Herritar talde batek Parte Zaharreko Kale Nagusiko etxebizitza bat okupatu du, bertan hotel bat eraikitzea saihesteko. Erakundeak turismoaren arazoaren parte direla uste dute.
Kale Nagusian dago egin nahi duten hotelaren eraikina. (Argazkia: Lide Ferreira)
Prentsaurreko jendetsua egin zuen larunbatean herritar talde batek. Jakinarazi zuten Parte Zaharrean hotel bat egitea eragozteko etxebizitza bat okupatu dutela. Kale Nagusiko 18. zenbakian dago: «Baimen gehienak lortu ditu enpresariak eta udal gobernuaren eta Arkitektura sailaren esku geratzen da azkenak sinatzea». Gertatutakoaren harira, Irutxuloko Hitzak etxebizitza okupatuan bizi diren Argi Etxeberria eta Suao Telarirekin hitz egin du.
«Etxebizitza okupatu genuen ekainean. Bertan bizitzen ari ginela jakin genuen hotel bat egin nahi zutela, eta eraikinaren jabeak turismoarekin lotura duten beste lokal ugari dituela», azaldu du Telarik. Hori jakinda, gaia lantzen hasi ziren: «Erantzun bat emateko turismoaren arazoari».
Eraikinari buruzko informazioa biltzen hasi ziren, eta hainbat datu aurkitu zituztela dio Etxeberriak: «Eraikinaren jabetza Zaragueta familiarena da, baina Asier Arriola Arriola enpresariak kudeatzen du. Bera ari da hotelaren proiektuarekin, Zaragueta familiaren onespenarekin».
Bestalde, jakin dute eraikinean hamahiru etxebizitza daudela: «Hirutan, auzoko jendea bizi da, beste bat da beraiek okupatu dutena, eta gainontzeko etxebizitza guztiak enpresariaren negozioetako langileei alokatzen dizkiete. Gainera, badakigu, euren botereaz baliatuta, presioak egon izan direla jendea euren etxeetatik botatzeko», gehitu du Etxeberriak.
Uztaila amaieran, salaketa baten ondorioz, etxebizitzan bizi diren lau lagunetik bat identifikatu zuten; eta, hilabete honetan, gauzak azkartu egin direla diote: «Gure ikerketetan lortutako informazioa egiaztatu dugulako eta ikusten dugulako kaleratzea gertuago dagoela».
Auzotar batzuekin hitz egin dute eta eurak ere ez daude ados hotela eraikitzearekin: «Harritu gintuen jakiteak bizilagun gehienak ere nazkatuta daudela turismoaz, eta hotelarena izugarria iruditzen zaiela. Betikoek dirua lortzeko dela. Azkenean, kapitalismoak areagotzen ditu desberdintasun sozialak. Turismoak lana sortzen duela diote, baina badakigu zein motakoa izaten den…», nabarmendu du Telarik.
Eraldaketa
Etxeberriaren arabera, turismoak hiria bera eraldatzen duela dio, eta horregatik baztertzen dutela: «Turistak jasotzeko, eraikin horretako hamahiru etxebizitzetan bizi litezkeen familiek beste norabait alde egin behar izan dute: hori da turistifikazioaren biolentzia».
Bestalde, badakite jabeak hotela egiteko baimen gehienak lortu dituela. «Ingurumen baimena, suhiltzaileena, aldundiak eman diona inguru arkitektoniko berezian egoteagatik… falta zaiena da udaleko arkitektoarena eta udal gobernuarena. Oraindik aukera dute bai ala ez esateko. Baina ez dugu sinesten erakundeek aurre egiten diotenik turismoaren arazoari; beraiek horren parte dira. Hotel hau eraikitzen bada, udalarena izango da erantzukizuna», salatu du Etxeberriak.
Bestalde, udal gobernuak esan du eraikina pribatua dela. «Okupazioaren harira, ez dakit jabea udalarekin harremanetan jarri den. Imajinatzen dut bide judiziala erabili duela. Baimenari dagokionez, guk aztertuko dugu baldintzak betetzen diren ala ez, ez ditugu ematen gustatzen zaigunaren arabera», azaldu zuen Eneko Goia alkateak asteartean.
Etxeberriaren arabera, Zaragueta familiak ez du hotelaren eraikuntzatik lortu dezakeen diruaren beharrik: «Adibidez, eraikina eskaini diezaioke auzoari, horrela, lagunduko luke Parte Zaharra berpizten».
Oraingoz, lanean jarraituko dute jendearen babesa lortzeko: «Batzuk ez dute begi onez ikusten okupazioa, baina guretzako eraikina borroka tresna bat da; turismoaren arazoa aurretik dago, eta gu horri aurre egiteko ari gara etxebizitza okupatzen. Ekintzaren bidez, botereak kentzen diguna guk geuk hartu eta auzoko sareak indartzen jarraituko dugu».