Santa Teresa komentua. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Aldundiari eskatuko diote idatziz azter dezala Santa Teresa eraikinaren bideragarritasuna. Zergak mantendu badituzte ere, tasek gora egin dute.
Parte Zaharreko Santa Teresa komentuko eraikina Orixe ikastolari emateko konpromisoa hartu zuten udaleko alderdiek iaz. Oraindik, horretan jarraitzen dute.Izan ere, EAJk, PSE-EEk eta PPk gaiaren inguruko mozio arrunta aurkeztu dute, eta, babesa adierazi diote Irabazi Donostiak eta EH Bilduk, nahiz eta hainbat desadostasun azaldu dituzten.
Miren Azkarate EAJko zinegotziak azaldu du mozioaren helburua dela Gipuzkoako Foru Aldundiari bideragarritasun azterketa bat egiteko eskatzea. EH Bilduk eta Irabazi Donostiak, aldiz, udal gobernuak “aurpegia garbitzeko” modu bat dela salatu dute.
“Haserre gaude eta uste dut udal gobernu honen konpromiso falta nabarmendu behar dela”, azaldu du Naiara Sampedro EH Bilduko zinegotziak. Izan ere, gogora ekarri dute uztailean Denis Itxaso Aldundiko Kultura diputatuak eta Ernesto Gasco PSE-EEko zinegotziak Santa Teresa eraikinaren harira emandako prentsaurrekoak haserrea eragin zuela bizilagunen artean: “Eraikina enpresa pribatu bati utziko ziotela jakinarazi zuten; Enpresa-diseinu eskola bat jarriko dute”. Gascok, berriz, azaldu du eraikina hutsik egotea baino hobea dela, eta, enpresa horrentzat beste eraikin bat aurkitu nahian dabiltzala.
Alderdi guztiek erakutsi dute prestutasuna SantaTeresa eraikina Orixerentzat izan dadin eta Aldundiari pausoak emateko eskatu diote.
Tasak: ura eta zaborrak
Udal gobernuak hainbat tasen igoera onartu du Udalbatzarrean; tartean, urez hornitzeko zerbitzuen tasak eta zaborra biltzeko zerbitzuen tasak. Hauexek izan dira, hain zuzen ere, alderdien artean eztabaida gehien sortu dutenak. Dena den, udal gobernuak azaldu du ia ez duela zergarik igo eta tasak ere azken sei urteetako igoerarik txikiena izan dutela.
%5 egin du gora Zaborra biltzeko zerbitzua emateko tasak. Oposizioko taldeei gehiegizkoa iruditu zaie kontuan hartuta herritar orori eragiten diola: “Tasa honek ez du aintzat hartzen jendearen egoera ekonomikoa”. Udal gobernuak, aldiz, argudiatu du “defizit” handia dagoela arlo horretan eta gaineratu du zaborraren kasuan gehien ordainduko duela zabor gehien sortzen duenak: «Ingurumenari begira ere hobekuntza bat da». Bestalde, EAJk azaldu du ezinekoa dela birziklapenean eta ingurumenean “aurrerapausoak” ematea tasak igotzen ez badira.
Urez hornitzeko zerbitzuak eskaintzeko tasak ere gora egin dute. Udal gobernuak azaldu du hiriko kontagailuek urte asko dituztela, eta, beraz, aldatu egin behar direla: “Horrek gastu handi bat suposatuko du”. %3 igo nahi zuten tasa baina Udal gobernuak EH Bilduren proposamena onartu du, eta modu progresiboan egingo dute: “Erabilera indibidualerako %2 igoko da eta bestelako erabileretarako %4,47”.
Irabazi Donostiak eta EH Bilduk uste dute “behar ez den lekutik” igo dituztela tasak. Esaterako, EH Bilduk bigarren etxebizitza hutsa edukitzeagatik ordaintzen den Ondasun Higiezinen gaineko Zerga %25etik %50era igotzea proposatu du, eta Irabazi Donostiak, berriz, etxe hutsa kontsideratzeko baldintzak malgutzea. Ez dira proposamenak onartu.
Bestalde, EH Bildu taldea Udalbatzarretik atera da Kataluniako galdeketari babesa adierazteko, Alderdi Ederren egin duten elkarretaratzera joateko. Udalbatzarrean bertan ere esteladak eta boto paperak jarri dituzte.