Elbira Zipitriari buruzko lan bat filmatzen hasiko dira Donostian
Maider Oleaga (Bilbo, 1976) Ira 26-2 pelikula filmatzen hasiko da larunbatean Donostian. Elbira Zipitriari buruzko lan bat egiten hasi zen duela urte batzuk, eta orain proiektuari irudiak jartzeko ordua iritsi da. Grabaketa maiatzaren 27an hasiko da, eta ekainaren amaieran bukatuko da. Muntaia 2-3 hilabetekoa izango da.
Zergatik Elbira Zipitriari buruzko lan bat? Donostiara etorri zen bizitzera, Parte Zaharrera, eta konturatu zen Elbira Zipitriaren etxea zela hura; Fermin Calbeton kaleko 26. zenbakiko 2. solairuan Elbira Zipitriak lehenengo euskal eskola klandestinoa sortu zuen etxea zela. Dokumental hau Elbira benetan nor izan zen aurkitzeko saiakera bat dela azaldu du egileak. Bere lanaren inguruan irakurtzen hasi zen eta harrituta geratu zen hark egin zuen lanarekin: “Gure hizkuntzarentzat eta gure herriarentzat hain garrantzitsua den Elbira Zipitriaren figura berreskuratzea eta behar duen aitortza ematea lortu nahi dugu. Film honen bidez berak egindako lana, bizitako esperientziak eta ezagututako euskal pertsonalitateak ezagutaraztea, gure kulturaren ondare izan dadin datozen belaunaldientzat”.
Crowdfunding kanpaina bat abiatu dute jendeak egitasmoari babesa emateko: “Kanpaina honetan jasotakoa postprodukzio gastuak estaltzeko, Verkami, Paypal eta bestelako komisioak ordaintzeko eta zenbait sarien gastuetarako erabiliko dugu”, azaldu dute.