Eneko Goia izan da Irrikitaldiaren zuzendaria. (Argazkilaria: Amaia Garcia)
Urtero bezala Donostiako Piratek Aste Nagusiari agur esan diote
Irrikitaldiarekin. Aurtengo gaiak turismoa eta Eusko Jaurlaritzak ezarri dizkien tasak izan dira.
Eneko Goia alkatea eta Ernesto Gasco zinegotzia izan dira Irrikitaldiaren protagonistak. Bulebarrean Eneko Goiak “Goia” saria eman dio Gascori eta horren ostean, Kale Nagusitik zehar hasi da ohiko ibilaldia. Bertan, Ubarroiak kofradiako kideek pankarta handi bat zabaldua zuten Eusko Jaurlaritzak ezarritako tasak salatzeko, eta diru bilketan ibili dira.
Santa Maria elizaren eskaileretan ohiko antzezlana egin da. Bertan Eneko Goia alkateak hainbat zozketa egin ditu. Hotel berri bat martxan jartzeko baimena, Donostiako kirol portu berrian bizitza guztirako aparkalekua, Monpasko pasealekuko lanak egiteko lizitazioa eta Donostiako Metroaren azkeneko kilometroaren kudeaketa zozketatu ditu. Zozketarako SUMMA Aldapetako hiru umezurtz egon dira zenbakiak abesten. Zozketaren erdian Fermin Muguruza agertu da Adarra sariarekin eta Kortxoenea eta Piratak babestu ditu. Azkenean, bota egin behar izan dute Muguruza eta hurrengo urtean Adarra saria nori ematea hobeto pentsatu beharko lukeela adierazi du Goiak.
Realaren abestia abestu ostean hasi da jaia eta Donostiako Piratek giro onean jarraitu dute txarangaren atzetik Alde Zaharreko kaleetan zehar. Hurrengo urtera arte, amaitu da Aste Nagusia.