Parte Zaharreko Euskal Billera elkarteak atera zuen haurren lehen danborrada konpainia, 1927an; San Sebastian Egunean, era berezian ospatuuko dute urtemuga.
Euskal Billerako Danbor Nagusiak izandako hainbat lagun batu ziren elkartean, joan den larunbatean. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Badira jada 90 urte Euskal Billerako haur danborrada lehen aldiz kalera irten zenetik. Hain zuzen, lehenengoz, 1927an desfilatu zuten Parte Zaharreko elkartekoek, Mauricio Etxaniz Papa Mauriren ekimenez. Haurrek osatutako hiriko lehen konpainia izan zen, eta konpainia bakarra izan zen, 1960 arte. Hurrengo urtean, ordea, 1961ean, ikastetxe batzuetako konpainiak batu zitzaizkion, eta urtez urte handitzen joan da, aurten parte hartuko duten 49 konpainiak osatu arte. Kontuak kontu, urtemugaren aitzakian, era berezian biziko dute aurtengo San Sebastian Eguna Euskal Billerakoek.
Batetik, elkartuko dituzte urte horietan guztietan elkarteko Danbor Nagusiak izan direnetako batzuk -40 inguru-; horrela, elkarrekin zuzenduko dituzte San Sebastian Martxa eta elkartearen ereserkia, bi aldiz. Parte Zaharreko elkartearen aurrean batuko dira, goizeko 3:00etan, helduen danborradaren irteeran; eta, ondoren, goizeko 9:00etan, haurren danborrada atera aurretik elkartuko dira berriro.
Bestetik, banderaren igoeran eta jaitsieran egongo dira elkarteko aurtengo Danbor Nagusia eta Urketari Nagusia, Konstituzioko plazan. Horrela, San Sebastian Martxa zuzenduko dute, Gaztelubide eta Union Artesana elkarteen gonbidapenei esker. Horretaz gain, banderaren jaitsieran, Donostiako Udalak gonbidatuta, ikurriña jaitsiko dute elkarteko ordezkariek.
Jaia prestatzeko, joan den asteburuan Euskal Billeraren egoitzan bertan elkartu ziren inoiz konpainiako Danbor Nagusi edo Urketari Nagusi postuan aritutako lagun batzuk. Aukera aprobetxatuz, beraitako birekin egon zen Irutxuloko Hitza: Lore Sola eta Jesus Maria Sanz.
Lore Sola Amarakoa da, eta, iaz, Euskal Billerako Urketari Nagusia izan zen: «Esperientzia oso polita izan zen; oraindik pozik gogoratzen dut». Sei urte zituenetik atera izan da elkarteko danborradan, urketari gisa, upela jotzen. Iaz izan zuen danborradan ateratzeko azken aukera, 13 urterekin, eta postu berria probatzeko aukera izan zuen: «Lagun asko egin ditut danborradan, eta batzuetan geratzen gara».
Elkartu zirenen artean, Jesus Maria Sanz zen beteranoena. Bera izan zen Danbor Nagusia 1959, 1960 eta 1961ean, aurretik danborraria izan ostean: «Oso oroitzapen politak ditut. Gainera, trantsizioa ezagutu nuen; lehen gu bakarrik ateratzen ginen, eta, 1961ean, Haur Danborrada hasi zen, eta hor ere ateratzen hasi ginen». Gogoan du lehen konpainia gutxiago zeudela, eta 13 urterekin uzten zutenean, ez zutela aukera adin horrekin beste danborrada batean ateratzeko. Gerora, bere alaba eta semea ere izan ziren Euskal Billerako kideak.
Orain kuadrillarekin bizi du San Sebastian Eguna. Amarako El Sauce elkartean biltzen dira kuadrillan afaltzeko. Aurten, gainera, Haur Danborradan ez du hutsik egingo, oraingoan, ordea, ikusle gisa. Izan ere, bere biloba bat aterako baita.
Haur Danborrada izaten da eguraldiagatik bertan behera gera daitekeen jarduera bakarra, eta bertan behera geratu izan da. Hala ere, Euskal Billerako haurrek sekula ez dute hutsik egiten, eta Haur Danborrada egiten ez bada ere, Parte Zaharreko kaleak alaitzen dituzte, euren danbor eta upel hotsekin. Haur danborradara joan aurretik, Gaztelubidera joan ohi dira, eta Konstituzio plazako oholtza eta Santa Maria eliza bisitatzen dituzte, urtero. Hala, San Sebastian Martxa eskaintzen dute mezaren ospakizunean.
Omenaldiak egingo dituzte
Ez da edonolakoa Euskal Billera elkartearen historia; Donostiako elkarte gastronomiko zaharrenetako bat da, 1901eko ekainaren 29an sortu zuen artisau talde batek, eta Parte Zaharrean du egoitza, 1940tik. Helduen danborrada izan du elkarteak 1905etik 1929ra, eta tarte luze baten ondoren, 1980. urtean berriro batu zen jaira.
Urtemugaren aitzakiarekin, elkarteak berak ere bere omenalditxoak egingo ditu, San Sebastian Egunean. Helduen danborrada irten baino minutu batzuk lehenago, omenaldi pare bat egingo dituzte. Zehazki, 25 urtez etengabe ateratzen diren danborkideei omenaldia egingo diete, eta, horrekin batera, Bixente Etxebarriaren senideei opari bat emango diete, orain gutxi hildako konpainiako kidea.
2017ko Urrezko Makilari dagokionean, Euskadiko Kirol Erakundeak elkarteari emango diote. Hiriaren alde doan lan egiten duen edozein pertsona ala erakunderen lana goraipatzen dute urtero, Urrezko Makilaren bidez: «Goi mailako txirrindularitza ekartzeaz aparte, Donostiako Klasikoan ematen diren irudiei esker, gure hiria nazioartean ezagutzera ematea lortu du». Horrela, San Sebastian bezperan ezin dutenez, ekainean egingo dute sari ematea, bazkari batean.