Bizikletan batetik bestera mugitzeko hiri erosoago bat nahi dute Kalapie txirrindulari elkarteak eta udalak. Bakoitza bere bidea egiten ari da Donostia bizikleten neurrira egokitzeko.
Urtez urte goraka doa hirian mugitzeko bizikleta aukeratzen duten herritarren kopurua. (Argazkia: Lide Ferreira)
Modu bat baino gehiago daude hirian barrena mugitzeko: autoa, autobusa, motoa, trena eta, nola ez, bizikleta. Azken urteetan gorakada handia izan du bizikletaren erabilerak Donostian. Gero eta gehiago dira egunerokoan leku batetik bestera joateko pedalei eragitea erabakitzen dutenak. 2015. urtean bataz beste egunean 19.591 joan-etorri egin zituzten bizikletan Bizikleten Behatokiaren txostenaren arabera; 2014an baino %9 gehiago.
Zerikusi zuzena izan dute hazkunde horretan bidegorrien edo bizikleta aparkalekuen ugaritzeak. Izan ere, azken zazpi urteetan areagotu egin da urtez urte bidaia kopurua. Gorka Hoyos Kalapie hiriko txirrindulari elkarteko kideak uste du gorakada nabarmena egon dela: “Datuak eta kaleak ikustea besterik ez dago bizikletaren gorakadaz ohartzeko”. Uste du euren lanak ere eduki duela zerikusirik gorakada horretan; izan ere, Kalapie elkarteak hainbat jarduera eta egitasmo egiten ditu Donostian bizikletaren erabilera ugaritzeko helburuarekin:?”Besteak beste, klima aldaketaren aurkako kanpainak, jendea eguraldi txarrarekin bizikletak erabiltzera bultzatzeko jarduerak, eta ikastaroak”.
Hoyosek uste du egoera gero eta hobea bada ere oraindik gauza asko daudela hirian egiteko: “Horregatik gabiltza gu atzetik uneoro”. Hobetzeko gauzen artean honakoak aipatu ditu:?”Bidegorriak sustatu, autoen abiadura gutxitu, 30 kilometro orduko abiadura duten lekuak areagotu; eta?segurtasuna bermatu aparkaleku seguruekin”. Uste du egiteko asko dagoela eskatzeko asko dagoelako. Une honetan bi egitasmo dituzte esku artean:? “Bata galdetegi bat da, Kopenhagen aspalditik egiten dute eta gure asmoa da galdetegi horretatik ahalik eta datu eta informazio zehatzena eskuratzea gero analisi on bat egin ahal izateko; eta bestetik, partikula kutsakorrak neurtzen ari gara hirian zehar, ondoren, hiriko lekurik kutsatuenak zeintzuk diren ikusteko”. Hoyosek azaldu du udalak horrelako azterketak egiten baditu ere, beraiek zehaztasun gehiagorekin egin nahi dituztela: “Ez ditugu bakarrik auzo kutsatuenak ezagutu nahi, kale kutsatuenak ere detektatu nahi ditugu”.
Galdetegiaren bitartez, berriz, Donostian dagoen bizikletaren kulturaren kalitatea kuantifikatu nahi dute. Galdera sortaren bitartez bizikleta erabiltzaileen iritzia jaso eta bizikletari ematen zaion erabilera ezagutu nahi dute. Hainbat arrazoi zerrendatu dituzte galdeketa egiteko: Hiritarren iritzia eta balorazioa ezagutzea, denboran zeharreko konparaketa eta ingurunearen ezagutza.
Aparkalekuen beharra
Bizilagunen kexa asko jasotzen dituztela azaldu du Hoyosek: “Bizilagunen eskari asko iristen zaizkigu eta guk udalari bideratzen dizkiogu”. Kexa horietako asko aparkalekuen inguruan izaten direla azaldu du Hoyosek.
Kalapie elkarteak uste du hirian ez daudela behar beste aparkaleku. (Argazkia: Malen Aldalur)
Aparkalekuen kopuruak, bizikletaren erabilerak bezala gora egin du urtez ute, gaur egun Donostian 7.000 plaza baino gehiago daude. “Parte Zaharreko bizilagunek, esaterako, askotan eskatzen dituzte aparkaleku estali eta seguruak”. Horren atzean arrazoi praktikoak daudela azaldu du Hoyosek: “Parte Zaharreko etxe askok ez dute igogailurik, eta gainera auzo horretan lapurreta asko egoten dira”. Egoera horren aurrean jende askok bizikleta erabiltzeari uzten diola uste du Hoyosek.
