Eneko Goia: "Ez dago eraikina mantentzeko inolako aukerarik"
Groseko Mirakruz 19 eraikuntzaren inguruko tirabirak itxitzat jo ditu alkateak.
Sos Mirakruz 19 plataformako kideek astelehenean bertan egin zuten agerraldia udaletxean, eraikina “berebiziko arriskuan” dagoela salatuz. Plataformaren esanetan, udalak “ausarkeriarekin eta burugabekeriarekin” jokatu du, epaileak oraindik ez duelako erabakirik eman prozesu judizialean dauden bi demanden inguruan. Bestalde, plataformakoek diote Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzaren ondare sailak bere balioa aitortu ziola Mirakruz 19 eraikinari, duela hiru hilabete inguru.
Groseko Mirakruz 19 eraikinaren afera bukatutzat eman du Eneko Goia alkateak. Haren hitzetan, “Ez dago eraikina zutik mantentzeko inolako aukerarik”. Joan den astean jada eraikina hesitzeari ekin zioten hainbat langilek, eta badirudi botatzeari ekingo diotela epailearen baimena iritsi bezain laster. Izan ere, udalak eraikina botatzeko baimena eman zion eraikuntza enpresari astelehenean.
“Eraikuntzaren jabeek udalari botatzeko baimena eskatu zioten, eta geratu egin dute baimena epaitegiek, herritar plataformak aurkeztutako errekurtsoen bidez, hiru bider. Orain, udal gisa legea betetzea baino ez zaigu geratzen”, azaldu du Goiak. Eraikina botatzeko baimena eman ezean, udalak diru isun handi bat ordaindu beharko lieke jabeei, alkatearen hitzetan.