(Argazkia: Estitxu Zabala)
Donosti Berri Txirrindulari Eskolak 25 urte bete ditu. Hiriko gaztetxoak bizikleta gainean jartzen ditu, kirolarekiko grina bultzatuz, eta aurrera jarraitzeko gogoz daude, pauso sendoak emanaz.
Txirrindularitzarekin gozatzea eta gaztetxoak bertan heztea da Donosti Berriren helburua. Urteurrenean, Construcciones Victor Alvaro dute babesle nagusi gisa. Benjaminetatik hasi eta junior mailara bitarteko txirrindulariak dituzte, eta eta oso gustura daude ixten ari diren urtearekin. Xabier Muruzabal entrenatzailearekin (Antigua, 1997) egon da IRUTXULOKO HITZA.
Urte asko daramatzazu klubean?
Txirrindulari gisa hasi nintzen, hamabi urterekin, alebinetako bigarren mailan. Guztira, bederatzi urte daramatzat klubean. Azken bi urteetan haur eta alebin mailetako haurren entrenatzailea naiz.
Argi zenuen entrenatzaile izan nahi zenuela?
Betidanik gustatu izan zait txirrindularitza, eta jubeniletako azken urtea egin nuenean, pentsatu nuen jarraitu nahi nuela mundu horretan sartuta. Ander Markinak aukera eman zidan entrenatzaile gisa sartzeko.
Ikuspuntua oso desberdina da, ez da gauza bera lasterketa batera joatea, edo zuk eramatea jendea lasterketa batera. Txirrindularia zarenean ez duzu ikusten zer nolako lana dagoen lasterketa baten atzean.
Gustura zabiltza orduan zure postu berrian?
Bai, talde oso jatorra dugu, gehiago ezin dut eskatu. Kategoria bakoitzean bi edo hiru entrenatzaile gabiltza, eta zuzendaritzakoekin eta gurasoekin moldatzen gara. Beti dago lana. Nirekin Iñigo Gobantes dabil, betidanik ezagutzen dut eta bien artean daramagu tropela. Haur mailan sei dauzkagu eta alebinetan, zortzi. Kadeteak dozena bat baino gehiago dira, eta juniorretan, bederatzi.
Belodromoan entrenatzen duzue, ezta?
Bai. Neguan goiz iluntzen duenez, Belodromoan ibiltzen gara. Illunben entrenatzen dugu eguna luzatzean. Leku itxia da, ez dago auto zirkulaziorik eta gustura ibiltzen gara, alde horretatik ez daukagu arazorik.
Aimar Alarcia alebinak denboraldi polita osatu du.
Pare bat lehenengo postu egin ditu eta beti ibili da podiumean, bai. Egia esan, alebinen taldea oso aurrean ibili da. Haur mailakoei gehiago kostatzen zaie, 16 kilometroko lasterketak dira eta luzeak egiten zaizkie oraindik.
Denboraldia bukatzen ari zarete.
Bai. Lasterketa gutxi falta zaizkigu, hilabete inguru. Asteburu honetan Euskadiko Txapelketan parte hartuko dugu Amurrion. Ez dugu helburu zehatzik txapelketarako. Esperientzia hartzea eta umeek ongi pasatzea nahi dugu bereziki, eta, noski, taldea egitea, oso garrantzitsua da hori.
Loiolako Erriberan antolatu duzue aurten zuen lasterketa.
Ni txirrindularia nintzenean, Ibaetan egiten genuen; azken urteetan, ordea, Loiolako Erriberan antolatu dugu. Umeek ongi pasatzen dutenez, gu pozik geratu ginen.
Zaila da gazteak txirrindularitzara erakartzea?
Normalean beraiek etortzen dira, txirrindularitza gogoko dutenak dira. Gehiago jasoko genituzke gustura, eta gure lana da kirolaren eta klubaren berri zabaltzea.
Nola itxiko duzue denboraldia?
Ohitura dugu askari bat egiteko gaztetxoekin itxiera moduan.
Orain denboraldia bukatzen denean, udan, zein asmo duzue?
Mendi irteerak antolatzen ditugu, eta klubekoak ez diren haurrak etortzen dira normalean mendi bueltak egitera bizikletekin. Gure artean ere geratzen gara irteerak egiteko, umeek pixka bat deskonektatzeko eta ongi pasatzeko. Astero irteera bat egiten dugu, ostegunetan, eta zabalik gaude interesa duen edonor jasotzeko.