Aurten ere zezenketak izango dira Aste Nagusian
Atzeratu egingo da otsailerako aurreikusia zegoen zezenketen galdeketa. Donostiako alkate Eneko Goiak azaldu legez, datorren hilabetean egitekoa zen, baina Ministroen Kontseiluak hilabete eta erdi atzeratuko du galdeketa egiteko baimenaren erantzuna. “Kasurik txarrenean, martxora arte ez genuke erantzunik izango, eta, gainera, izanda ere, epe bat itxaron behar da galdeketa egiteko”.
Zaila ikusten du, beraz, galdeketa garaiz egitea. “Zezenketen etorkizuna hirian zein izango den erabakitzeko hiriaren iritzia ezagutu nahi dugu”. Bien bitartean, “jarduera hauetarako eskari bat egoten bada, hots, legezkoa dena, Udaletxeak epe jakin batean erantzun beharko du”. Halaber, zera azpimarratu du: “Erantzuna soilik ezezkoa izan daiteke galdeketak hala esaten badu, beste guztia iritzi ideologiko bat inposatzea litzateke, eta udalak legeak esaten duena betetzen du”.