Urtetik urtera, helduen danborraden kopuruak gora egiten du. Aurten, 143k desfilatuko dute hirian zehar. Horietako bi dira Gipuzkoako Industri Ingeniarien Elkargoa eta Ur Tantta Kultur Elkartea.
Ur Tantta danborradako lau kide, Antiguako Txalupagillene plazan; bertan egingo duten ibilbidearen geldialdietako bat. (Argazkia: L. Ferreira)
Abenduaren 20an, San Sebastian egunarekin, zazpi danborrada berriren danbor hotsak entzungo dira hiriko kaleetan. Bost, Erdialdekoak, eta, bi, Antiguakoak. Hala, guztira, 143 danborrada eta 641 partaide izango ditu helduen danborrak aurten, eta 17.000 lagunek astinduko dituzte euren danborrak. Danborrada berriak izango dira: Santa Teresa ikastetxea, Summa Aldapetako guraso elkartea, Londres Hotela, La Vaca, Eiztari Etxea, Gipuzkoako Industri Ingeniarien Elkargoa eta Ur Tantta Kultur Elkartea. Azken bi horiekin izan da Irutxuloko Hitza.
Antiguako danborrada da Ur Tantta Kultur Elkartea. Igandean dute azken entsegua, baina dagoeneko urtarrilaren 20an pentsatzen ari dira. Benta Berri plazatik abiatuko dira 17:00etan, eta Txalupagillene plaza, Gaskonia plaza, Antiguako eliza, Zubimusu eta Jose Maria Sert plazan joko dute. Urdin, zuri eta gorri ilun koloreak izango dira nagusi euren jantzietan.
Txikitako ametsa
«Jaioneren txikitako ametsa izan da betidanik danborrada bat sortzea. Inork ez zuen uste egia bilakatuko zenik, baina lortu du. 2016an kultur elkartea sortu zuen, eta 2017an Antiguako kaleetatik aterako gara berari esker», nabarmendu du danborradako kide eta Jaioneren anaia Jon Arzamendik.
«Nik txikitatik ikusten nituen danborradak, eta, normalean, neskek ez zuten danborra jotzen. Nik gustuko dut danborra jotzea eta militarrez janztea; horregatik, handia nintzenean, danborra jotzen aterako nintzela esaten nuen. Egin behar ziren izapide guztiak duela bost urte begiratu nituen nire kabuz: zein dokumentu aurkeztu eta abar. Beraz, pausoa ematea bakarrik falta zen, baina bakarrik ezin nuen egin», gogoratu du Jaione Arzamendik.
Anai-arrebez gain, beste hiruzpalau lagunekin sortu dute danborradako taldea. Hala, lana euren artean banatu dute: jantziak, bilerak, hornitzaileekin hitz egin beharra… Ez dute tarterik izan atsedena hartzeko. Gainera, jantzi gehienak eurek egin dituzte, eskuz; urketari eta soldaduen txanoak, esaterako.
«Gauza zailenak ibilbidea lotu eta entseatzeko toki bat aurkitzea izan dira. Eskola askotan galdetu genuen, baina ia gehienetan ez zegoen lekurik hainbat danborradek jada entseatzen zutelako. Azkenean, Amassorrain ikastolak egin zigun tokia, eta asko eskertzen diegu», adierazi du Ur Tanttako kideak.
Irailera arte danborradan izena emateko aukera zabaldu zuten; eta, orotara, 100 lagun animatu ziren. «Ondoren beste batzuek ere interesa agertu dute, baina hurrengo urtera arte ezin izango dute parte hartu», esan du Jaione Arzamendik.
Danborradan edonork hartu dezake parte. Hain zuzen ere, Añorga, Egia eta beste auzoetako jendeaz gain, Kataluniako eta Galiziako lagun batzuk ere arituko dira danborra jotzen.
Jon Arzamendik espero du San Sebastian egunean dena ondo ateratzea, eguraldi ona egitea eta ondo pasatzea: «Entsegu asko egin ditugu, eta urduri egon arren, pozik eta ilusioz beteta gaude».
Gipuzkoako Industri Ingeniarien Elkargoaren danborradaren entsegu bat, Erdialdean duten egoitzan. (Argazkia: L. Ferreira)
Erdialdetik, berriz, lehen aldiz irtengo den danborradetako bat da Gipuzkoako Industri Ingeniarien Elkargoarena. Kontxako pasealekua, Askatasunaren hiribidea, Loiola kalea, San Martzial, Etxaide, Santa Katalina, Gipuzkoa plaza, Andia eta Zubietatik egingo dute ibilbidea. Hasiera eta amaiera elkargoan bertan finkatu dute.
Bultzatzaile nagusia 26 urteko Tania Herrador izan da: «Elkargoko kide garenok urtero egiten dugu afari bat. Iazkoan, batzuekin hitz egin eta elkargoak danborrada bat behar zuela aipatu genuen. Esan zidaten aurretik ere jende askok ideia bota izan zuela, baina azkenean ez zela inor prest agertu zerbait antolatzeko».
Bada, Herradorrek iniziatiba hartu eta proposamena prestatu zuen elkargoaren aurrean aurkezteko. «Kontseiluari proposatu nionean, osatzen duten kide guztiek berehala eman zidaten baiezkoa. Iazko maiatzean onartu zidaten ideia, eta aurten danborrada ateratzea zaila ikusten bazuten ere, lortu dugu», adierazi du ingeniariak.
Behin elkargoaren kontseiluaren onarpena lortuta, danborrada bat eratzeko behar zen guztia antolatzen hasi zen. Lehenik eta behin, batzorde bat sortzeko kide bila ibili zen, eta azkenean bost emakume ingeniari animatu ziren. Nahikari Cavero izan zen horietako bat: «Taniak proposamena egin zidanean, ez nuen zalantzarik izan».
Lantaldea astebururo biltzen saiatu da, pintxo baten bueltan dena antolatu eta lana banatzeko: jantziak, partaideak, hornitzaileak… Zereginik zailena ibilbidea prestatzea izan dela dio Herradorek: «Erdialdeko danborraden arduradunarekin bildu gara ibilbidea nolakoa izan daitekeen aztertzeko. Erdialdean 30 danborrada daudenez, zaila izan da».
Danborrada honen jantzietan urdin, gorri eta zuri koloreak izango dira nagusi, eta gisa, eta soldaduen bi jantzi desberdin izango dituzte: neskek jantziko dutena eta mutilena. Jantzian bertan denek eramango dute Gipuzkoako Industri Ingeniarien Elkargoaren armarria.
90 partaide
Guztira, 90 lagunek hartuko dute parte, eta antolatzen ibili diren bost neskek lehenengo ilaran egingo dute ibilbidea, «sari gisa». Elkargoan, ingeniari emakumeen kopurua %10 da; bada, danborradan lortu dute emakumeen presentzia hori areagotzea, %20ra arte. Adin tarteari dagokionez, berriz, unibertsitatetik atera berri diren ingeniariak zein jubilatutakoak daude: «Polita da adin desberdinetako jendea elkartzea».
Oraindik entsegu batzuk geratzen zaizkien arren, urtarrilaren 20a iristeko irrikaz daude: «Urduritasuna, gogoa eta ilusioa sentitzen dugu egunotan». Jantziak euria egiten duenerako egokitu dituzte, baina espero dute zaparradarik ez botatzea, eta jendeak ondo pasatzea. «Nahi duguna da danborrada berri honekin elkargoko kideak gustura egotea eta datorren urtean errepikatzeko gogoz egotea», amaitu du Caverok.