zaio erantzun”. Hala azaldu du Flor Diaz Gipuzkoako, Bizkaiako eta Arabako SOS Ume Lapurtuak elkarteko zuzendariak. Ez du amore eman nahi, baina nekatuta dagoela dio. Intxaurrondo auzoan du egoitza elkarteak, eta bertan elkartu dira euren senideen bila diharduten hainbat lagun; horietatik bost bizi dira Donostian. Dena den, kasu ia guztietan Donostiako ospitaleetan jaiotako umeak aurkitu nahian ari dira.
Polloeko hilerriko liburua daukate eskuartean eta askok hara jo dute euren haurrak non eta noiz lurperatu zuten ezagutzeko: “Hor ez dira gure senideak ageri, orduan non daude ume horiek?”, galdetzen du Diazek.
Andone Elizondoren kasuari heldu nahi dio:?”1973ko kasua da Elizondorena. Bere haurraren desagerpena salatu zuen. Berak bi agiri ofizial ditu gizarte erregistroan;?batak dio haurra hilik jaio zela, besteak, jaio eta 31 ordura hil zela. Bestalde, beste dokumentu mediku bat dago, zeinak azaltzen duen haurra jaio eta 50 ordura hil zela. Haurra ez da hiru kasuetako batean ere lurperatua izan; eta hori gutxi balitz, azken heriotzaren ondoren umea erresidentzian ingresatua izan zela ageri da”.
Diazek azaldu du, hainbat froga eramaten dituztela fiskaltzara, baina frogatzat hartu beharrean irregulartasun bezala hartzen dituztela: “Elizondoren kasua ere artxibatu egin zuten”. Justiziarekin haserre daude, batez ere Euskal Herrikoarekin: “Dokumentuak eskatzen dizkigute, baina noski guk ez daukagu umea saldu izanaren froga grafikorik, fakturarik; eta, umea saldu zutenek ere ez dute hitz egin nahi”.
Moduak errepikatzen dira
Kasu gehienetan behin eta berriz prozedura bera errepikatzen da: haurra jaio eta gutxira hil egin dela esaten diote amari, eta ospitaleak hartzen du tramite guztiak egiteko ardura. Kasu batzuetan gurasoek umearen lurperatzea ordaindu ere egiten dute, baina gero erregistroetan ez dela halakorik ageri azaldu du Diazek.
Epaitegietan kasu guztiak artxibatzen direla salatu dute: “Fiskaltzan salaketa jarri eta fiskalak epaitegietara bideratzen ditu kasuak. Epaitegiek ikertu egiten dute: norbait bizirik badago deklarazioa hartzen diote; erditzean parte hartu duten pertsonak ez badute oroitzen, ez badakite edo hilik badaude kasua artxibatu egiten da. Eta noski, hemen inork ez du esan nahi haur bat saldu duenik”.
Diazek azaldu du beraiek ezin dutela haurra saltzen zirenik ziurtatu, baina bai euren senideak desagertuta daudela.
Euskal Herrian Espainiako Estatuko edozein lekutan baino okerrago daudela uste dute SOS Bebes Robadoseko kideek: “Ikaragarria da Euskal Herrian dugun ikusezintasuna. Malagan (Espainia) orain gutxi onartu dute adierazpen instituzional bat haur lapurtuei babesa adierazteko; Kanariar Uharteetan ere antzeko zerbait egin zuten eta baita Katalunian ere”.
