Ainitze Errasti, Ana Zirikiain eta Ainitze Blanco, Jakintza ikastolan. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Gaur egun guztiz ohikoa dirudien arren,
Haur Danborradaren araudiak ez zuen baimentzen neskak danbor edo upelak jotzen ateratzea, 1983a arte.
Jakintzako bosgarren mailako neska batzuek euren haserrea erakutsi zieten arduradunei 1982an, gelako mutilekin batera desfilatu nahi zutelako. Araudia aldatu zuten, baina beraientzat beranduegi izan zen. Neska haiek emakumeak dira egun: Sara Iturrioz, Leire Ozkaritz, Idoia Amas, Nora Lizartza, Miren Sorne Uranga, Josune Izagirre, Ainitze Errasti, Ana Zirikiain eta Ainitze Blanco. Azken hiruek bizitakoaren berri eman diote IRUTXULOKO HITZAri.
Nola bizi zenuten neskak danborradan ez ateratzea?
Ainitze Errasti (A. E.): Laugarren mailan ginela, danborrada ikustera joan ginen, urtero bezala, eta konturatu ginen neskak ari zirela desfilatzen, baina ezkutuan, araudiak ez zuelako baimentzen.
Ainitze Blanco (A. B.): Neskek ezin zuten atera, baina ikastola batzuek ezkutuan ateratzen zituzten. Jakintza ikastolak, ordea, araua errespetatzen zuen.
Nolatan bururatu zitzaizuen 10 urterekin Kultur eta Turismo Ekintzetxera joatea kexatzera?
Ana Zirikiain (A. Z.): Zuzendariarengana joan ginen, eta berak esan zigun araudia Kultur eta Turismo ekintzetxekoek jartzen zutela, beraz, hara joatea erabaki genuen. Gurasoei esan nien ikastolan bazkalduko nuela eta otarteko bat prestatzeko, baina ez nien kontatu zer egin behar genuen. Taxi bat hartu genuen gelako lau neskek, eta Erdialdera joan ginen.
A. E. : Sartu ginenean, lauak builaka hasi ginen, batera, eta zaharrenak hitz egin zezala esan ziguten. Batek kontatu zuen dena, eta Jakintzako zuzendariarekin hitz egingo zutela esan ziguten.
Eta gero?
A. Z. : Bueltan zuzendariari esan genion egin genuena, eta haserretu egin zen. Nik gauean gurasoei kontatu nien egin genuena, eta barre egin zuten.
Hurrengo urterako araudia aldatu zuten…
A. E. : Guk egindakoa laguntza bat izan zela uste dut. Dagoeneko ezkutuan neska batzuk ateratzen ari ziren, eta gauzak aldatzen ari ziren.
A. B. : Guk ez genuen ateratzeko aukerarik izan. Bosgarren mailako ikasleak ateratzen ziren Jakintzan, eta danborrak edo upelak soberan bazeuden, laugarren mailakoek izaten zuten aukera. Gu jada seigarren mailan ginen aldaketa egin zutenean.
A. Z. : Nik aukera izan nuen lehenengo mailan kantinera gisa ateratzeko, gutxienez.
Gerora danborradaren batean parte hartu duzue?
A. E. : Ni hamalau urterekin Antiguako Gazte Danborradan atera nintzen, Marrumakoan eta Santustenen ere bai, eta azken urteetan, Txirainen. Lehenengo urteko ilusio berarekin nabil. Gainera, nire seme-alabek Jakintzan ikasten dute, eta sekulako ilusioa egiten dit haiek danborradan ateratzeak.
A. B. : Ni ere Antiguako Gazte Danborradan atera nintzen, eta betidanik familiarekin bizitzen dut. Familiako danborrada partikularra egiten dugu, Antiguako Arantzazu auzoan.
A. Z. : Bere garaian ez ziguten utzi ateratzen, eta gerora ez naiz atera beste danborrada batean.
Pentsatu duzue nork jasoko duen saria?
A. B. : Argi izan dugu Errasti izango dela gure ordezkaria. Testua prestatu genuen, eta berak irakurriko du.