'Antiguan guztiontzako ikastola duina orain!'
Horrez gain, gaur-gaurkoz patioan dorre-garabi finko bat dago. Patioa ezinbesteko espazioa da sarrera-irteerak, hezkuntza fisikoa eta jolas garaiak normaltasunez egin ahal izateko. Bada, garabiak patioa okupatzen du, eta jangela sarbiderik gabe uzten du.
Ez Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, ez eta Donostiako Udalak, biak ala biak obren arduradunak, ez dute ahalegin nahikorik egin, eta ez dituzte beharrezko baliabideak jarri egoera bere onera ekartzeko eta ikasturtea behar den garaian hasteko (irailaren 7an).
Emergentzia egoera ezarri bai, baina baliabide eta konponbide gehiago jartzeaz ez dugu ezer jakin denbora luzean. Non egon dira arduradun politikoak denbora horretan? Zergatik ez dituzte behar diren neurriak hartu, ikasturtea beste ikastetxe guztiekin batera has genezan? Erakunde publikoek egin beharreko lanak gurasook, zuzendaritzako kideek eta irakasleek egin behar izan ditugu (garbiketak, ondasunak tokiz aldatzea…).
Jangela, goizeko gela eta bestelako zerbitzuak oraingoz ezin dira eskaini, eta horrek are gehiago okertzen du egoera. Familiak kaltetuak dira, antolakuntza eta kontziliazioa ikaragarri zailtzen digutelako, baina, gutaz gain, zerbitzuetako langileen kontratoak atzeratu dira (goizeko gelakoak, jangelako langileak eta orduz kanpoko jardueretakoak), eta gure elkartasuna ere helarazi nahi diegu.
Donostiako Udalari eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailari dagokienez, euren utzikeria, axolagabekeria eta arduragabekeria salatzen ditugu. Halaber, eskatzen diegu ahal duten guztia egiteko, eskola normaltasunez erabili ahal izan dezagun eta argitzeko gertatutakoen ardurak norenak diren. Gainera, larrialdiko egoera honetan, udalari eskatzen diogu bere esku dauden espazioak eskolari doan erabiltzeko aukera eskaintzea, orain arte ez bezala (gure auzoko frontoia erabiltzeagatik dirutza ordaintzen baikenuen).
Azkenik, gure seme-alabak Jakintza ikastetxe publikoan matrikulatu genituenean egin genuen apustua berresten dugu: auzoko eskola hurbilekoa nahi dugu, eta denona eta denontzako eskola nahi dugu, gizarte kohesioaren funtsezko elementua hezkuntza publikoa delako eta beste hamaika arrazoirengatik. Horregatik matrikulatu genituen gure haurrak Jakintza Ikastolan eta horregatik adierazi nahi ditugu gure egonezina eta kezka Eusko Jaurlaritzaren eta Udalaren utzikeriaren aurrean.
Sinatuta: Jakingura, Jakintza Ikastolako Guraso Elkartea