Auzokideek zabor pilaketak eta orduz kanpoko zaratak jasan behar izaten dituztela diote; bestelako neurriak eskatu dizkiote udalari
Aldamar kaleko kontenedoreak. (Argazkia: Parte Zaharrean Bizi)
Parte Zaharreko auzokideak nekatuta daude udaran urtero jasaten duten zaborren bilketaren arazoarekin. Donostiako Udalak martxan jarritako bilketa sistemak beharrezkoak diren emaitzak lortzen ez dituela salatu du
Parte Zaharrean Bizi elkarteak, zabor pilaketek eta orduz kanpoko zaratek auzoko egoera “jasanezina” egiten dutela argudiatuz.
Auzoko hostalariek eta zenbait bizilagunek araudia bete nahi ez dutela adierazi dute elkartetik, beirak gauean zehar maiz birziklatu eta zaborrak askotan lekuz kanpo uzten dituztela esanez. Duela zenbait egun Aldamar kalean taberna bateko bi kontenedore lau egunez lekuz kanpo eta jaso gabe egon zirela salatu du elkarteak, besteak beste. Horrelako gertakariak ohikoak direla diote auzokideek.
Turismo masiboaren fenomenoak arazoa areagotu egiten duela gehitu dute gainera elkarteko kideek, egungo egoera “aurreko urteetakoa bezalakoa edo okerragoa” dela adieraziz. Udalak sarekada gehiago egingo zituela helarazi zien auzokideei, baino gauzek oraindik aldatu gabe jarraitzen dutela diote hauek.
Udalarekin izan dituzten bileretan hostalarientzako zaborgune berezi bat sortzea proposatu du Parte Zaharrean Bizi elkarteak, baino neurri hura garestiegia zela adierazi zieten. Gauzak horrela, udaltzaingoaren zaintzak eta isunak areagotzea eskatzen dute orain auzokideek.