Udalbatzak ez du Angels Barceloren hautagaitza babestu; EAJ, EH Bildu, Irabazi Donostia eta PP abstenitu dira, PSE-EEk ez du bozkatu. Sariak polemika handia eragin du alderdien artean

Asteazkeneko premiazko udalbatzarraren irudi bat. (Argazkia: L. Ferreira)
50. Urrezko Danborra eman behar zuten aurten, San Sebastian egunean, baina sariak datorren urtera arte itxaron beharko du. Izan ere, Donostia Turismok proposatutako hautagaiak, Angels Barcelo kazetariarenak, ez du babes nahikorik izan eta hutsik geratu da aurtengo Urrezko Danborra.
Hiritar Merezimenduaren Dominak eta Urrezko Danborra berretsi behar zituzten asteazkeneko ez ohiko udalbatzarrean. Hiritar Merezimenduaren Dominetarako proposamenak babestu zituzten talde guztiek, baita zoriondu eta balioan jarri ere. Halere, Urrezko Danborraren inguruan botoa ematerakoan eztabaida piztu zen.
Hasieran adostu zuten bi sarien inguruan botoa emango zutela, eta alderdi bakoitza Urrezko Danborraren inguruan eman behar zuten botoa argudiatzen hasi zen, PSE-EEren txanda iritsi zen arte. Une horretan Ernesto Gascok azaldu zuen Angels Barcelo Donostia Turismorekin jarri zela harremanetan, eta proposamenak eragindako eztabaidaz jakitun, kontsentsurik ezean bere hautagaitza bertan behera uzteko eskatu zuela. Hori dela eta, Gascok eskatu zuen ez bozkatzea Urrezko Danborraren proposamena.
Eneko Goia alkateak esan zuen alderdi bakoitzak botoa emango zuela, udalbatzarraren hasieran adostu zuten bezala, eta berak ez zuela Gascok esandakoaren berri.
Urrezko Danborraren inguruan botoa ematean EH Bildu, Irabazi Donostia, EAJ eta PP abstenitu egin ziren. PSE-EEk ez zuen eskua altxa botoa emateko, eta hori, teknikoki, abstentzioa da. Urrezko Danborra berresteko 14 boto behar ziren, eta, beraz, aurten ez da Urrezko Danborra emango, eta Hiritar Merezimenduen Dominak hilaren 20an banatuko dituzte, 12:30ean (normalean, urtarrilaren 19an izaten da ekitaldia).
Udalbatzarra amaitu ostean, Donostiako alkateak adierazpenak egin zituen: «EAJk koherentziaz jokatu du. Ez genuen bat egiten proposamenarekin, eta hiriak ere hala uste zuen. Ez da erabaki gustukoa izan, eta pena da pertsona bat biktima zuzena izan delako. Etorkizunari begira, derrigorrezkoa zaigu gaia aztertzea, eta eztabaidari ekitea. Posible izango litzateke denboragatik beste hautagai bat proposatzea. Baina, nire ustez, hobe da aurten ez ematea, eta hurrengo baterako garaiz gogoeta sakonago bat egitea».
PPko bozeramaile Miren Albisturrek esan du gertatutakoak erakusten duela udal gobernuaren kideen artean komunikaziorik ez dagoela: «Bakoitza bere bidea hartzen du, eta hori ez da hiritarrengan pentsatzea».
Irabazi Donostiako Amaia Martinek, bere aldetik, adierazi du Urrezko Danborraren proposamenak hiritarrak harritu eta desilusionatu dituela: «Ez gara harritzen hiritarrek izan duten erantzunarekin. Donostiako saririk preziatuena izanik, gizarteak ez du hautagaitzaren arrazoia ulertu. Alicia Amatriain dantzariaren alde egin dugu guk, baina aitorpena ukatu diote».
EH Bilduren arabera, udal gobernua noraezean dabil. «Errespetu falta izan du Angels Barcelorekin, gainerako hautagaiekin, sariarekin berarekin eta donostiar guztiekin, eta horren arduradun nagusia Eneko Goia alkatea da. Urrezko Danborrak Donostia munduan ezagutarazteko helburua badu, esperpento lotsagarri hau al da gure hiria aurkezteko modua?», esan du EH Bilduk.
Horregatik, Turismoko Administrazio Kontseiluak San Sebastian Egunaren ondoren bilera berezia egitea eskatu du, «Urrezko Danborraren kudeaketa akats larriak aztertzeko».
1984an eta 2003an ere ez
Urrezko Danborraren saria dela eta, aurretik ere sortu izan da zalaparta. 1984an, Espainiako Albako dukeak –Albako Cayetana eta Jesus Agirre– proposatu zituzten, baina udalbatzak ez zituen berretsi garaiko Turismo ekintzetxearen hautagaiak.
Tentsio handiko udalbatzarra izan zen 1984ko urtarrilaren 16koa. Herri Batasuna, Euskadiko Ezkerra eta PSOEk aurkako botoa eman zuten. EAJk bakarrik babestu zituen hautagaiak. Ramon Labaien alkateak adierazi zuen Turismo ekintzetxearen erabakia errespetatzen zuela, eta egokitzat jotzen zuela proposamena.
2003an ere ez zen Urrezko Danborra eman. La Oreja de Van Gogh musika taldea proposatu zuten, baina ez zuen udaleko oposizioaren babesa lortu, garaiko araudia hausten zuela argudiatu baitzuten. Izan ere, garai batean, Urrezko Danborra ezin zuten Donostian jaiotakoek eskuratu.
Odon Elorza alkateak esan zuen juridikoki Donostiatik kanpo zeudela, eta hautagai izan zitezkeela. Beste proposamen bat egin zuen, Txillida Leku Museoa, baina proposamenak ez zuen aurrera egin –hurrengo urtean saritu zuten, 2004an–. La Oreja de Van Gogh taldeak 2010ean jaso zuen Urrezko Danborra.