«Ezusteko ikaragarria izan da; jokoz kanpo harrapatu nau»
Idoia Txoperena youtuberraren larruan arrakasta handia lortu ondoren, telebistara eman du jauzia Nerea Arriolak (Gros, 1988), ‘Euskalduna naiz, eta zu?’ saiora. Euskaldunei buruzko bakarrizketak egiten ditu aktore donostiarrak.
Zurriola Antzerki Eskolan hasi zuen bidea, eta bertan hazi da aktore gisa. Azken urtean, ordea, ikus-entzunezkoen mundura egin du salto. Lehendabizi, Super Txope youtuberraren pertsonaiarekin, eta ondoren, Euskalduna naiz, eta zu? saioko Katixarekin. Arrakastak ustekabean harrapatu duela dio, baina pozik dago. Eta batez ere, ikasten jarraitzeko gogotsu dago.
Sare sozialak astindu ditu zure pertsonaiak, Idoia Txoperenak. Nolako esperientzia izan da?
Hiru Damatxokoek egin dute proiektu hau, Sorturentzako. Gazteei zuzendutako kanpaina bat egin nahi zuten, eta youtuber bat sortzea pentsatu zuten, gazteek kontsumitzen den zerbait delako. Errespetua eman zidan proiektuak, baina aurretik ere lan egin dut Hiru Damatxokoekin, eta gustatzen zait beraien umorea. Burua berotu zidatela ere esan behar dut [barrez].
Batez ere Euskal Herriko gazteengana iristea zen ideia nagusia. Gerturatu nahi ginen ezker abertzaletik aldendutako jendearengana, betiko militanteak izandako horiengana. Baina batez ere umoretik egin nahi zuten, geure buruaz barre egiteko.
Lantaldean egindako egitasmo bat izan dela nabarmendu izan duzu.
Bai. Bi egunetan grabatu genituen sei atalak, baina aurretik egindako lana handia izan da. Sortuko pare bat lagun, Hiru Damatxokoak eta youtuberretan aditua den Aiora Mujika elkartu ginen. Berak ezagutzen du youtuberren hizkuntza eta berak eman dio sinesgarritasuna honi guztiari. begira, orain bera ere hasi da youtuber gisa. Oso ondo egiten du! Azken batean, jendeak sinistu egin du ni youtuber bat nintzela, eta hori bilatzen genuen. Edizio lana zoragarria izan dela uste dut.
Ikustaldi pila bat izan dituzte bideoek, eta jende askoren jakin-mina piztu dute.
Ezusteko ikaragarria izan da eta jokoz kanpo harrapatu nau. Batzuek Donostian, giro batean ezaguna egin nintzen. Donostiako Piraten irrikitaldian Albako dukesarena egin nuenetik, duela bospasei urte. Nire ahizpa antolakuntzan zegoen, jendea behar zuten, eta azken momentuan dena prestatu behar izan nuen. Hiru Damatxokoak donostiarrak dira, ezagutzen ninduten, eta horrela hasi zen dena. Beraiek ireki dizkidate ateak liga honetara.
Batzuek bazekiten nor nintzen, beste batzuek ez… Esperientzia oso desberdina izan da niretzat, baina oso dibertigarria. Nik ez nuen uste horrenbesteko arrakasta izango zuenik, eta egoera berri honetara egokitu behar izan dut. Prentsa berehala hasi zen deika… Oro har, jaso ditugun kritikak oso onak izan dira. Uste dut jendeak gogoa zuela horrelako zerbait ikusteko. mezuaz harago, Idoia Txoperena oso dibertigarria da.
Gidoi ausartak egin dituzue.
Bai, ausartak eta kritikoak. Uste dut iritsi dela momentua geure buruaz barre egiteko. Egia da oreka bilatu behar dela, ezin duzu denetaz barre egin. Baina guk ez badugu geure buruaz barre egiten, zer egingo dute, besteek? Normalean besteek egiten dutenean ez da autentikoa izaten, eta ez gara identifikatuta sentitzen, guk geuk geure buruaz barre egiten dugunean, ordea, bai.
Nola eman zenituen lehen pausoak aktore gisa?
