Festak bizitzeko eta antolatzeko mila modu daude. Azken urteetan ahalegin berezia egin da eraso sexistei aurre egin eta denentzat gozagarriak izango diren espazio seguruak sortzeko.

La Flamenka gunea jendez gainezka Aste Nagusi Piratan. (Argazkia: Lide Ferreira)
Hasi dira auzoetako jaiak. Neguko festa esanguratsuenak atzean utzi ondoren, udarakoekin jarraitzeko garaia iritsi da. Dagoeneko lanean ari dira auzoetako jai batzorde eta asanbladak; udala ere hasi da Aste Nagusia prestatzen; eta Donostiako Piratak fin ari dira egitarauari azken zertzeladak ematen. Festak gozatzeko izaten dira, ondo pasatzeko. Dena den, badute alde beltzagoa ere; eraso sexistak, nekea, botere harremanak, lana. Nola bizi dituzte festak Donostiako emakumeek?
Jaiak bizitzeko modu ugari dituztela azaldu du Maddi Arrietak (Amara Berri, 1993): “Ez ditugu berdin bizi jai instituzionalak eta jai herrikoiak”. San Sebastian egunean, esaterako, festa soilik gauez egiten duela azaldu du. Auzoko jaiak, berriz, modu askoz parte hartzaileago batean bizi ditu: “Urrian ospatzen ditugu Amara Berriko jaiak baina dagoeneko hasi gara antolatzen, gauza mordoa egin nahi ditugu eta horretarako denbora behar da”.
Festa ereduari erreparatuta Arrietak nahiago ditu espazio txikietan antolatzen direnak eta gertukoak direnak: “Auzoko jaietan, esaterako, seguruago sentitzen naiz, jende ezagunez inguratua nagoelako”.
Ane Balzolak (Gros 1993) uste du jende gutxiago dagoen espazioetan errazagoa dela parte hartzea: “Gehiago betetzen naute auzoko jaiek edo jende ezagunaren artean egindako parrandek». Bat dator Esti Mitxelena ere (Amara Berri, 1992): «Gusturago eta erosoago egoten naiz”. Dena den, Arrietak uste du gune masiboen artean ere badaudela desberdintasunak. “Ezin dira alderatu La Flamenka gunea eta Sagues. Biak izan daitezke masiboak baina La Flamenka gunean orokorrean topatzen duzun egoera eta filosofia oso gustuko ditut eta gertukoak dira niretzat”, azaldu du.
Amara Berri auzoko jaien antolakuntzan buru-belarri dabil Arrieta: “Gure erronketako bat da eraso sexisten aurkako lanketaz gain, antolaketa eta zaintza mekanismoen inguruan hausnartzea eta praktika onak bultzatzea”. Mitxelenak, berriz, Donostiako Piraten barruan dagoen Talaia lan taldean hartzen du parte, bertan, Aste Nagusi parekide bat lortzeko lanean ari dira: “Erasoen aurkako protokoloak egiten ditugu, eta baita prebentzio lana ere”. Balzolak azaldu du Grosen orain hasi direla jaietan lanketa feminista bat egiten: “Emakume talde bat sortu berri dugu auzoan, eta egin dugun lehenengo gauza Groseko jaietarako erasoen aurkako protokolo bat sortzea izan da”. Arlo horretan auzoan orain arte hanka motz ibili direla uste du.
Espazio seguruak sortzen
Festak denen gozamenerako antolatzen direla gogoan eduki behar dela uste du Arrietak. “Lana eta esfortzua eskatzen du maiz jaien antolaketak eta gero jai guztiak muturtuta pasatzen ditugu karga handia dugulako”. Antolaketa eredua aldatzen bada, horrek jaietan isla zuzena izango duela uste du. Balzolak, berriz, jaietan rolak modu sistematikoan erreproduzitzen direla azpimarratu du: “Beti bat arduratzen da kontzertuak lotzeaz eta beste bat kañeroa aldatzeaz”. Horrek hierarkiak sortzen dituelakoan dago; gizonen eta helduen boterea nabarmendu ditu. Mitxelenak ere ikusten ditu botere harremanak jaietan: “Jaiak errealitatearen isla dira, eta, errealitatean gertatzen den bezala jaietan ere botere harreman nabarmenak daude”.
Jaiak gozatzeko direla uste dute, baina denen gozamenerako ote dira festak? Nekane Benaventek (Gros, 1949) uste du auzoko jaietan ez dela helduentzako eskaintza handirik egoten: “Nik asko gozatzen dut jaietan baina helduentzako eskaintza gutxi dago, eta are garrantzitsuagoa dena, heldu kuadrilla oso gutxi daude”. Normala iruditzen zaio jaietako protagonismoa gazteek edukitzea baina helduen parte hartze handiagoa ondo legokeela uste.
Jaiak guztientzat gozagarriago egiteko helburuarekin antolaketa eredua aldatzeko lanean hasi ziren Amara Berrin: “Jaien antolaketan parte hartzeak suposatzen duen karga bakoitzak bere modura eramaten du, baina garrantzitsua da norberaren kargak besteengan duten eragina ere neurtzea”.
Izan ere, Arrietaren ustez jaiak gozagarriago egiteko garrantzitsua da lehenbizi antolaketa eredua bera birpentsatzea. Plazera erdigunean jartzearen aldeko dago Mitxelena ere. “Jaietan plazera jarri behar da erdian. Baina zer da plazera? plazera ez da berdina denontzat”. Adibide moduan Talaiak antolatzen duen Bertsopiropoteoa jarri du Mitxelenak: “Aste Nagusiaren aurreko ostiralean egiten dugu ligoteo sanoa bultzatzeko, eta oso giro ona sortzen da; horrelakoak eredu izan daitezke”. Benaventek, aldiz, batukada feministak aipatu ditu. Emakumeen etxeko batukadan hartzen du parte berak: “Genero indarkeriaren aurka eta emakumeen alde egiten diren jaialdi eta aldarrikapenetan soilik hartzen dugu parte eta kristoren giroa sortzen da”.
Auzoko jaiei eta oro har hiriko festei begira jarrita, Benaventek uste du eraso sexisten aurkako kontzientziazioa gero eta handiago dela, nahiz eta oraindik lan asko ikusten duen egiteko. Mitxelena, Arrieta eta Balzola prest daude erronkari heldu eta jaiak plazerez betetzen jarraitzeko.
Festak, genero-harremanak eta feminismoa hizpide elkarrizketa egin diogu Miren Guilló antropologoari eta Idoia Trenor Bilgune Feministako kideari: “Plazera ahalduntze tresna bat dela uste dugu.