Ofizialki desfilatzen duten danborradez harago, badira lagunartean eta modu inprobisatuan sortutako beste talde batzuk. Parte Zaharreko eta Antiguako binarekin izan da Irutxuloko Hitza.
Garai batean, Union Artesana danborradako kideak mozorrotu egiten ziren; irudian, txinatar mozorroekin. (Argazkia: Irutxuloko Hitza)
Danborradaren hastapenei erreparatuz gero, XIX. mendeko 30eko hamarkadara egin behar da jauzi. Mikel Legorburu historialariaren arabera, Donostiako Mota gazteluko soldaduek hiriko harresien inguruko zaintza egin behar zuten egunero, musikari eta danborrariz lagunduta: «Neguko inauteri garaian, herritar batzuk danbor hotsak imitatzen jardun omen zuten soldaduen atzetik. Burutazio hura aldi batzutan danborrada informala bezala errepikatu ondoren, jaietako ohitura bilakatu omen zen».
Festaren jatorri hori, hein batean, Parte Zaharreko lagun batzuek berreskuratu zuten duela urte batzuk: «Gure helburu nagusia ondo pasatzea da. Danborrada ofizialetan, orokorrean, seriotasun handia dago, eta horiei burla egiteko modu bat da; umoretik, betiere», azaldu du Jonpa Albisuk.
Parte Zaharreko lagun talde bat, Santa Maria elizaren ondoko eskulturari kantatzen. (Argazkia: Bono)
Parte Zaharrekoa eta auzoko hainbat lagun Arrano danborradan atera izan dira urte askotan zehar: «Baina adin batetik aurrera gauean ateratzea, bazkaria prestatzea… gehiegi zen». Horregatik, abenduaren 20an, bazkaldu ondoren, elkartzen hasi ziren, eta beste mota bateko danborrada sortu zuten. «Ez da alternatiboa, kuadrillartekoa baizik; horrelako asko daude. Baina ez dugu ezer antolatzen, oso inprobisatua da», azpimarratu du Albisuk.
Nahi bezala
Arratsaldean hasi eta gauera arte poteatzen egoten dira: «Bakoitza nahi duen bezala irteten da: batzuk, beste danborrada batzuetatik datoz jantzita; beste batzuk, berriz, gauza bitxiak eramaten dituzte beraiekin. Aulkiak, kapelak, komuneko eskuila… Denetarik egoten da. Gainera, ez goaz ilaratan; parte hartzea nahiko anarkikoa da. Txantxetan aritzen gara, eta oso ondo pasatzen dugu, auzoko giroan».
Giro horren barruan, pasarte bitxiak sortu izan direla dio Albisuk: «Santa Maria ondoan eskultura txuri berezi bat dago. Ba, norbaitek esan zuen arrautz frijitua izateko gorringoa falta zitzaiola. Gorringoa jarri, eta arrautzari kantatu genion».
Parte Zaharreko gazte kuadrilla bat, mozorrotuta. (Argazkia: Irutxuloko Hitza)
Horretaz gain, Union Artesanak bandera jaisten duenean, Ikatz kalera joaten dira, eta bertan beraiek ere beste bandera bat jaisten dute: «Urte batean hasi ginen, lagunartean, eta azkenaldian jendetza biltzen da».
Ibilbiderik, bozgoragailurik eta musikaririk ez dute. Abestiak danbor eta euren ahotsekin kantatzen dituzte. «Beste danborrada batzuk ikustea ondo dago, baina jaiaren onena parte hartzea da, eta gurea beste era bat da».
Jai giro horri jarraiki, Parte Zaharreko gazte batzuk ere modu bitxian ospatzen dute San Sebastian eguna. «Ideia Albisuren kuadrillarengandik hartu genuen, baina oso inprobisatua izan da beti dena. Danborrada alternatibo modukoa da», azaldu dute gazteek.
Mozorrotuta
Abenduaren 20a bera aprobetxatzeko, arratsaldea pasatzeko eta bandera jaitsierara iristeko modu ona iruditzen zitzaien lagunartean elkartzea: «Ondo pasatzeko beste modu bat da; ez dugu ezer pentsatzen, bakoitzak bere mozorroa janzten du eta kitto».
Albisurena bezala, euren ibilbideak ez du ordena bat: «Beste danborraden arabera mugitzen gara. Tokia baldin badago, bertara joaten gara, eta tabernetan ere sartzen gara. Ez dugu txarangarik, guk geuk abesten dugu».
Antiguako Arantzazuko auzuneko bizilagunak, San Sebastian eguna ospatzen. (Argazkia: Ainitze Blanco)
Urte batean, telebistako aurkezle batek Union Artesanako danborradarekin nahastu zituen: «Hor datoz Union Artesanakoak!, esan zuen. Konturatu zenean nahastu zela, Ah, ez, lagunarte bat da!, bota zuen barrez».
Parte Zaharrean ez ezik, Antiguan ere sansebastianak bizitzeko modu bereziak dituzte. Inaxio Zelarain eta bere kuadrillakoak hamabost urte baino gehiago daramatzate horrela. Hain zuzen ere, afaldu ondoren, lagunak kalera atera eta Benta Berri plazako oholtzara abiatzen dira.
«Urtetik urtera, toki desberdinetan afaltzen dugu, eta bertan egiten dugu gure bandera igoera, baina gero kalera ateratzen gara, bakoitzak nahi duen moduan jantzita. Nahiko anarkikoa da dena! Benta Berri plazan, 40 bat lagun elkartzera ere iritsi izan gara», azaldu du Zelarainek.
Azken urteotan, lagunartean festaz gozatzeaz gain, elementu berriak gehitu dituzte. «Gure lagun batek lan egiten du sandwichak prestatzen. Ba, urte batean, maionesa potoak ekarri zizkigun, eta taldeko batzuk pote horiek erabili zituzten danbor edo upel gisa. Lehenengo aldi horretan, beste lagun batek mantala batzuk egin zizkigun, tocapelotas izenburuarekin. Adarra jotzea eta zirikatzea asko gustatzen zaigu!», adierazi du barrez Antiguakoak.
Antiguako kuadrilla bat, afaltzen. (Argazkia: Inaxio Zelarain)
Antiguako Arantzazu auzunean, berriz, familiartean bizitzen dute San Sebastian eguna. «18 bat familia bizi gara bertan, eta betidanik egin dugu bizitza kalean, lehengusu eta abarrekin. Orduan, San Sebastian egunean, gure danborrada egiten dugu. Konstituzio plazaraino joan beharrean, Arantzazu auzunean bertan geratzen gara eta bandera eta guzti igotzen dugu. Familia handitzen joan den neurrian, jendea ere gehitzen joan da. Azken urteotan, 30 lagunetik gora elkartu izan gara», nabarmendu du Ainitze Blancok.
Hasieran, danborra bakarrik jotzen zuten, baina urte batetik bestera mantala, txanoa, jantzia… gehitzen joan dira: «Anplifikatzaile bat ere jartzen dugu, eta bost bat buelta ematen ditugu auzunetik. Gainera, Gabonetan jartzen ditugun argiak San Sebastian egunera arte luzatzen ditugu. Beraz, auzunea apainduta eta argiztatuta izaten dugu; kolore zuri eta urdinez, noski».