Donostiarra naiz, Grosen bizi izan naiz 22 urte bete arte. Zurriola ikastolako ikasle nintzen, eta bertan antzerki eskola bat dago. Mundu guztia bezala hasten den bezala hasi nintzen: ‘Kuadrillakoak hasi dira eta ni ere bai’. Normalean, urteak joan ahala, jendea antzerkia uzten hasten da. Nik jarraitu egin nuen 27 urterarte. Eta hori izan da nire eskola.
Antzerkia, beraz, garrantzitsua izan da zure bizitzan.
Bai. Antzerkia beti izan da oso presente nire bizitzan. Beti amateur gisa aritu naiz, eta beti, ondo pasatzeko helburuarekin. Espresatzeko, esperimentatzeko momentu bat da. Agertokia aukera polit bat da zu ez zaren norbait izateko, beste sentimendu batzuk bizitzeko. Erronkak jartzen zizkigun irakasleak eta horiei heltzen genien.
Donostiako Arte Eszenikoen Eskolan ari zara orain.
Astean hamalau bat ordu sartzen ditut. Nik desio batzuk ditut, interpretazioa nire bizitzaren erdia da, eta horretan ari naiz lanean. Egunero ditut eskolak. Zurriola eskolak dena eman dit, baina zerbait gehiago behar nuela sentitzen nuen. Adibidez, gorputza lantzen ari gara. Kostatzen zait, egia esan. Ni aurten jabetu naiz horretaz. Ez da forma kontua. Gakoa da sasoian egotea. Nik ez dut telebistako emakume zoragarri horien estiloa. Nik beste forma bat daukat, eta hori ere interesgarria da. Emakume lodi bat naiz, ez naiz estetikaren patroietan sartzen. Emakume euskaldun bat ikustea pantailan, edertasun patroiekin bat egiten ez duena… Gainera, ile motza dut. Ez naiz bereziki femeninoa. Baina,aizu, pertsonaia femenino bat egiteko esaten badidate, erronkari helduko diot.
Antzerkira itzuli nahi duzu?
Modu batean ala bestean antzerkia beti izango da nire bizitzaren parte. Beti dut gauza desberdinak probatzeko gogoa. Umorea asko gustatzen zait. Barre egiten asko disfrutatzen dut, terapiarik onena da. Beti ezin da baina nik irribarre errazekoa naiz. Egia esan dena gustatzen zait, eta gustatuko litzaidake dena egiteko gaitasuna izatea. Gauza berriak probatu eta ikasteko gogoa du. Umoretik asko ikasten da. Begira Aitziber Garmendia. Aktoresa dramatiko oso ona da. Umorearekin asoziatzen dugu baina denetan da trebea. Ezagunagoa da umoretik egin duena, baina niretzat aktore onenetakoa da. Nik dena egingo nuke. Nire bizitzan arriskatzen ez dudana, antzerkian arriskatzen dut.
Gozatzen ari al zara gauza berriekin?
Ikasten ari naiz. Beldurra sartzen zaizu, dudak azaltzen dira. Estilo batean enkasillatua izateko beldurra sartzen zaizu, jendea zurekin aspertzeko beldurra… Konturatu naiz zaindu behar duzula zeure burua, eta zure irudia.
Telebistan, Interneten bezala, youtuber baten paperean sartu zara.
Duela bi aste hasi gara. Asteazkenero, 22:15 inguruan dago ikusgai saioa. Euskal panoraman erreferente diren aktore bertsolari musikari kazetari askorengana jo dugu saioan . Euskaldunak euskaldunei buruz hitz egin, eta euskaldunei buruz barre egiteko espazio bat da.
Super Txope gustatu zitzaien eta eskaintza bat egin zidaten. Super Txoperena ez nuen egin nahi. Hura helburu batekin sortu zen, eta Youtuben uztearen aldekoa naiz. Agian da pertsonaiari errespetua diodalako. Kontua da formatua gustatu zitzaiela, eta orduan Katixa sortu genuela. Super Txope baino zakarragoa da, bihurriagoa. Ez da Txope bezain maitagarria. Eta hortxe gabiltza, bideotxoak egten. Beste erronka bat da. Gidoilaria Kepa Matxain da, Hiru Damatxokoa. Gustura nago.