Bizilagunek hala eskatuta, partaidetza prozesu batean murgilduta daude Egian, Plaza Haundiren berrikuntzak erabakitzeko; estalkia hobetzea da helburu nagusia, eta udalak egindako azken proposamena hobetu nahi dute.
Egiako Plaza Haundi, gaur egun. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Egiako berrikuntzek aurrera darraite. Obretan ari dira auzoan, momentu honetan, hainbat kaletan, saneamendu sarea berritzeko. Hurrengo erronka, Plaza Haundi berritzea izango da. Bilera egin zuen udalak auzotarrekin, joan den asteartean. Proiektu irabazlearen berri eman zien udal teknikari batek bileran bildutako bizilagunei, baina bizilagunak ez ziren gustura geratu aurkeztutakoarekin, ez dituelako euren helburuak betetzen, eta aldaketak proposatuko dituzte. Horrela azaldu dio Egia Bizirik auzo elkarteko Lola Calvok IRUTXULOKO HITZAri: «Teknikariak esan digu proiektuak ez bagaitu konbentzitzen, ez dela egingo. Orain azkar ibili behar dugu aldaketak proposatzeko. Ea auzoaren gustuko plaza bat egin dezakegun».
Aurkezpen bileran 20 lagun inguru bildu ziren; tartean ziren norbanako bizilagunak eta auzoko elkarteetako ordezkariak: Egia bizirik, Aitor ikastola, Porrontxo jaiak, euskara batzordea eta Aitzarte mendi elkartea. Ordezkariek ikusten dute ez dela nahikoa estali nahi duten zatia: «Eskas geratuko litzateke estalkia. Behealdean ere estaltzea nahi dugu, Tejeria kalearen aldean, plazako lurra ez bustitzeko, haizea eta euria egiten duenean». Horretaz gain, plazaren ingurua ere egokitu nahi dute bizilagunek.
Erabilera handikoa
Aspalditik dabiltza Egiakoak berrikuntzen eskaera egiten. Plaza eraldatzeko proiektu eredu bat egin zuen auzo elkarteak, Egiako arkitekto talde baten laguntzaz. Auzotarren beharrak izan zituzten kontuan, eta sinadura bilketa ere egin zuten bi hilabetez. Eskuorrien eta Change.org plataformaren bitartez 1.000 sinadura inguru lortu zituzten, eta auzoko 25 eragileren atxikimendua ere jaso zuten. Iazko maiatzean aurkeztu eta erregistratu zituzten udaletxean sinadurak, bi eskaerekin: prozesu parte hartzaile bat abiatu zezala udalak, eta ekarpenak kontuan hartzea.
Horrela, otsailaren 9an, estalpe berriaren inguruko bilera irekia egin zuten, udaleko zinegotzi eta teknikariekin, eta enpresa irabazlearen proiektua izan zen asteartean aurkeztu zietena.
Egian garrantzia handia duen plaza da Plaza Haundi. Auzoaren erdigunean dago eta asko erabiltzen dute bizilagunek urte osoan zehar, hainbat eta hainbat jardueretarako: Porrontxo jaiak, garagardo azoka, San Joan sua, San Tomas, herri bazkariak, azokak, kontzertuak, antzezlanak, eguneroko aisia… Hori guztia kontuan izanda, lehenbailehen irtenbide bat eman nahi diote kontuari, plazaz behar bezala gozatzeko sortzen zaizkien eragozpenak saihesteko. Egun badu estalpe moduko bat plazak, baina bizilagunen ustez ez da nahikoa, eta irtenbidearen bila jarraituko dute.