Hogei urteko ibilbidearen ostean, hockeya utziko du Maite Azkoagak; ongi pentsatuta hartu du erabakia, eta denboraldia irribarretsu agurtuko du, indartsu baitago oraindik.
Maite Azkoaga; Realeko belar hockey taldeko jokalaria.
(Argazkia: Estitxu Zabala)
Azken txanpan sartu da Maite Azkoaga (Bera Bera, 1981). Hockeyari eskaini dio orain arteko bizitza, eta azken zazpi urteetan kapitaina izan da Realean. Burua nekatu zaiola eta, erretiroa hartuko du denboraldia bukatzean. Liga erregularra bosgarren postuan itxi berri dute. Ondorioz, txuri-urdinek playoffa etxetik kanpo jokatuko dute, datorren asteburuan, Egararen aurka.
Santo Tomas Lizeoan hasi zinen hockeyan jokatzen. Zein oroitzapen duzu?
Kirola aukeratu behar genuenean, bosgarren mailan, futbola aukeratu nuen, eta urtebete egin nuen atezain postuan. Lagunak hockeyan zebiltzan eta anaia ere bai, Bera Berako zelaiaren ondoan bizi nintzen… eta azkenean, hurrengo ikasturtean, hockeyan hasi nintzen ni ere.
Realean pixkanaka sartu zinen, eta lehenengo minutuak jokalari faltagatik egin zenituen, ezta?
Ez naiz oso ondo gogoratzen. Badakit 3. DBHn nengoela, eta Kopa jokatzen ari zirela. Suposatzen dut jokalari falta izango zutela, bai, eta gogoratzen naiz aste batetik bestera deitu zidatela joateko. Deportivo Terrassaren aurka izan zen, euren etxean, eta uste dut galdu egin genuela, baina ez nago ziur.
Ondoren, taldearekin entrenatzen hasi nintzen, baina ez nuen haiekin jokatzen. Hurrengo denboraldian, 17 urterekin, Realean sartu nintzen, nahiz eta jubenila izan eta Lizeoa izan nire taldea.
Hasiera hura gogoan duzu?
Ez nintzen kontziente. Jubenila nintzela, pixkanaka sartzen hasi nintzen, eta ez nuen buruan zenbat partida edo zenbat urtez jokatuko nuen. Momentuak bizitu ditut, eta hasieran, oso onak ere bai. Lehenengo talde hura liga asko jarraian irabaztetik zetorren, selekzioan zebiltzan jokalari asko zeuden, olinpiar jokoetan parte hartu zutenak, eta, haiekin jokatzeak asko eman zidan.
Konturatzerako hogei urte egin dituzu taldean.
Bai… gakoa da urtez urte joatea eta ez pentsatzea zer datorren. Lagunek batzutan galdetzen zidaten ea denboraldi aurrean edo euria egiten zuenean gogoa nuen entrenatzera joateko, eta nik beti berdin erantzuten nien. ‘Entrenatzera joateko asko pentsatu behar dudan egunean, utzi egingo dut’. Ez baduzu pentsatzen da erraz egiten duzulako, eta gogoarekin.
Zein momentu gordeko duzu buruan bereziki?
Kirolean, 2013an liga irabazi genuenean. Uste dut azken urteetan taldean egon garenok gehien sentitu duguna izan dela. Denbora asko generaman bigarren postuan, beti talde beraren aurka galtzen bai ligan eta bai kopan, eta, azkenean, liga irabaztea lortu genuen, eta, gainera, etxean, gure zale guztien aurrean. Hala ere, emaitzak garrantzitsuak dira, baina, gehiago bidean topatutako jendea.
Izandako ibilbidean, taldean aldaketak ezagutuko zenituen.
Hockeyak eta kirolak, orokorrean, irakasten dizu portatzen momentu eta leku desberdinetan, hainbat pertsonekin. Taldera iritsi nintzenean, gazteena nintzen, eta helduekin asko ikasi nuen. Helduagoa egin naizen heinean, gazteek eman didate beste ikuspuntu bat bizitzari buruz.
