Ezer espero gabe
Eguneko planetan sartzen ez zen azken orduko proposamen zoro bat jaso nuen joan den hilabetean; gaua zen, eta afari goxo baten ideia buruan bueltaka nuela nindoan etxeruntz, asteko neke guztiak gorputzean sentituz. Merezitako deskantsurako bidean nintzela, mezu bat jaso nuen, Dokan eskaintzen ari ziren kontzertu batera joateko gonbitarekin.
Taldeak Pajaro Sunrise zuen izena; aurretik sekula entzun gabea nuen izen hori. Ordurako ordubetera iristear zen kontzertua, eta planak ez zirudien oso tentagarria; etxean zain nuen pizzak ordea, lamia baten doinu gozoekin deitzen ninduen. Dena kontra izanda ere, hurbiltzea erabaki nuen.
Aretoa erabat ilun zegoen arren, ikusten zen gutxi zirela zitara hurbildutako katuak. Baina berokia kendu eta lagunak topatu bezain laster, haien zirrara aurpegiekin egin nuen topo; zelako kontzertu puska! Beharbada hori esatea gehiegizkoa zen, baina bertaratutako guztiek irribarrez begiratzen zieten eszenatokiko musikariei. Pajaro Sunriseko laukoteak dena eman zuen, nahiz eta, hau esan beharra dago, bertan ginenok dantzarako trebezia handirik ez erakutsi. Bertan ginenokin hitz eginez eta izerdi patsetan amaituz, eskatutako abesti guztiak jo zituzten, gabe gelditu arte. Azken abestian, Yuri Mendez abeslaria bakarrik igo zen taula gainera, eta denok mutu utzi gintuen abesti bat oparitu zigun.
Espero gabe, ezkutuko altxor bat aurkitu duzun sentsazioarekin utzi ninduen azken abesti horrek. Talde baten doinuekin konexio berezi bat sentitu gabea nintzen aspaldi; halako momentu intimo eta errepikaezina ezin da Spotifyn edo Youtuben topatu. Erabat ahazturik nuen afaria. Une horretan, duela gutxi abeslari batek esandakoa etorri zitzaidan burura; dagoeneko jendeak ez ditu musika talde berriak bilatzen, nahikoa dute beren gailuetan hurrengo abestiari eman, eta erreprodukzio ilarara iritsitako abesti berria entzungo dute.
Une berezi hark eragindako aztoramena gorputzean sentituz atera ginen Dokatik, gau arrunt horretan bizitakoarekin eskertuta. Ezer espero ezin daitekeen proposamen gehiagori baiezkoa ematen hasiko naiz.