Toparekin abiatuko dira gaur Aieteko jaiak. Igandean Kontxako Bandera ikusi ahal izango dute auzotarrek Jolastokin, pantaila erraldoi bati esker.

Aieteko euskara batzordeko hainbat kide, traineru batekin. (Argazkia: L. Ferreira)
Aieteko jaietan eraldaketa bat bizitzen ari dira azken urteotan. Izan ere, iaz, auzoko euskara batzordeak parte hartu zuen lehenengo aldiz jaien antolakuntzan; beraz, dagoeneko hiru dira festen egitaraua prestatzen ibiltzen diren eragileak: Lantxabe auzo elkartea, Aieteko Euskara Batzordea eta ACD Aiete elkartea (Jolastoki izenez ere ezaguna).
Euskara batzordea 2014. urtean sortu zuten, Aieten euskararen erabilera sustatzeko asmoz. Hasieran, jarduera txikiak antolatu zituzten; eta, gutxinaka, euren jarduna zabaltzen ari dira. Halaxe egin nahi dute jaietan ere: « Konturatu ginen Aieteko jaietan hutsune moduko bat zegoela, eta bertan ere presentzia izaten hasi ginen iaz».
Aurreko urtean, baina, eguraldia ez zuten lagun izan, eta, euriagatik, hainbat jarduera bertan behera utzi behar izan zituzten. Halere, aurten, indartsu datoz, hiru eragileen artean egitarau zabala prestatu baitute.
Jolastoki izango da jai gune nagusia; hain zuzen ere, han emango diete hasiera ofiziala jaiei, gaur, 20:00etan egingo duten topa eta ekitaldiarekin. 17:00etatik aurrera, ordea, jarduerak egongo dira: jolasak, Hiru Damatxo plazan; eta poteoa karro musikatuarekin, Guk Eginan hasita. Azken hori lehenengo aldiz egingo dute, auzoko jende guztia animatzeko asmoz.
Gainera, Aieteko XX. mendeko argazki erakusketa bat aurkeztuko dute, iraila osoan zehar zabalik egongo dena, Topalekun. Gaurko eguna amaitzeko, 20:45ean, kontzertuak egongo dira Jolastokin: Nogen eta Occhi di Farfalla.
Bigarren eskuko azoka
Bihar bigarren eskuko eta truke azoka egingo dute, 11:00etan. «Iaz eguraldiagatik bertan behera utzi behar izan genuen, baina, aurten, Etxadiko arkupetan egingo dugu, jarduera ziurtatzeko», azaldu dute euskara batzordeko kideek.
Bazkari herrikoiaren ostean, herri jolasak egingo dituzte Jolastokin, 17:30ean, eta, lehen aldiz, danbor hotsak entzungo dira Aieteko kaleetan. Hiru Damatxo plazatik irtengo da 17:00etan eta Etxadi, Topaleku, Munto, Otxanda plaza eta Jolastokitik pasako da, 20:00ak arte. Momentuz, 60 lagunetik gora eman dute izena danborradan parte hartzeko.
Jaietako beste berritasunetako bat izango dira igandeko Aieteko estropadak. Euskara batzordeko kide bati bururatu zitzaion ideia: «Urtero Aieteko festetako programan aipamen bat egiten zaio Kontxako Banderari. Baina hemengo festak izanik, pentsatu nuen polita izango zela gure estropadak egitea, Aieteko estropadak. Gainera, iaz, inkesta bat egin genuen auzoan zehar, jendeak festetan nahiko lituzkeen jarduerak ezagutzeko. Askok goitibeherak proposatu zituzten, bada, hau antzeko zerbait da».
Beste kideei ideia gustatu zitzaien, eta aurrera egitea erabaki zuten. Egurra erabili dute traineruak eraikitzeko, eta euren asmoa da arrabol batzuen gainean jartzea traineruak nolabait mugitzeko. Partaideak hiru lagunez osatutako taldeetan banatuko dituzte, eta bik traineru barruan arraun egiten duten bitartean, hirugarrena kanpoan egongo da, arrabolak mugitzen: «Aurrean dagoen arrabola hartu eta atzean jarri beharko du, ahalik eta azkarren aurrera egiteko. Barruan daudenak makil batekin bultzatzen ibiliko dira nolabait. Jolastoki aldapan dago, beraz, mugimendua egongo da».