Salatu dute 2002. urtetik ari direla Gipuzkoako Foru Aldundiari laguntza eske, baina ez dutela erantzunik lortzen: “Bere garaian adierazpen instituzional moduko bat egin zuten, baina gero ez dute ezer gehiago egin”. Beraien senide desagertuen egoera ikertzeko eskatu zion SOS Bebes Robadosek aldundiari baina salatu dute ikerketa enpresa pribatu baten esku utzi zutela eta, gainera, ez zutela beraiek eskatutakoa ikertu; Fraisoroko adopzioak baizik: “Aranzadi elkarteari esleitu zioten ikerketa eta guk uste dugu modu honetako ikerketa bat, ezinbestean, erakunde publiko batek egin beharko lukeela”. Azaldu dute ez dutela ezer Aranzadi elkartearen aurka baina uste dute hark egindako ikerketak ez zuela ezer argitu: “Fraisoroko adopzio etxean umeak adoptatzeko erabiltzen zuten protokoloa aztertu zuten; eta Gipuzkoako diputazioko arduradunetako batek esana da protokolo hori ez zutela aintzat hartzen, Fraisororen inguruan egindako liburu batean ageri da 66. orrialdean. Guk gure senideen jaiotze eta heriotza datak eta agiriak aztertzea eta non dauden ikertzea da nahi duguna”, azaldu du Diazek. Gaur egun, elkarteak Intxaurrondon duek egoitzan elkartzen dira eskuz Polloeko hilerriko datuak garbira pasatzeko: “Lan hori ez genuen guk egin beharko”.
Dena den, gaineratu du, orain, Fraisoron gertatutako ikertzea ere gustatuko litzaiekeela, izan ere, hainbat irregulartasun aurkitu dituzte bertan.
Arantxa Ugartetxeak bi iloba ditu adoptatutakoak; bata Fraisoron eta bestea Bilbon. Haserre dago aldundiaren, eta orokorrean erakunde publikoen, aldetik jaso duen tratuarekin:?”Jende guztiak eduki beharko luke bere jatorria ezagutzeko aukera».
Diazek dio, beti emakumea izaten dela kaltetua eta garai horietan ere hala gertatzen zela:?«Lehenengo haurrak edukitzeko beharra sortzen zieten emakumeei; eta ondoren, negozio bat sortzen dute”.
Diazek azaldu du EH Bilduk ikerketa egiteko eskatu ziola Aintzane Ezenarrori, Eusko Jaurlaritzako oroimen, giza eskubide eta elkarbizitza arduradunari. Baina honek epaitegietara joateko esan ziela: “Nola epaitegietara? ez digute kasurik egiten!”.
“Leku guztietan saldu dituzte haurrak eta Euskal Herrian ez?”, galdetzen du Diazek. Uste du Euskal Herrian biktima asko daudela, baina batzuk isildu egin nahi dituztela.
“Gu arduratuko gara”
Ia guztiek kontatzen dute gertatutakoaren errelato antzekoa: haurra jaio eta denbora gutxira amari hilda jaio dela jakinarazi, eta ospitalea tramite guztiekin arduratuko dela esaten diote. Amak ez du haurra ikusten. Orain, kasua ikertzen hasi dira eta ez dute ume horien gorpurik inon aurkitzen.
Elizondok gogoan du «gu arduratuko gara» esan zioten unea. 23 urte zituen eta haurra galdu berri zuen: “Une horretan lur jota nengoen, esan zidaten beraiek arduratuko zirela guztiarekin eta lasai egoteko, gaztea nintzela eta ume gehiago izango nituela”.
Santiago Suarezi ere beti esan izan zioten arreba hilik zegoela, baina SOS Ume Lapurtuakeko kasuak entzun ondoren, susmoa sortu eta berak ere ikertzeari ekin zion: “SOS Haur Lapurtuakeko loteria bat erosi nuen, bertan zegoen zenbakira deitu eta nire arrebaren kasua ikertzen hasi nintzen. Amak inoiz ez zuen alaba ikusi, eta ez dago lurperatua izan zela ziurtatzen duen agiririk. Gotzaintzara ere joan nintzen bataioko paperen bila, baina ez zen halakorik ageri. Gainera, hasieran bi egunera lurperatu zutela ipintzen du, eta beste toki baten lau egunetara; hala ere ez da lurperatua izan denik erregistratu”. Kasu honetan ere, “gu arduratuko gara”, esan zioten.
Manoli Mikelarenaren kasua da horietako beste bat. Mikelarenari haurra hilik jaio zela esan zioten eta beraiek arduratuko zirela guztiarekin. Ondoren ikertzen hasi eta ohartu da handik bost hilabera egin ziotela autopsia haurrari: “Nola da posible?”.
