Amara Berriko jai batzordeko kide batzuk, artxiboko irudi batean. (Argazkia: Lide Ferreira)
Amara Berriko Karmengo jaiak antolatzen dituen batzordeak ez du erreleboa hartuko duen bizilagun talderik topatu. Iaz iragarri zuten jaiak antolatzeari utziko ziotela, behar-beharrezkoa zutela erreleboa ematea. Hogei urtez antolatu dituzte jaiak. Ez dira jaiak desagertu, baina
egitarau umilagoa eta txikiagoa egin dute aurten.
Oraingoz inork ez du hartu jaiak antolatzeko ardura. Badaezpada, jaiak ez desagertzeko, egitarau txiki bat egin dute aurten, auzoko jaiak egiten jarraitu nahi duenarei atea irekita uzteko edo: “Inork ez du lekukoa hartu nahi izan. Pena izugarria eman digu, baina badirudi inork ez duela jaiak antolatzeko ardura hartu nahi. Guk hogei urtez antolatu ditugu jaiak. Lagun gutxi gara antolakuntzan, eta asko sufritzen da. Gutxienez 20 lagunez osatutako talde bat behar da; buru-belarri lanean ariko direnak. Ez da nahikoa esku bat botatzearekin. Esan digute badaudela gazte batzuk prest, baina ez dakigu ezer”, azaldu dio IRUTXULOKO HITZAri
Iñaki Olasagastik, jai batzordeko eta bizilagunen elkarteko kideak.
Pena handia ematen zien jaiak desagertzea, eta horregatik, gutxi batzuk badira ere, egitarau txiki bat egin dute hurrengo asterako. Uztailaren 14tik 16ra. Ostiralean, uztailaren 14an,
sardina jatea prestatuko dute Gregorio Ordoñez kalean. Urkatxek jarriko ditu sardinak eta Eroskik jarriko du ogia. Jatekoa bukatu arte iraungo du sardina jateak, 22:30ak arte edo. Edatekoa eta sardinak jan daitezke 2,5 euroren truke. Sardina jatea hasi baino lehen, auzo elkarteak antolatzen duen dantza ikastaroko ikasleek herri dantzak egingo dituzte, 18:30ak inguruan.
Larunbatean, uztailaren 15ean,
Mamelena elkarteak hamaiketakoa prestatuko du bere egoitzan, Eibar plazan duen lokalean, 13:00ak inguruan. Eta igandean, uztailaren 16an,
Urtokiren txanda izango da. Karakasko Konpainiaren kalean duen egoitzan egingo du hamaiketakoa.