Donostia bizitoki duten zenbait emakume musikarik euren esperientziak trukatzeari ekin diote, erantzun, zapalkuntza eta helburuak elkarrekin aztertzeko. Horietako bi dira Onintza Rojas eta Olatz Salvador.
Emakumeek musika munduan duten rolaz aritzeko sortu duten taldeko kideak dira Olatz Salvador eta Onintza Rojas. (Argazkia: Ana Iruretagoyena)
Euskal Herrian, emakume musikarien –eta identitate ez hegemonikoen- ikusgarritasuna txikia da eta, orohar, feminista izatetik urrun dabil. Jardunaren gune nagusi Donostia duten zenbait emakume musikarik euren esperientziak partekatzeari ekin diote. Onintza Rojas (Gros, 1991) Koban taldeko trikitilaria eta abeslaria da, eta Olatz Salvador (Amara Berri, 1990) Skakeitan taldeko teklatu-jole eta korista, bakarkako proiektua ere martxan du, bere izen-abizenez ezaguna; bi musikariekin hitz egin dugu: hausnarketaren ibilbidea hastapenetan dagoelarik, musika eszenak egun hartutako bidearen inguruan kontraesanak eta zalantzak dituzte nagusi; kritikak eta proposamenak ere bai, noski.
Esperientziak partekatzeko beharraz ohartu ziren bi musikariak ‘Gazte Eraiki’ topaketen testuinguruan. Rojasen arabera, agerian geratu zen eszena parekideaz gizonezkoek duten ideiaren oinarrizkotasuna: “Eurek aipatzen zuten eszenatokian neska gehiago egon behar direla, hori bermatuko duten taldeak ekartzea… eta guk beste maila batean ikusten genuen: plano askoz sakonagoa, pertsonalagoa; eszena parekide bat sortzea guretzat ez dela soilik kopuru kontu bat». Salvadorrek zehazten du «sortzen den giroa, zabaltzen diren mezuak eta publikoan sortzen duzun ingurua” direla kontuan hartu beharrekoak eszena parekidea definitzerako orduan, bisuala den portzentajetik haratago. Abiapuntu horretatik ekin zioten elkarrekin hitz egin eta hausnarketak emakume musikarien artean partekatzeari.
Leku arrotzean tokia hartzen
Espazio publikoa hartzean, emakumeei exijitzen zaiena gizonei eskatzen zaienetik urrun dagoela bat datoz: “Gauza pila bat bete behar dituzu, gizonek ez dituztenak bete behar eszenatokian: ondo kantatu behar duzu, eder egon behar duzu, sentsual baina mugarik pasa gabe. Gizonezkoen kasuan, ez zaio garrantziarik ematen bere itxura fisikoari, gaizki abestu dezake; baina egiten duen show-ak funtzionatzen badu, hor dago” dio Rojasek. Salvadorren arabera, gizon protagonisten artean normalizatuta dauden jarrerak pentsaezinak dira emakumeak oholtzaratzean: “Kamisetarik gabe, garagardo botila batekin masturbazioa antzezten, erabat mozkortuta…”.
Backstagean ere, pertsonalaren gehiengoa eta giroa maskulinoegia dela salatzen dute, eta emakumeek jasotako hezkuntzak ez du laguntzen horri aurre egiteko, dio Rojasek: “Konplexuak azaleratzen dira, bueltak ematen dizkiogu besteak gutaz pentsatuko duenari, moderatuak gara”. Salvadorrek berriz, jarrera maskulinoekin jokatu behar izan du maiz, gehiago errespeta zezaten: “Batzuetan, zure burua ikusten duzu normalean baino tinkoago eta zakarrago jokatzen, besteengandik errespetua eta beharrezko minimoak bermatzeko, modu inkontziente batean gehienetan”.
Zein erreferentzia nahi dugu?
