Otsailaren 3an jarraituko du Esteban Odriozola donostiarraren epaiketak
Loiolako Herri Harresian parte hartzeagatik auzipetu dute, Beñat Hach Embarek gaztearekin batera
“Herri harresia husten ari zirela ertzain bat lurrera erori eta ospitalera eraman behar izan zuten, eta momentu horretan Ertzaintzak gu biok atxilotzea erabaki zuen, autoritatearen aurkako atentatua leporatuta, ertzainekin kontaktu fisikorik ere izan ez genuen arren”, azaldu du atxilotuetako batek. Ertzain-etxean, baina, atentatu kargua kendu eta desobedientzia leporatu zieten bi atxilotuei, “halakorik gertatu ez zela ohartzean”.
Fiskalak zortzi hilabeteko espetxe zigorra eskatu du bi auzipetuentzat, desobedientzia eta erresistentzia leporatuta. Akusazio partikularrak, ordea, autoritatearen aurkako atentatua eta desobedientzia leporatzen dizkie, eta hiru urtera arteko espetxe zigorra zein 21.292 euroko kalte ordainak ordaintzea eskatzen ditu.