Su Artifizialen 54. Lehiaketa egiten ari dira aurten. Epaimahai Ofizialaz gain, gazteek osatutako beste bat ere badago. Esperientzia polita izaki, gehienek errepikatzen dute.
Gazte Epaimahaiko hainbat kide, asteleheneko su artifizialen emanaldiaren ostean. (Argazkia: Lide Ferreira)
Aste Nagusiko ekitaldi jendetsuenetako bat izaten da su artifizialena. Donostiako hainbat txokotatik ikusten dituzte hiritar zein kanpotarrek, baina, bereziki, Londres hotelaren ingurua jendez lepo egoten da. Eremu horretan ere ibiltzen dira epaimahaietako kideak.
Izan ere, Aste Nagusiko Su Artifizialen Lehiaketan, hiru epaimahaietako partaideek hartzen dute parte: Epaimahai Ofiziala, Gazte Epaimahaia eta Donostiako Ikusleen Epaimahaia. Ofizialak hiru sari banatzen ditu: Urrezko Maskorra eta 7.000 euro, Zilarrezko Maskorra eta 5.250 euro eta Brontzezko Maskorra eta 3.500 euro. Ikusleen Epaimahaiak Ikusleen Sari Nagusia ematen du; eta gazteenak Euskaltel Gazte Epaimahai Saria.
Ofiziala Festetako zinegotzi Alfonso Gurpegik eta su artifizialetan adituak diren pertsonek osatzen dute. Aurten, esaterako, Astondoa pirotekniako kide bat eta kazetari aditu bat daude. Urte batetik bestera, aldatu egin daitezke
epaimahaikideak, baina, normalean, antzekoa izaten da.
Publikoarenari dagokionez, Kontxako erlojuen inguruan dauden karpa batzuetan bozkatu dezakete ikusleek, boto txartel batzuen bitartez. Horiek guztiak bildu eta larunbatean egiten dute kontaketa.
16 eta 22 urte bitartekoak
Gazte Epaimahaian parte hartzeko, berriz, Aste Nagusiko webgunean –
Astenagusia.donostiakultura.eus–izena emateko aukera izaten dute 16 eta 22 urte bitarteko gazteek. Epea amaituta, aukeraketa bat egiten dute, eta horiek izaten dira Gazte Epaimahaiko kideak. Aurten, 17 lagunek osatzen dute, eta IRUTXULOKO HITZA beraiekin egon da, esperientzia nolakoa izaten ari den ezagutzeko.
Intxaurrondoko Aitor Anguera Lasarteko Miguel eta Ines Argomanizekin parte hartzen du Aste Nagusiko erraldoi eta buruhandien konpartsan: «Elkarteko bati esker jakin nuen Gazte Epaimahaian parte hartu nezakeela, eta berehala animatu nintzen. Egia esan, esperientzia izugarri gustatu zitzaidan eta, Ines eta Miguelekin batera, errepikatzea erabaki nuen».
Amarako Ainhoa Pedrosa sare sozialen bidez izan zuen aukeraren berri: «Ekitaldi eta jarduera askotan izena emateko ohitura daukat, eta su artifizialena ikusi nuenean, ez nuen zalantzarik izan; txikitatik ikusi izan ditut suak, eta hemen egotea ohore bat da. Aurtengoa, bigarren urteadaniretzat».
Añorgako Lorea Etxabek ere urteak daramatza Gazte Epaimahaiko kide gisa; zehazki, 16 urte zituenetik (orain, 21 ditu): «Aurreko urteetan ez du hainbeste jendek izena eman, baina, azkenaldian, gero eta gehiago gaude. Gainera, aurten, lehenengo aldia da Kontxako erlojuetatik elkarrekin ikusten ditugula. Lehen, bakoitzak ahal zuen tokian ikusten zituen. Hori bai, Londres hotelaren inguruan jartzeko gomendatzen ziguten Donostia Festak-eko arduradunek, Epaimahai Ofizialak duen ikuspegi antzekoa izateko (beraiek hoteleko logela batetik ikusten dituzte)».
Horrekin lotuta, batetik, urtero, gazteetako batek hartzen du parte Epaimahai Ofizialean; eta, bestetik, gauero, gazte bat igo daiteke aipatutako Londres hoteleko logelara. «Kalean jende ugari izaten dugu inguruan, baina logelatik desberdin ikusten dira, lasaiago. Lagunek askotan galdetzen didate:
Zer pentsatzen du adituak?, baina nik ez dut uste profesionala naizenik», adierazi du Pedrosak.
Gauero, Donostia Festak-ek ematen dien orri batean baloratu behar dituzte suak, 1etik 10era, eta, nahi izanez gero, iruzkinak gehitu ditzakete. «Koloreak, erritmoa, argitasuna, altuera, iraupena eta azken traka baloratzen ditugu», nabarmendu du Argomanizek.
Nota jartzea ez dela erraza dio Pedrosak: «Adibidez, Valentziako piroteknia baten txanda bada, pentsatzen dut onak izango direla, baina gero desengainua hartu izan dut».
Larunbat goizean epaimahaia elkartu egiten da, aste osoko iritziak jaso eta irabazle bat erabakitzeko. Hortaz, bihar, 12:00ak baino lehen (ordu horretan prentsaurrekoa egingo dute saridunen berri emateko), batzartuko dira. Etxabek gogoratu duenez, «iaz, asko kostatu zitzaigun erabakitzea; irabazlea azken unean aukeratu genuen. Nahitaezkoa da bat erabakitzea; beraz, eztabaidatu ondoren lortu genuen adostasun batera iristea».