Eszenatokian emakumeen erreferentzia falta nabarmena dela eta emakumeen presentzia areagotu behar dela uste dute biek; baina genero ikuspegiari ematen zaion tratamenduarekin ez daude pozik. Rojasek dio Kobani etengabe deitzen diotela kontzertuetarako, soilik emakumeak bilatzen dituztelako, eta musika bigarren plano batean uzten dela horrela: “Denbora guztian azpimarratzen bada ‘deitzen zaituztegu neska taldeak bilatzen ari garelako’, gure identitatea baloratzen da, neska izatea; eta ez da balioan jartzen egiten duguna: musika. Neskak gara, bai, baina berdin zaizu ze estilotan? Edo gustatzen zaizu gure musika? Zeren guk elektroswing jotzen dugu”. Salvadorri ere gertatu zaizkio antzekoak, eta kontraesanak sortzen dizkio: “Horrek ez digu fabore egiten musikari bezala, zeren eta hor ez da baloratu musika. Baloratu da emakume bat egotea eszenatokian”. Eta gehitzen du, genero ikuspegia ez dela ondo txertatzen, modu transbertsalean, beste kategoria bat balitz bezala baizik: “Badirudi badirela rocka, metala, reggaea, salsa, swinga… eta emakumeak. Beste genero bat balitz bezala”.
(Ilustratzailea: Izas Arzuaga)
Rojasen arabera, emakumeak oholtzan egotea bermatu behar da, baina sortzen dutena baloratuz: “Erreferenteak behar ditugu, baina sortzen dutena baloratzen ez badugu, euren gaitasuna gutxiesten ari gara, eta portzentaje batekin konformatzen, eta hortik haratago doa ‘eszena parekidea’. Ezin dugu eszena parekideaz hitz egin eszenatokietan talde ‘matxiruloak’ ditugun bitartean, tamalez nahi baino ohikoagoa baita parekidetasun kupoa beteko duen emakumez osatutako talde bat ekarri eta horren ostean jarrera edo letra matxistak dituen talde bat jartzea”. Portzentaje batek arazoa ez duela konpontzen iritzi dio: “Konpontzen dena da erreferentzia. Baina arazoa, errotik, ez. Partxe bat da”.
Arazoa errotik nola konpondu behar litzatekeen galdetuta, formula magikorik ez dute, baina Rojasek dio jaialdien formatua pentsatu behar dela: “Zertarako pentsatu den jaialdi hori eta ze giro egoteko”.
Programatzaileek genero ikuspegia kontutan hartzearen garrantzia ere aipatzen dute, batik bat, matxismoa erreproduzitzen duten inertziekin amaitzeko. Salvadorren arabera, programatzaileek maila ekonomikoan pentsatzen dute, termino kapitalistetan: “Ze taldek daukate arrakasta? Horiek programatzen dituzte. Kontua da taldeen %95 direla gizonak. Eta panorama erreproduzitzen da”.
Biek ere, parekidetasuna gizon-emakume dikotomiatik irtenda pentsatu behar dela nabarmentzen dute. Gorputz, identitate eta mezu ez hegemonikoek hartu behar dute espazioa, Salvadorren arabera: “Zenbat talde ezagutzen ditugu, Euskal Herriko panorama musikalean, partaide guztiak gizonak izanda ere, maskulinitate ez hegemoniko bat errepresentatzen dutenak? Niri bakarra okurritzen zait: Doctor deseo. Hori bada feministagoa, beste talde asko baino”.
Bestalde, eszena parekidea izatea zailtzen du, baita, industria musikala kapitalismoari lotuta egoteak ere, Rojasen arabera: “Industria musikalak espero du talde batek diskoa segituan sortzea, promoa egin, kontzertuak astebururo… eta hori ez da jasangarria bizi nahi dugun bizitza ereduarekin. Horrek eramaten zaitu produktiboa izatera, eta ziklotik kanpo geratzen da zaintza. Produktibitatearen zikloan, ez dira sartzen ez sentimenduak ezta iritziak ere”.
Iraultzailetik urrun
Euskal musika eszena aldarrikapen politikoz josia egon da azken urteetan, eta hala ere, parekidetasunetik urrun dago. Salvadorren arabera, “gaur egun, euskal eszena ez da batere iraultzailea. Madrilen hemen baino askoz eszena parekideagoa aurkitu daiteke”.
Donostiako Piratetako musika lantaldean aritua da Salvador: “Oso zaila egiten zitzaidan kartel bat guztiz parekidea imaginatzea”. Euskal Herrian, kontzertuak programatzen dituzten %90 mutilak direla ere salatzen du Salvadorrek.