Euskal Herrian ikusezinak direla salatu du Diazek. Entzutea nahi dute, erakundeek, komunikabideek eta herritarrek.
Biktimak direla aldarrikatu nahi dute: “Andaluzian biktimak gara eta Euskal Herrian ez? Gai honetan Euskal Herrian lotsa ematen dugu. Hemen biktima batzuk bakarrik hartzen dira aintzat, eta zoritxarrez Euskal Herrian biktima asko daude”.
Juana Mari Martinez
Mendabian (Nafarroa) jaio zen, baina orain Amaran bizi da. 1980ko urriaren 7an eduki zuen umea Poliklinikan. Ikusi ez zuenez ez daki neska edo mutila izan zen, baina neska zela esan zioten. Egia bilatu nahi duela dio.
Gloria Sanchez
Rekalden bizi da Gloria eta 1972an erresidentzian jaio zen bere ahizparen bila dabil. Bere gurasoek neska zela esaten zioten baina paperetan mutila jaio zela azaltzen da. Jaio eta hurrengo egunean hil zela esan zioten. Dena den, ez du hala ziurtatzen duen inongo agiririk aurkitu.
Arantxa Ugartetxea
Donostia erdialdekoa da Ugartetxea. Bi iloba ditu adoptatutakoak; bata Bilbon eta bestea Donostian. Erakundeen aldetik jasotako tratu txarra salatu nahi du Ugartetxeak eta bakoitzak bere iragana jakiteko duen eskubidea aldarrikatu du.
Izaskun Pozas
Bidasoan (Nafarroa) jaio zen Pozas baina duela hamar urtetik Beasainen bizi da. 1974ko apirilaren galdutako senidearen bila ari da.
Mertxe Aizpurua
Zumaiakoa (Gipuzkoa) da Ahizpurua eta ahizpa bat biltzen ari da. Ez da jaiotze dokumenturik ere ageri, baina bizilagun baten testigantza dauka.
Manoli Mikelarena
Etxalarren (Nafarroa) jaio zen Mikelarena 1985. urtean. Seme bat izan zuen Poliklinikan eta hilik jaio zela esan zioten. Dena den, zalantzak ditu hori hala gertatu ote zen, eta egia jakin nahian dabil.
Isabel Alvarez
Lasarten (Gipuzkoa) bizi da Alvarez, Arantzazuko ospitalean izan zuen umea; hil egin zela esan zioten, baina ziur dago semea oraindik bizi dela.
Andone Elizondo
Oreretakoa (Gipuzkoa) da Elizondo, erresidentzian eduki zuen umea. Ez daki sema edo alaba zen, berak ez baitzuen ikusi. Bere bila ari da, eta orain 33 urte izango lituzkeela dio.
Juan Ruiz
Sevillakoa (Espainia) da Ruiz, baina orain Oreretan bizi da. Amak umea izan eta gutxira hilik jaio zela esan zioten, baina ez da inon ageri gorputzak lurperatu zutenik.
Javier Munioitz
Larratxokoa da Jabier eta 70. hamarkadan jaiotako anaiaren bila ari da, ospitale probintzialean jaio zen, eta ez dago lur eman izanaren seinalerik.
Crisantos Cenera
Ermuako (Bizkaia) da Cenera, bere amak behartuta saldu zuen umea bizirauteko baliabide faltak direla eta. Dena den, hil egin zela kontatu zuen.
Santiago Suarez
Salamancan (Espainia) jaioa zen Suarez baina Intxaurrondon bizi da. 1973an jaio zen bere arreba, hil egin zela esan zieten baina ikertzen hasi eta hainbat zalantza sortu zitzaizkion.
Flor Diaz
Anaiaren bila ari da Diaz, eta gaur egun Euskadiko SOS Bebes Robados elkarteko zuzendaria da, Andaluziakoa (Espainia) den arren Irunen (Gipuzkoa) bizi da. Anaiaren jaiotza ziurtagiria duen arren ez du hil dela dioen dokumenturik, beraz, desagertu baten bila dabilela azaldu du.