Aparkalekuei dagokionez berritasun bat iritsi da Atotxako autobus geltoki berriarekin batera; bizikletentzako aparkaleku estali eta segurua. 100 bizikleta ingururentzako gunea da eta, bertan, badaude gurpilak puzteko gailuak zein konponketetarako tresnak ere. Hoyosek uste du aurrerapauso bat direla halako aparkalekuak: “Pozgarria da bizikletentzako horrelako aparkaleku bat egin izana; orain jendeak erabiltzea falta da. Izan ere, badirudi ez duela jende askok erabiltzen”.
Bizikletaz, askoz hobe
Hoyos ziur dago bide egokia bizikletaren erabilera handitzea dela: “Denentzat da baliagarria”. 2015. urteko datuei erreparatuta, ikusten da ez dagoela genero ezberdintasun handirik hirian mugitzeko txirrindua erabiltzea aukeratzen dutenen artean: %42 da emakumezkoa eta %58 gizonezkoa. Hala ere, oraindik alde handiagatik gailentzen da Dbus udaleko garraio publikoa erabiltzen dutenen kopurua. 2015ean, 28 milioi bidaia baino gehiago mantendu ziren, 2014an baino % 1 gehiago.
110 bizikletarentzako aparkalekua ireki zuten otsailean Atotxako Autobus geltokian. (Argazkia: Malen Aldalur)
Hoyosek azaldu du arratsalde oso bat pasa ahal izango lukeela leku batetik bestera bizikletan mugitzearen abantailak zenbatzen: “Askatasun gehiago ematen du, ez daukazu ordutegirik;?azkarrago heldu zaitezke leku batetik bestera; arrazoi ekologiko nabarmenak daude, ez du kutsatzen; kirola egiteko balio du; eta merkea edo doakoa da”.
Kalapieko kideak ziur daude pixkanaka bidea egiten joan eta laster Donostia hobeto egongo dela bizikletaz mugitu ahal izateko. Horregatik hainbat egitasmo eta jarduera dituzte esku artean Kalapie elkarteko lagunek aurrera begira lanean jarraitzeko. Bestalde, herritarren eskakizunei erantzuten jarraituko dute:?”Mirakruz kalean edo Deustu inguruan bidegorria jartzeko eskaera asko ditugu, orokorrean erdialdeko bidegorria hobetzeko;?eta noski, baita auzoetakoak ere”.
Izan ere, Hoyosek azaldu du, oraindik ez dela nahikoa Donostiako bidegorri sarea. Txirrindularientzat bakarrik diren bideak bide sare osoaren % 63 dira; bizikletentzat eta oinezkoentzat diren bideak, % 12; eta bizikletentzat eta ibilgailu motordunentzat direnak, % 25. Azken tipologia hori pixkanaka areagotzen ari da, 30 kilometro ordukoko guneak jartzearekin batera; nahiz eta, hiriko txirrindulari elkartearen ustez, oraindik gehiago behar diren.
Giltzarrapoa, nahikoa ez
Eguneroko ogi bihurtu da bizikleten lapurreta Donostian. 2012tik 2015era gora egin du lapurretengatik jarritako salaketa kopuruak. 2015ean udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren datuen arabera 826 salaketa egon ziren bizikleten lapurretengatik.
Hoyosek azaldu du Kalapie elkarteak hainbat gomendio biltzen dituen txosten bat argitaratu zuela lapurretak saihesteko gomendioak biltzen: “Egia da hirian lapurreta asko egoten direla, batez ere auzo jakin batzuetan”. Uste du bizikleta erregistratzea garrantzitsua dela bizikleta berreskuratzeko.
Pilar Arana, Mugikortasun zinegotzia: “Bizikleta erregistratuta edukitzeak ikaragarri laguntzen du”
Azken urteetan gora egin du bizikletaren erabilerak. Nola kudeatu du hori udalak?
