Antiguako Matia kalea oinezkoentzat izango da aurrerantzean igande eta jaiegunetan.Udalak azaldu du hiriko kale gehiago ere bihurtu nahi dituztela oinezkoentzat.
Oinezkoentzat izango da Matia kalea igandetik aurrera. (Argazkia: Malen Aldalur)
Asteko edozein egunetan Antiguako Matia kalera gerturatuta hainbat auto ikusten dira alderik alde. Saltokiz eta tabernaz lepo dago, eta, bizilagun ugari hurbiltzen dira erosketak egitera edo tabernetara. Igande honetan ez da autorik ibiliko Antiguako Matia kalean; eta hala gertatuko da aurrerantzean ere, igande eta jaiegunetan 08:00etatik 20:00etara. Joan den hilean eman zuen udalak aldaketaren berri, eta bizilagunekin bilera informatiboa egin ondoren, igande honetan itxiko dute lehen aldiz kalea autoentzako.
Dena den, kale horretan garajeak dituzten bizilagunek izango dute sartzeko aukera eta alboko kaleetatik gurutzatzekoa ere egongo da. Egunean zehar kalea oinezkoentzat izateak aldaketak ekarriko ditu Dbuseko autobus zerbitzuetan; igandeetan, 5-Benta Berri autobusa ez da Matia kaletik pasako 7:20etik 20:00etara. Autobusak Zumalakarregi hiribidetik joan Europa Plazaraino eta Elias Salaberria kalean bira egingo dute ohiko ibilbidea berreskuratzeko.
Pozik hartu dute albistea hainbat herritarrek, gehiago eskatzen dute beste batzuek, eta bada zentzu handiegirik ikusten ez dionik ere. Tabernariak oro har gustura daude udalak hartu duen erabakiarekin, edo hala azaldu du behintzat Alaitz Mujika Platero tabernako langileak:?«Tabernariak gustura gaude, denontzat onuragarria izango da; ez langile bezala bakarrik, gu inguruko denda eta tabernetan kontsumitzaile ere bagara, eta hoberako izango da». Uste du Matia kalea oso estua eta txikia geratzen dela autoak daudenean, eta, umeentzat arriskutsua izan daitekeela.
Bat dator Aitzol Irazusta ere, alboko tabernan egiten du lana, Triku Harrin: “Logikoa da hartu duten erabakia, eta uste dut denbora kontua izango dela gainerako egunetan ere oinezkoentzat izatea”. Irazustak uste du Matia Kalea oinezkoentzat izan beharko litzatekeela beti: “Parte Zaharrean bezala izan beharko litzateke, lehen orduan banatzaileak edo bestelako beharrak dituztenak sartzeko aukera eskaini, baina hortik aurrera oinezkoentzat”. Hirugarren tabernaria ere bat dator aurreko biekin, Danena tabernako Saioa Martinezek pozik dago berriarekin: “Oso ondo iruditzen zait erabakia, eta gainerakoetan ere hala balitz, hobe”.
Dena den, bizilagun batzuk ez dute hain argi ikusten. “Igandeetan Matia kalea Donostiako kalerik tristeena da. Ez da inor egoten”, azaldu du Luis Izagirre Antiguako bizilagunak. Gaineratu du berari ez zaiola ez ondo ez gaizki iruditzen baina ez duela beharrik ikusten. Bat dator Mari Carmen Galparsoro bizilaguna ere: “Kalean inor ez dagoenean ez dakit zein behar dagoen autoak kentzeko”. Ez du ulertzen zergatik egin nahi duten, baina tabernarientzat onuragarria izango bada, ez du begi txarrez ikusten.
Joan den hilean bizilagunekin bildu ziren udal ordezkariak egitasmoa ezagutzera eman eta herritarren iritzia jasotzeko asmoz. Pilar Arana Mugikortasun zinegotziak azaldu du bileraren balorazio ona egiten duela: “Iritziak emateko aukera izan zuten eta aldekoak eta aurkakoak jaso genituen”.
Aranak uste du normala dela hasieran aldaketei beldurra edukitzea baina ziur dago auzotarrentzat esperientzia positiboa izango dela. Horregatik, udalak antzeko neurriak hartu nahi ditu hiriko beste leku batzuetan ere.
Festa bat egingo dute
Igandean Matia kalea oinezkoentzat izango dela ospatzeko Antigua Berdea izeneko ongietorri jaia antolatu dute. Igandean, goiz osoan zehar merkatua egingo dute eta hainbat postu egongo dira: sortzaile eta diseinatzaileen postuak; bigarren eskuko postuak; produktu ekologiko eta naturalen postuak; eta auzotarren bigarren eskuko merkatu txikia. Gainera, Matia kaleko ostalariek terrazak aterako dituzte kalera eta dendek ere beraien produktuak kalean saltzeko aukera izango dute.
Horrez gain, 10:00etatik 11:00etara 17.zenbakiko zebra-bidean Musikeneren Jazz Combo Laukotearen kontzertua egongo da. 11:00etatik 12:00etara haurrentzako jolasak egingo dituzte. 11:30etik 13:00etara Ekintza abesbatza Benta Berri plazatik abiatuko da eta kalearen hainbat puntutan ohiko abestiak abestuko ditu; gauza bera egingo du Lindy Hop taldeak 12:00etatik 14:00etara eta EuskOrleansek 12:30etik 14:30era.
Maiatzaren 14an jarraituko dute ospakizunarekin eta, bertan, Musikeneren Saxoen Laukoteak, Antiguako abesbatzak eta Rockalean-ek hartuko dute parte. Bestalde, herri dantzez gozatzeko aukera ere egongo da.