Ohiana Gonzalez irakaslea eta Koro Gonzalez irakasle ohia eta ikastolako sortzailea. (Argazkia: Malen Aldalur)
‘Ikasbide, gure etorkizunaren trenbide’ lelopean 50. urteurrena ospatzen ari da aurten Ikasbide ikastola. Urtarrilean eman zioten hasiera urteurrenari eta ekainaren 3an egingo dute festa nagusia.
Ikasbide ikastolak 50 urte bete ditu aurten. 1967. urtean sortu zen ikastola Koro Gonzalez (1941, Gros) irakasle zela. Haurrak euskaraz heztea zuen helburu sortu berri zen Amara Berri auzoko ikastolak. “Gerra bukatu ostean debekatua zegoen hemen euskaraz ikastea eta jende asko hasi zen mugitzen eta antolatzen”, azaldu du Gonzalezek.
Gogoan du 1960an UNESCOk egindako adierazpen bat: “Haur guztiek dute beraien ama hizkuntzan ikasteko aukera”. Gertutik bizi zuen inguru hori Gonzalezek baina bera ez zen irakasle izateko prestatzen ari. “Donostiako eskola frantsean egin nituen ikasketak. Egun batean Don Joan apaizarekin topo egin nuen kalean, eta galdetu zidan ea nahi ote nuen Euskal Herriaren alde lan egin”. Gonzalezek azaldu du zur eta lur geratu zela. Ikastolako irakasle izatea proposatu zion, eta horrela hasi zen magisteritza ikasten eta Karmele Esnal irakasleari laguntzen Artzain Onaren plazan zegoen ikastolan: “Etxebizitza batean gela bat zuen alokatuta Karmelek, eta han irakasten zuen”.
Handik denbora batera esan zioten Amara Berrin ikastola bat ireki nahi zutela eta bera izango zela irakaslea: “Etxebizitza batean gela bat alokatu nahi nuen, baina denak ziren oso desegokiak; azkenean, esan zidaten Santo Tomas Lizeoa irekiko zutela Olazabal kalean eta gela bat utzi zidaten, 300 pezetaren truke”. 1960an Olazabal kalera joan ziren; une horretan 40 ume inguru zituen Gonzalezek bere gain: “Bertan egon ginen denbora batean baina gero eraikina handitu nahi zutela eta, alde egin behar izan genuen handik”.
Haurren gurasoekin hitz egin zuen orduan Gonzalezek, arazoari irtenbide bat aurkitzeko:?”Bilbao-Mitxelena familiak asko lagundu zigun leku berri bat topatzen, eta Baleazaleen kalera mugitu ginen”. Orduan 80 haur ziren dagoeneko, eta Gonzalezen ahizpa, Arantxa, hasi zen berarekin batera lanean. “Han ere ez ginen denbora asko egon, bizilagunak salaketa jarri zigun; badirudi ez zitzaiola gustatzen alboko etxean hainbeste haur egotea eta alde egin behar izan genuen”. Dena den, salaketaren ondoren etorri zen ikuskaritzako emakumeak euren arazoa ulertu zuela eta ikasturtea bertan bukatzen utzi zietela esan du Gonzalezek. “Berriro noraezean geratu ginen eta gurasoengana jo genuen. Asko lagundu izan gaituzte beti”, azaldu du.
Ikasbide kultur elkartea
“Gurasoetako bat abokatua zen eta elkarte bat sortzea proposatu zigun: Ikasbide kultur elkartea”. Horrela egin zuten. Gurasoak atez ate joan ziren Amara Berriko etxe guztietara bazkide bila.
Isabel II.aren etorbidean hartu zuten etxe bat 1967an; han sortu zen Ikasbide ikastola. Dena den, eraikina txukundu bitartean hilabete batzuetan Felipe IVaren kaleko eraikin batean egon ziren. Gonzalez bertan aritu zen lanean 1972ra arte eta ondoren utzi egin zuen: “Ideologia ezberdinen artean gatazka zegoen eta biek nahi zuten gailendu; azkenean ez nituen eskaini zizkidaten baldintzak onartu eta utzi egin nuen”. Hala egin zuten garaiko beste lau irakaslek ere. Dena den, ikastolak bere bidea jarraitu zuen eta harro begiratzen du Gonzalezek atzera: “Oso pozik nago guk hasi genuena honaino iritsi dela ikusita”.
Kristina Aranzeta irakaslea, eskuinean, 1974an jaiotako ikasleekin. Argazkia: (Ikasbide ikastola)
Gonzalezek Ikasbide ikastola utzi eta gutxira hasi zen bertan lanean Kristina Aranzeta (Amara, 1948). 1972tik 2013ra egon da Aranzeta Ikasbide ikastolan. Gonzalezi bezala Aranzetari ere leku batetik bestera ibiltzea egokitu zitzaion: “Hasieran Isabel IIaren etorbidean zegoen eraikinean zeuden ume guztiak; ondoren, lehenengo mailatik aurrera Txuri Urdineko egoitzara joaten ziren”.
