Turismo masiboa salatu du Ernaik Groseko hotel batean egindako protestan
Argia aldizkariak azaldu duenez 30 lagun inguruk hartu zuten parte protestan eta hainbat pintaketa ere egin zituzten hotelaren kanpoaldean.
“Zuen turismoa, gure miseria” zioten pegatinak eskutan hotela okupatu zuten bost minutu inguruz. Bertan, nagusiki prekarietateaz mintzatu ziren: “Donostian, urtez urte turisten inbasio geroz eta handiagoa sufritzen ari gara. Geure kaleak kameradun kolonoz betetzen ari dira; handik eta hemendik paseatzen, terraza erraldoietan geroz eta garestiagoa den kafea hartzen, pintxo barra amaigabeetan sabelak betetzen… eta gu bitartean, barraren atzean gaude. 12 orduz lanean jarraian, beltzean kobratzen, jai egunik gabe, kontraturik gabe… edozein baldintzatan! Enpresari eta nagusiek geure kontura poltsikoak betetzen dituzten bitartean, gu geroz eta esplotatuago gaude. Horra hor susperraldi ekonomikoa!”, azaldu dute.
Salatu dute hiria hotel eta apartamentu turistikoz betetzen ari direla: “Zuen turismoa, gure miseria da! Gutxi batzuen interesen alde, Donostia turistentzako makro-konpleju bihurtzen ari zarete. Gure lan-indarraren kontura gutxi batzuen poltsikoak betetzen”.
Azaldu dute “prekarizatzen eta esplotatzen” jarraitzen dituen turismoaren aurka egiten jarraituko dutela.
Turismo masiboa salatzeko protesta egin zuen Ernaik maiatzaren 1ean Gros auzoan dagoen Arrizul hotelean.