Markel Ormazabal: 'Zubietako janzteko zurien narratiba'
Hiru hari zuri mazelan gora eta behera, hiru hari bilakaturik hamaika tanta zuri. Inoiz pankartaren atzean edo bestela, hurkoa lagun, protestan aritu den edonor zirraraz uzkurtzeko irudiak eskaini zituen Zubietak iragan larunbatean. Errauste planta eta makro-kartzela egiteko erabili nahi dituzten orubeetara heltzea helburu, hiru martxa hiru zutabe abiatu ziren Zubietako herritik landa, zidorretan, mazeletan, mendiz. Mozorrotuta. Zuriz ibiltariak, buzo zuriak soinean; horregatik martxa zuriak.
Martxa zurian tanta zuri ibili zen larunbatean Laura Wollny, Alemaniako ikatz meatzeak itxi nahi dituen Ende Gelande (Mugako eremua) mugimenduko kidea. Garzweiler meatzea okupatzeko 2015eko abuztuan mugimenduak egin deiari jarraiki, 1.200 lagun eremuan sartu eta garabi erraldoi batez jabetu ziren. Segurtasun neurriak tarteko, RWE Power enpresak meatzeko jarduera eten behar izan zuen aldi batez. Hamarnaka puntu ttipi, denak buzo zuri, zidorretan, mazeletan, mendiz. Garzweiler-eko bideek Zubietara daramate. Eta antzekotasunak ez dira kasualitate, Laurak Berria egunkariko kazetariari arrapostu (2017-05-31), Zubietan bildu lagunek esan baitzioten ezagun zituztela meatzeetako protesten irudiak, liluratuta gelditu zirela, antzeko zerbait egin nahi zutela.
Ez da kasualitatea borroka-esperientzien antzekotasuna. Izan ere, esperientziak pentsatzeko moduez ari garela identitatea bera pentsatzen ari gara, identitateaz hitz egitean esperientzia jakin batez edo esperientzia jakin bat tratatzeko moduaz ari baikara. Talde edo kolektibo batekin identifikatzen gara, talde edo kolektibo horretako parte sentitzen garelako, identifikazioa pertenentzia sentimendua baita, hein handi batean, eta talde pertenentziak kultur ezaugarri jakin batzuk partekatzea ohi dakar. Kultur ezaugarri horiek diskurtso bat eratzen dutela esan daiteke, eta diskurtsoa, ostera, mugimenduaren ekintzak nahiz mugimenduak bere buruaz duen ikuskera eragin eta antolatzen duten esangurak eraikitzeko manera. Narratiba da gure identitate-zentzuaren oinarria eta erdigunea.
Bota zuten Berlingo harresia eta murruarekin batera narratiba edo kontakizun politiko oso bat; aharik eta 1994 urtea hastear zela, Zapatismoak irakurketa berrituak proposatu zituen arte, askapen prozesuen eraberritzea premiatuz. Ikus gaitzazuen estaltzen dugu aurpegia. Urte bereko irailean Milango Leoncavallo espazio okupatua hustu zuen poliziak. Marco Formentini alkateak “mamu” eta “(existitzen) ez dena” bezala definitu zituen espazioaren erabiltzaileak. 20.000 lagun bildu zituen protestaren “autodefentsa zerbitzuak” buzo zuriekin mozorroturik erantzun zion alkateari, mamuen gisara, alegia. Tute bianche mugimendua sortu zen, “janzteko zuriak”. 2000. urteko udaberrian Milango vía Corelli-ko Atzerritarrak Barneratzeko Zentroaren aurka, eta irailean Pragan BM eta FMIren aurka izan protesten ondoren, nazioartean eredu errepika-garri bilakatuko zen mugimendua. Ikus gaitzazuen mozorrotzen gara.
Okupazioa aldarrikatzen zuen kolore laranjak eskubide zibil eta politikoen gauzatzeko desobedientzia irudikatuko du orain, eta presoekiko elkartasun ekintzen sinbolo izandako (buzo) zuriak erraustegi eta makro-kartzelaren aurkako ekintza zuzena. Ezen, koloreak narratibaren parte egiten direnean, mugimenduari buruzko esangura identifikagarriak eraikitzen dituzte, identifikatzeaz gain irudikatzeko aukera ere ematen diguten esangurak. Eta ni neu bederen, zuriarekin zirraraz uzkurtuko naiz aurrerantzean.