1979. urtean joan ziren, hain zuzen ere, Lehen Hezkuntzakoak Txuri Urdineko lokaletara; eta taldeak gehitu zirenean, gela aurre fabrikatuetan ere ematen zituzten klaseak.
Ondoren, udalak Amezketa plazako eraikina utzi zien. Gero, Zorroaga gaineko Gurutze Gorriaren eraikinean egon ziren. Eta azkenik, 2011. urtean urte luzez aldarrikatutako behin betiko egoitza estreinatu zuten, Loiolako Erriberan. “Nomadak bezala ibiltzen ginen beti batetik bestera, eta azkenean, ezagutu nuen guretzat eraikin bat izango genuen eguna», azaldu du Aranzetak. Eraikin berrira pasa zirenean erretiroa hartzeko aukera izan bazuen ere, lanean jarraitzea erabaki zuela azaldu du: «Hainbeste urte eraikinaren zain eta nola utziko nuen bada?”.
Ikastola aurrera ateratzeko gurasoen konpromiso eta ilusioa nabarmendu ditu Aranzetak: “Niretzat lantoki bat baino askoz gehiago da Ikasbide; ni bertan hasi nintzen 24 urterekin lanean, gero nire alaba eta orain nire biloba dago bertan”.
Gauzak asko aldatu direla uste du; lehen Haur Hezkuntzan hiru irakasle soilik zeudela dio, eta orain bederatzi.
41 urtez aritu da Ikasbide ikastolan lanean eta oraindik Ikasbidek bere bizitzan oso presente jarraitzen duela dio: “Kuadrilla bat daukat garai horretako guraso eta sortzaileekin, aste honetan sagardotegi bat daukat beraiekin. Familia txiki baten modukoa da”. Erretiroa hartuta dago dagoeneko Aranzeta, baina oraindik bilobaren bila joaten da egunero Ikasbide ikastolara.
Eraikin berria
Zazpi urte beteko ditu aurten eraikin berriak, eta horietatik bat egin zuen bertan Aranzetak. Ohiana Gonzalezek (Intxaurrondo, 1984) berriz, zazpi urte daramatza Ikasbide ikastolan lanean.
Buru belarri dabiltza aurten 50. urteurrena ospatzen. Atzera begira jartzea besterik ez dago egoera asko aldatu dela ikusteko. Gaur egun 450 haur inguruk eta 42 irakaslek osatzen dute Ikasbide; dagoeneko haur gehienak Loiolatik eta Loiolako Erriberatik etortzen dira, gutxi dira Amara Berritik datozenak; eta eraikin dotorea lortu dute.
Badute zer ospatua ikastolako kideek eta horretarako hainbat jarduera antolatu dituzte ikastolako sortzaile eta irakasleak omentzeko, umeen parte hartzea sustatzeko, ikastola auzoaren parte izateko, eta nola ez, merezi bezalako festa egiteko. Urtarrilaren 19an San Sebastian egunarekin batera eman zioten hasiera jaiari eta ekainaren 3an egin nahi duten festa erraldoi batekin bukatuko dute urtea. Azaldu dute trena prest dagoela bidaiari gehiago hartzeko.
Egitaraua
Urtarrila: Hasierako jaialdia urtarrilaren 19an egin zuten, San Sebastian egunez; eta Ikasbide ikastolako sortzaile eta hasierako irakasleak omendu zituzten. Donostiako martxa jo zuten ikasleek; aurreskua dantzatu zuten; eta azkenik, eskerrak emateko testu bat ere irakurri zuten omenaldi gisa.
Otsaila: Denen artean urteurreneko logoa marraztuko dute ikastola sarrerako horma batean. Ikastolako haur batek egindako irudia da urteurreneko logoa.
Martxoa: Auzotarrentzat irekita egongo diren lau hitzaldi egingo dituzte, eta hauetan hiru gai landuko dira: Euskara, haurrei nola mugak jarri eta gatazkak nola kudeatu. Oraindik ez dute lekua zehaztu baina liburutegiren batean egingo dute.
Apirila: Abesti bat prestatzen ari dira Aitor Mendiluzeren hitzekin eta ikasle ohien musikarekin. Apirilean aurkeztuko dute.
Maiatza: 1967. urteko egunkari bat egingo dute ikastolako haurrek, horrela, garaiko gaien inguruan idaztea eta garaian auzoa eta ikastola nolakoak ziren ezagutzea da helburua.
Ekaina: Ekainaren 3an egin nahi dute itxiera festa; festa nagusia izango dena. 500 lagun inguru espero dituzte bazkaltzeko eta ikastolan bertan egingo dute. Ikasbide ikastolaren parte izan diren eta diren guztiak elkartu nahi dituzte bertan.