Gainera, banderatxo bat jarriko dute alde batean, ziaboga moduko bat irudikatu nahian. Hori guztia 10:00etan hasiko da eta barrikotea ere egingo dute, baina 11:00ak aldera pantaila handi bat jarriko dute, Kontxako Bandera Aietetik bertatik ikusteko.
Katxola baserrian ere bai
Datorren astean zehar ere jarduera mordoa prestatu dituzte Aieten. Besteak beste, ostiralean, hilak 15, malabare tailerra, oreka eta akrobazia jolasak egingo dituzte, 16:30etik aurrera, Jolastokin.
Larunbatean, hilak 16, Miramongo anfiteatroan kontzertua eskainiko dute Easo Abesbatzako Cum Jubilok, Sergio Pedrousok zuzenduta. Gainera, Katxola baserrian ekitaldi ugari egingo dituzte 19:30etik aurrera; tartean, erromeria trikitixa, tailerrak, zizka-mizka eta musika herrikoiarekin.
Hilaren 17an, igandean, kantu jira eta txistulariak ibiliko dira auzotik, eta herri bazkaria egingo dute Topalekun. Amaitzeko, eta jaiak luzatzeko xedez, irailaren 23an, 11:30ean, sagar bilketa egingo dute Zabalegin.

Txomin Eneako jai batzordeko kide batzuk, puzgarrietan. (Argazkia: Hitza)
Txomin Enea eta Jolastokietako jaiak ere hemen dira
Aieten ez ezik, Txomin Enean eta Jolastokietan ere jaietan murgilduko dira egunotan. Zehazki, gaur piztuko dute festa Txomin Enean, igandera arte; eta, Jolastokietan, datorren astean ospatuko dituzte, hilaren 13tik 17ra.
Txomin Enean jarduera handiak egiteko proposamenak jaso izan dituzte, baina, oraingoz, duten espazioagatik ezin dituzte horiek antolatu. «Ea etorkizunean, Txomin berriarekin, aukera dugun!», diote jai batzordekoek.
Halere, jarduera ugari prest dituzte hiru egunetarako. 19:00etan txupinazoa botako dute, eta Eureka Dance taldearekin emango diete hasiera festei. Ondoren, 20:00etan, triki poteoa egingo dute, eta 23:00etatik aurrera Tsunami Orkestrarekin dantzaldia egongo da.
Bihar, egun osoko egitaraua izango dute: marrazki eta pintura lehiaketa (13:00etan), Disney ikuskizun berria (19:00etan) eta ikuskizun piromusikala, Brasil, alaitasuna eta kolorea izenburupean (23:00etan). Ordu txikitan, 01:00etan, Miss eta Mister Txomin hautatuko dituzte auzotarren artean, eta ondoren, Remember festa egingo dute karpan.
Igandea ere egun osoko jaia izango da. Besteak beste, herri kirolak egingo dituzte haurrentzat, 13:00etan, eta, 19:00etan, apar festa izango da nagusi pistan. Festen amaiera Acoustic Gedar Rock Covers taldearen musika, buruhandi eta zezen suzkoarekin iritsiko da.
Jolastokietako krosa
Jolastokietan, datorren asteburua izango da indartsuena. Hilaren 16an, haurren eguna ospatuko dute; tartean, 11:00etan, xingola lasterketa bizikletan eta, 13:00etan, apar festa egingo dituzte. 17:30ean, berriz, XXXII. kros herrikoiaren txanda izango da.
Hilaren 17an, Casares-Tomasene kultur etxearen XXX. urteurrena ospatuko dute. Tortilla lehiaketa 12:00etan izango da; 17:15ean, dantza jaialdia eskainiko dute; 17:30ean, herri kirolak egingo dituzte frontoian; 18:30ean, sagardo eguna; eta, 20:00etan, diskoteka ibiltari bat antolatu du