Zaporeak proiektuko kide eta boluntarioak, Denis Itxaso diputatuarekin, aldundian eskaini duten prentsaurrekoan. (Argazkia: Lide Ferreira)
Urte honetan zehar egindako lan guztia baloratu eta etorkizuneko erronkak ezagutzera emateko prentsaurrekoa egin dute gaur Zaporeak proiektuko kideek, hainbat boluntarioren babesarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatu Denis Itxasorekin batera. Azken honek azpimarratu du Gipuzkoa osoaren grina eta gogoaren isla izan dela Zaporeak proiektua: “Erronka humanitario bati aurre egin diote. Ez dute izan etxean geratzeko asmorik, eta laguntzera irten dira. Beraiei esker, elkartasuna ugaritu da eta jende anonimo askoren laguntza jaso dute”.
Iazko martxoan, erronka bat zehaztu zuten: sei hilabetez Chioseko errefuxiatuei jaten ematea. Azkenean, urtebetez egon dira lanean, egunean 1.300 errefuxiatuei jaten ematen, eta proiektuko kide Oraitz Garciak esan duen moduan, “denok lagundu diguzue gure ametsa egi bilakatzen”. Erakunde publiko eta enpresa pribatuen babesa nabarmendu dute, baina aipamen berezia egin diete urte osoan zehar parte hartu duten adin eta egoera guztietako 250 boluntarioei.
Izan ere, igandean boluntario horiekin guztiekin bildu ziren Zaporeak proiektuko kideak, “beraiei zor baitiegu ia dena, proiektuaren arima, eskuak eta bihotza dira”, eta denon artean erabaki zuten etorkizunerako bide berria. Hala, hurrengo pausoa Chiosetik Grezia osora zabaltzea izango da: “Laguntza behar duten errefuxiatu guztiengana iritsi nahi dugu”. Bi helburu izango ditu: elikagaiak eta materialak bidaltzea Greziako beste errefuxiatu zelaietara, eta gainontzeko zelaietan dauden proiektuekin lankidetzan aritu eta proiektu txiki berrien ezarpena aztertzea. Proiektu horretan lanean daude jada, eta lehen material eta elikagai bidalketak egin dituzte Atenaseko Elliniko errefuxiatu zelaira, Gipuzkoatik eta doan, Argitrans garraio enpresarekin duten hitzarmenari esker.
Chioseko sukaldearen azken otordua
Orain arte izandako sukaldeak igandean emango du bere azken otordua. Hain zuzen ere, Zaporeakekoek azaldu dutenez, Norwegian Refugge Councilek, irailetik proiektua laguntzen aritu den Norbegiako erakundeak, katering bat ezartzea erabaki du. “Hasieran, asmoa beste bat zen: greziarrek kudeatuko zuten gure sukaldea, errefuxiatuekin batera, gure izpiritua mantenduz, baina duela bi aste erabaki zuten plan hori bertan behera uztea eta kateringa ezartzea”, adierazi dute Zaporeak proiektuko kideek. Beraz, igandean utziko dio lan egiteari Zaporeak proiektuaren sukaldeak Chiosen. Sukalde horretako material gehiena Chiosen bertan geratuko da, baina, adibidez, Salonikara bidaliko dute garbigailua eta Atenaseko Hotel City Plazara bi hozkailu.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea