"Danborrada mistoa izateak ez du esan nahi parekidea denik"
Emeki-emeki berdintasunezko danborradarantz liburuan parte hartu zuen.
Nola ematen da tradizioen aldaketa festa giroan?
Tradizioa jendeak nahi duenean aldatzen da, Donostiaren kasuan emakumeek nahi izan zutenean. Ulertu behar dugu tradizioa ez dela hor dagoen zerbait, gizakiok sortzen dugun zerbait da; gizakiok egiten dugun zerbait.
Kresalako emakumeen nahiak aldatu zuen orduan.
Hori da. Kresalako emakumeek danborradan atera nahi zuten, eta beraiekin elkartean parte hartzen zuten gizonekin adostasuna lortuta danborradan ateratzea lortu zuten. Irunen antzeko zerbait gertatu zen, emakume batzuek indibidualki atera nahi zuten alardean; baina tradizioa aldatzeko garrantzitsua da gehiengoa alde izatea. Norberak gauza bat aldatu nahi izatea batzuetan ez da nahikoa. Gure jaiak eta erritoak sozialak dira, modu kolektiboan egiten ditugu.
Emakumeek danborradan parte hartzeko justifikazio historikoa bilatu zuten. Badago horretarako beharrik?
Emakumeok sarri gure parte hartzea justifikatzeko beharra sentitzen dugu. Hau da, askotan ez zaigu nahikoa iruditzen nahi izatea. Gainera tradizioaren inguruan dagoen pertzepzioa da tradizioa aldaezina, ukiezina eta sakratua dela; baina baloreak aldatzen dira, praktikak aldatzen dira, eta beraz, tradizioak ere aldatu egin behar du bizirauteko.
Hala ere, asko dira aldaketen beldur.
Bai, beti dago beldurraren faktorea. Maite dugu tradizioa eta gauzak ezagutzen ditugun bezala maite ditugu. Horrek badu balore bat, eta horregatik ez dugu aldatu nahi. Baina garrantzitsua da ulertzea tradizioak aldatzean ez duela galtzen, irabazi egiten duela.
Emakumeak festa tradizionaletan sartzeak sortu duen talka ez da berdina izan leku guztietan.
Faktore ezberdinak daude jokoan. Hemen emakumeek borrokatu bazuten ere, beste leku batzuetan baino errazagoa izan zela esaten da. Alde batetik, garaiko alkateak babesa eman zien. Ondoren, Odon Elorzak ere neurriak hartu zituen emakumeak danborrada guztietan presente egoteko. Donostian erakundeen babesa izan du, esaterako Irunen eta Hondarribian izan ez duena. Beste faktore bat prestigioarena da. Emakumeak festa eta dantza askotan sartu dira, prestigioa galdu dutenean. Bestalde, garaiak ere badu zerikusia, 80. hamarkada aldaketa garaia izan zen, frankoren diktadura ostea zelako, besteak beste. Orduan errazagoa izan zen. Irunen, esaterako, aldaketa 1996an gertatu zen eta garai horretako egoera zailagoa zen. Azkenik, festaren estrukturak ere badu garrantzia. Alardeen kasuan denak batera desfilatzen dute, eta beraz, denak jarri behar dira ados. Danborradak independenteagoak dira, eta nolabait egiturak ahalbidetzen du erritmo diferenteak egotea.
Uste duzu parekidea dela gaur egungo San Sebastian eguna?
Ikusten dut emeki-emeki doala. Egia da azken 20 urteetan gauza asko lortu direla, baina oraindik gauza asko daude aldatzeko. Danborradari buruzko ikerlanaren ondorio nagusi bat izan zen danborrada mistoa izateak ez duela esan nahi parekidea denik. Ikusi beharko genuke non dauden emakumeak, zein kargutan dauden, zein protagonismo daukaten. Jaiei begira jartzean askotan une eta ekitaldi garrantzitsuei begiratzen diegu; baina nor dago antolakuntzan? nor dago urtean zehar hartzen diren erabakietan?Eta noski, ezin dugu ahaztu erritoaren ondorengo parrandan dagoen indarkeria guztia. Hor oraindik asko dugu irabazteko. Zorionez mugimendu feminista lan oso ona egiten ari da.
EHUko irakaslea eta antropologoa da Maggie Bullen (Ingalaterra, 1964). Beatriz Moralek koordinatutako