Noiz bihurtzen da pertsona bat zahar?
Zahartzea prozesu nahiko indibiduala dela uste dut, norberaren bizitza ibilbidearen arabera asko aldatu daiteke. Oso zaila da pertsona bat zaharra bihurtzen den unea zein den esatea, ez dago momentu jakin bat. Zahartzea prozesu bat da; ez dauka zerikusirik 65 urte izatearekin. Hala ere, sarri erretiroaren adina hartzen da kontuan zahartzaroan sartzen zaren une bezala. 65 urterekin hartzen dugu erretiroa baina laster 67 urtera igoko dute, eta, ziur, gehiago ere atzeratuko dela. Behin geriatra ezagun bati galdetu nion ea pertsona bat noiz den zaharra, eta esan zidan berarentzat zaharrak zirela bera baino 20 urte gehiago zuten guztiak. Arrazoi zuen, hala da. 60 urteko bati galdetzen badiozu zaharra zer den, 80 urtekoa dela esango dizu. 10 urteko batentzat 30 urtekoa zaharra da. Gainera, zaharra zarela aitortzea ere ez da erraza, bere gain estereotipo negatibo asko ditu eta hori inork ez du gustuko.
Zahartzaroa gaizki ikusia dagoela uste duzu?
Arazoa da gero eta gehiago sustatzen dela gazte izatearen esanahi positiboa eta zaharra izatearen esanahi negatiboa. Zahartzaroa guztiz estereotipatua eta homogeneizatua dago. Hori ez da ona; zahartzaroaren aurkako borroka etengabe bat da. Zaharra izateko modu asko daude. Pertsonak garen modukoak gara, eta bizitza ibilbide bat da jaiotzetik hiltzeraino. Bakoitzak berea egiten du; batzuek bizitza aktiboagoa izaten dute, eta besteek ez hainbeste. Gaztea izatea al da hobea? batzuentzat agian bai, baina ez denentzat. Faktore askok eragin dezakete; zahartzaroan sentitu zaitezke gazte eta gaztetan sentitu zaitezke zahar.
Gizartea gero eta zaharragoa da. Zein ondorio izan ditzake horrek?
Gizartea gero eta zaharragoa izatea XX. eta XXI. mendeko lorpen handienetako bat da, aurreko mendean emakumeak lan ordainduaren munduan sartzea izan zen bezala. Urte asko bizitzea gauza oso garrantzitsua da; munduko herrialde gehienek ez dute lortu, eta ziur asko ez dute lortuko. Guk lortu dugu. Hala ere, egia da zahartutako gizarte batek bere ondorioak dituela, eta horiek kontuan izatea garrantzitsua da. Egitura sozialak moldatu beharko ditugu jende zaharraren neurrira; egokitutako hiriak behar ditugu. Gaur egungo zaharrek asko dute emateko, baina horretarako gizarteak erraztasun guztiak jarri behar ditu. Asko eman duten eta emateko asko duten zaharrek laguntza ere behar dute.
Orain arte ez bezala hemendik aurrera erretiroa hartuko duten emakume askok bizitza laborala izan dute. Horrek zerbait aldatuko du?
Noski baietz, nire belaunaldikoak izango dira bizitza osoan lan ordaindua egiten pasa ostean jubilatuko den emakume kopuru handiena. Horrek ez du erretiroaren ordainsarian soilik eragingo, rolak ere aldatuko dira. Emakumeak ahaldunduagoak daude, maila ekonomiko hobea dutelako. Gaur egun, emakumeen egoera gizonena baino dezente okerragoa da. Gainera, horrek eragin handia izango du zaintzan; emakumeak gizonekin batera lanera joaten hasi dira eta hala ere zaintza lanak euren gain daude. Zaintza lanek zahartzaroan ere emakumeen gain jarraitzen dute.Uste dut horri aurre egitea izango dela hurrengo mendeetako erronkarik eta iraultzarik handietako bat.
Urteei bizitza ematen