Bizikletaren gorakada geldiezina da, urtetik urtera %4 gehiago hazten da. Legealdi hasieratik jabetu ginen bizikletaren hazkunde horri nolabait aurre egin behar geniola; ez bakarrik bidegorrien kilometro kopurua handitzen, baita dagoeneko eginak dauden bidegorriak konpontzen ere. Bidegorri batzuk espaloietan egin dira, eta beste batzuetan autoek zailtzen dute bizikletan doazenen bidea. Bidegurutzeak hobetzeko eta espaloietatik bidegorriak kentzeko lanean ari gara; eta noski, baita bide gorria handitzeko ere. Esaterako, legealdi honetan Anoetako estadioa eta Loiolako Erribera lotuko dituen bidegorria eta Aieteko pasealekuko bide gorria egin nahi ditugu. Azken hau Morlansen egin nahi den igogailuarekin lotua dago, izan ere Morlans auzora ia hiriko edozein auzotatik iritsi zaitezke bizikletaz, gero igogailuan Aietera igo eta han bizikletaz jarraitzeko aukera egongo da. Bestalde, Añorga txikin egin dugu bidegorria eta autobus estazio inguruko hainbat lekutan ere bai.
30 kilometro orduko guneak areagotzeko eskatzen dute bizikleta erabiltzaileek. Baduzue horretarako asmorik?
Bai, ari gara halakoak lantzen. Gune asko daude donostian 30 kilometro orduko muga dutenak: Amaran, Antiguan eta Grosen, esaterako. Funtsezkoa da mota honetako bideak areagotzea; bizikletentzat oso erabilgarriak dira.
Zein da hiriko aparkalekuen egoera?
Hirian banatuta dauden ‘U’ formako aparkalekuak trasteleku moduan erabiltzen ditu jendeak. Bizikleta asko uzten dituzte bertan, eta ez dituzte gehiago jasotzen; hori arazo handi bat da. Bizikleta horiek kendu ahal izateko prozesu administratibo ikaragarri luze eta neketsu bat egin behar da, eta gainera, soilik kendu daitezke zaborretara botatzeko moduan daudenak;?esaterako, uhertuta edo gurpilik gabe. Bizikleta erregistratua edukitzeak ikaragarri laguntzen du horretan. Bestalde, egia da aparkaleku gehiago behar direla baina ez dauka konponbide errazik.
Beste aparkaleku mota bat egin duzue autobus geltoki berrian.
Aparkaleku berriak bi helburu nagusi ditu; intermodalitatea eta segurtasuna. Lana hiritik kanpo egiten duten hiritarrentzat edo lanera hirira datozenentzat pentsatua dago gehienbat, eta baita Egiako bizilagunentzat ere. Hilean sei euroren truke bizikleta toki seguru batean edukitzeko aukera eskaintzen du. Aparkalekuen sare bateko lehenengo pieza izan da hau.
Horrelako gehiago egin nahi dituzue?
Hori da asmoa. Hurrengo Eusko Tren geltokiko bizikleten aparkalekuarekin egin nahi genuke antzeko zerbait. Han ere ez dira bizikletak mugitzen, jendeak trasteleku bezala erabiltzen du eta hori aldatu nahi dugu. Dena den, badakigu ez dela lan erreza izango;?administratiboki nahiko konplikatua izango da. Espazio hori Euskal Trenbide Sarearena da eta horrek gauzak zailtzen ditu. Uste dut halakoak beharrezkoak direla, nahiz eta oraindik autobus geltoki berrikoa ez den nahi beste erabiltzen.
Aparkaleku seguruak aipatu dituzu. Bizikleten lapurretei aurre egiteko estrategia bat da?
Errealitate bat da bizikleta asko lapurtzen dituztela, eta aparkaleku seguruak aukera ona dira. Bestalde, beharrezkoa da bizikletak erregistratuta edukitzea. Jendeak mesfidantza du erregistratzeak kalteak ekarriko dizkiola pentsatutzen duelako. Baina hori ez da horrela. Jendea animatu beharko genuke bizikletak erregistratzera.
DBiziren aukera ere hor dago.
Pozik gaude bizikleta hauen bilakaerarekin, gero eta gehiago erabiltzen dira eta nik uste orain momentu egonkor baten daudela. Iazko datuei erreparatuta bizikleta bakoitza egunean sei aldiz erabili da. Hobetu daiteke, baina uste dut oso erabilera neurri ona dela.