Zaleak eta taldearen oihartzuna igo dira urte horietan?
Orokorrean, emakumeen kirolari, gutxinaka, kasu gehiago egiten zaio gizartean. Oraindik, pauso asko daude emateko, alde handia dagoelako, batetik, emakumeen eta gizonezkoen kirolaren artean, eta, bestetik, futbola eta gainontzeko kirol guztien artean. Aldatzea denen lana da, eta komunikabideetan ateratzen garenean, jendea gutaz kezkatzen da.
Emakumeen gainontzeko kirol taldeekin zein harreman duzue?
Jokalariak ezagutzen gara, hainbat lekutan kointziditu dugulako. Realeko futbolekoekin badugu harremana; saskibaloiko IDK-ko baten bat ezaguna dut;?eta Bera Berako eskubaloikoekin gehiagotan elkartu gara. Liga irabazi genuenean, beraiek ere irabazi zuten lehen aldiz, eta elkarrekin izan genituen harrera batzuk. Kirolariei kirola gustatzen zaigu, eta besteak jarraitzen dituzu.
Lehen omenaldia jaso duzu etxean.
Bai, oso polita izan zen. Partida bukatzear zegoela, gelditu eta aldatu egin ziren. Partida bukatzean, taldekide batek begiak itxi zizkidan eta, bitartean, jende pila bat agertu zen: mutilen taldea, jokalari ohiak, gaztetxoak, bigarren taldekoak… denek bidea egin zidaten stick-ak arku moduan jarrita eta oso polita izan zen. Taldekideek, taldekide ohiek eta kuadrillakoek aurrezkua dantzatu zidaten, amak zapi bat jarri zidan eta bukaeran denek elkarrekin abestu egin zidaten.
Oraindik, hala ere, aurten partida gehiago jokatuko dituzue.
Bai,
play offerako sailkatuak gaude, lehenengo zortzietan sartzeagatik. Joan-etorrikoak izaten dira play offeko partidak, baina ondoen sailkatutakoen etxean. Onenek final four-a jokatuko dute maiatzaren 13-14ko asteburuan, Terrassan, final aurrekoa eta finala, eta hor sartzea da gure helburua.
Liga eskuragarri ikusten duzue?
Oso zaila dago. Club de Campok tarte handia ateratzen die gainontzeko taldeei, eta Junior eta Complutense ere pauso bat goitik dabiltza. Halere, edozer gerta daiteke partida horietan, aurreko norgehiagokak parekatuak izan dira eta.
Nola utziko duzu taldea?
Harrobia badago. Iaz gure txikiek haur mailako final fourra jokatu zuten gurekin batera, eta irabazi egin zuten. Sekulakoa izan zen. Hori bai, zelai batekin bakarrik ez dugu ezer egiten, eta urteak daramatzagu beste baten atzetik. Gure taldea oso gaztea da, eta orain beraiek eraman beharko dute taldea. Azken urteetan aldaketa asko egon dira, eta gazteak badatoz, baina berritzea kostatzen da. Bide onean uzten dut taldea.
Erabakia hartzea gogorra izango zen…
Erraza ez da izan, urte asko dira eta. Gutxinaka joan naiz pentsatzen. Gero eta gehiago kostatzen zait egunerokoa eramatea; lanetik atera eta entrenatzera joan, bidaiak… gauza asko dira. Badakit fisikoki beste urtebetez ondo ibiltzeko gai naizela, baina zelaian ongi sentitzeko, sakrifizio handia egin behar da, eta buruak nahikoa dela esan dit.
Oraingo taldekideekin harremana izaten jarraituko dut, eta etxeko partidetan harmailetan egongo naiz, gainontzeko jokalari ohiekin. Kirola egiten jarraituko dut, beste era batera, eta gauza txikietaz gozatuko dut.