Polloe hilerria, ikuspegi artistiko batetik landuta

Tabakalerako Hezkuntza saileko Eskola Aldiriak deialdiaren barruan, HilHerriBizi proiektuan murgildu dira Lauaizeta ikastolako ikasleak. Ekainaren 21ean festa bat egingo dute.
hilherribizi-tabakalera-lauaizeta-eskola-aldiriak-2

Lauaizeta ikastolako ikasleak, Polloe hilerrian. (Argazkia: Tabakalera)

Tabakalerako Hezkuntza arloko langileek hainbat proiektu egiten dituzte elkarte, eskola eta bestelakoekin. Hezkuntza komunitateari zuzendutako aukeren artean dago Eskola Aldiriak, epe luzeko egitasmo bat. «Garrantzitsua iruditzen zaigu horrelako proposamenak eskolen ekimenez sortzen direlako, hau da, beraiek esaten digute gai bat landu nahi dutela, eta guk lanketa horretan laguntzen diegu, beste metodologia baten bitartez eta artea ardatz izanda», azaldu du Ana Revueltak, Tabakalerako Hezkuntza arloko langileetako batek.

2016-2017 ikasturtekoa hirugarren aldia izan da Eskola Aldiriak proiektuarentzako. Izan ere, lehendabiziko urtean, Egiako hiru ikastetxerekin egin zuten proiektu pilotua, eta, iaz, Jakintza ikastolan Ikastolatik auzora, auzotik hirira proiektua garatu zuten. Zehazki, Heriz pasealekua eta Erregezain kalearen artean dagoen pasabide «iluna» margotu zuten, Ainara Azpiazu Axpi artistaren laguntzarekin.

Ikasturte honetako deialdian, Lauaizeta ikastolaren proposamena onartu zuen Eskola Aldiriak egitasmoko epaimahaiak: «Zaila izan zen aukeraketa, baina euren ideia interesgarria iruditu zitzaion epaimahaiari, bereziki, arte hezkuntzako irakasleak aurkeztu zuelako».

Uxoa Larrañaga da Lauaizetako arte irakaslea: «Beti arreta eman dit ikastetxe honetan Gabriel Aresti pasealekua erabili beharrean, Polloe hilerria erabiltzen dutela ikastolara etortzeko. Ikasleen eta inguru horren artean gertatzen den gatazka aztertu nahi nuen, atal desberdinak landu daitezkeelako: dolua, errespetua, artea, elkarbizitza… Kontraesan bat dirudien arren, Polloe espazio bizi bat da; beste mikrokosmos bat sortzen da bertan».

Egiako Ipar inprentakoek eskaera bat egin zioten Larrañagari, eta hori izan zen irakaslearen ideiaren abiapuntua : «Kale izendegi grafiko bat egiteko eskatu zidaten. Horixe hartu eta GAP hizkiekin, Gure Aukera Polloe dela adierazi nuen. Gero konturatu nintzen gap hitzak ingelesez tartea edo gunea esan nahi duela. Horrela, hormairudi batean saiatu nintzen islatzen ondorengo harremanak: pozetik heriotzara ez dagoela ezer; gure eskolako zeinu matematikoak (+, adibidez) eta hilerriko gurutzeak; klariona eta marmolaren hautsa».

Ideia horiek guztiak buruan zituela ikusi zuen Tabakalerako deialdia Larrañagak. Hautatuak izan ziren eta, ikasturte hasieratik, lanean dabiltza buru-belarri 2. eta 4. DBHko ikasleekin.

hilherribizi-tabakalera-lauaizeta-eskola-aldiriak

Lauaizeta ikastolako ikasleak, Polloe hilerrian. (Argazkia: Lauaizeta ikastola)

Helburua da arte hezkuntza sustatzea, Tabakalerakoek uste baitute artetik gauza asko landu  daitezkeela: «Askotan, ikastetxeetan ez dago baliabiderik horrelakoak egiteko. Beraz, elkarlan bat sortzen dugu, eta gu hezitzaile eta laguntzaile gisa aritzen gara».

Gainera, urtero, gutxienez, artista batek hartzen du parte proiektuan. Lauaizetaren kasuan, lau artista egon dira lan saio batzuk dinamizatzen: Mario Paniego, Miriam Isasi, Aitor Izagirre eta Nerea De Diego.

Horretaz gain, eskolako komunitate guztiak bat egitea bilatzen du Eskola Aldiriak egitasmoak, hots, beste ikasgai batzuetako irakasleek ere parte hartzea. «Lauaizetako irakaslegoa proiektuan parte hartzera behartu ordez, hautazkoa zela esan genien. Esperimentu moduko bat izan zen, eta hamar irakasle baino gehiago ari dira lanean. Oso pozik gaude».

Hiltzearen kostua
Esaterako, Balore Etikoen irakasgaian, talde kooperatiboetan lan eginez, kultura desberdinetan dolua nolakoa den aztertu dute. Matematikan, hilerriaren geometria izan dute hizpide. Gorputz Hezkuntzan, Polloen egon daitezkeen figurak islatu dituzte euren gorputzen bidez. Kimikan, ikertu egin dute gorputz batean nola eragiten duen errausketak eta ehorzketak. Eta, ekonomian, kalkulatu dute zer nolako kostua duen hiltzeak.

Prozesuaren osotasuna jasoko duen esku-hartzea egingo dute Polloe hilerrian bertan. Ekainaren 21ean, Lauaizeta ikastolaren jai egunarekin bat eginda, eskola komunitateari aurkeztuko diote.

 

hilherribizi-lauaizeta-ikastola-tabakalera-eskola_aldiriak

HilHerriBizi proiektua, Lauaizeta ikastolak eta Tabakalerak elkarlanean egindakoa. (Argazkia: Tabakalera)

Izena emateko epea, ekainaren 2ra arte zabalik
Eskola Aldiriak eskolako, auzoko edo hiriko espazioetan arte eta hezkuntza proiektu kolaboratibo bat garatzeko deialdia da. Lan moduak birpentsatu eta hezkuntza komunitatea indartzen ditu eta ikaste prozesuak abian jartzeko aukera eskaintzen du.

2017-2018 ikasturterako deialdian parte hartzeko epea zabaldu dute jada. Berritasun gisa, bi proiektu garatuko dituzte hurrengo ikasturtean: bata Donostiako eskola batean, eta bestea, Gipuzkoa mailan. Informazio gehiago jaso edo izena eman nahi izanez gero –ekainaren 2ra arte–, ikastetxeak 943 011 311 telefono zenbakira deitu edo Tabakalera.eu webgunean sartu daitezke.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend