"Etorkizunean izango dugun Parte Zaharra eraiki nahi dugu"
Parte Zaharraren kudeaketa bateratua eta partaidetzazkoa egiteko proposamena osatu du Jon Insausti EAJko zinegotziak. Bere auzoa hobetzen laguntzeko gogoz dago.
Zergatik aurkeztu duzue orain proposamena?
Parte Zaharrean arazoak eta kexak historikoak izan dira. Horregatik beti egon izan da udaletik erantzun bat emateko nahia, udal gobernu guztietan. Hala ere, kontua da orain arte arazoak indibidualki konpontzen ahalegintzen zirela; hau da, zaratarekin arazo bat bazegoen Ingurumen saila arduratzen zen. Dokumentu honek daukan berritasuna arazo guztiak barne hartzen dituela da; ikuspegi integral bat daukala. Izan ere, arazo guztiek dute harremana beraien artean.
Parte Zaharreko arazoak historikoak direla aipatu duzu. Baina beti eduki izan ditu arazo berberak?
Ez. 2017. urtean ditugun arazoak ostalaritza, jende gehiegi, zaborra eta zarata izan daitezke, adibidez. Baina 80ko hamarkadako arazoak beste batzuk ziren; kale borroka eta drogak, esaterako. Parte Zaharrean droga asko kontsumitzen zen, eta arazo horri irtenbide bat emateko, hainbat leku ilunetan eta jende asko ibiltzen ez zen lekuetan terrazak jarri ziren. Gaur ez luke inongo zentzurik edukiko terraza gehiago jartzeak.
Auzoaren diagnostiko moduko bat osatu duzue.
Orain dela urtebete inguru Parte Zaharrean Bizi auzo elkartearekin batu ginen, eta auzoaren diagnostiko bat egiteko beharra azpimarratu zuten, gaur egun Parte Zaharrak zituen arazo guztiak jasoko zituena. Argazki hori egiteko hiru dimentsio hartu ditugu aintzat. Horrela, bestelako arazo batzuekin ere aurkitu gara. Esaterako, Parte Zaharrean 60 urtetik gorakoen kopurua handia da, eta, etxe askok ez dute igogailurik. Azterketa egiterakoan ohartu gara agian badagoela amona bat seigarren pisu batean bakarrik bizi dena igogailu gabe. Auzoan detektatu ditugun arazoak hartu eta arazo bakoitzari konponbide bat proposatzen ahalegindu gara; horietako batzuk abian daude dagoeneko, beste batzuk abiatuko ditugu, eta beste batzuk aurrera go egiteko utzi beharko ditugu.
Adibiderik jarri dezakezu?
Zaratarekin eta zaborrarekin arazo handia dago Parte Zaharrean. Garbigailuak oso goiz sartzen dira auzoan eta kristala jasotzerakoan, adibidez, zarata handia ateratzen dute. Arazo hori konpontzeko Euskal Herriko Unibertsitatearekin harremanetan jarri nahi dugu, ea zaratarik gabe jasotzeko sistemaren bat ba ote dagoen ikertzeko. Beste lekuetan nola egiten duten ere begiratu dugu, eta batzuetan lur azpiko sistemak erabiltzen dituzte, baina hori oso garestia ateratzen da, eta epe laburrean ez dugu horrelakorik aurreikusten. Bestalde, gaur egun gero eta gehiago erabiltzen dira garbitzeko ibilgailu elektrikoak. Horregatik, hemendik aurrera udalak eskuratzen dituen heinean lehenengo Parte Zaharreko ibilgailuak aldatuko dira.
Diagnostiko bat eta proposamen bat egin duzue. Hau hasiera bakarrik da?
Guk osatu dugun txostena zirriborro bat da, eta orain horren gainean lan egin beharko dugu. Lehenengo Parte Zaharreko eragileak identifikatu behar ditugu. Momentuz, Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteari helarazi diegu eta orain beraien oniritziaren zain gaude. Esan digute aste batzuk hartuko dituztela aztertzeko. Gure helburua da ahalik eta jende gehien biltzea mahai baten bueltan nolako auzo eredua nahi dugun eztabaidatzeko. Hala ere, bizilagunek eskatzen digutena ekintzak dira; helburu errealak jarri dizkiogu geure buruari eta ahaleginduko gara horiek betetzen.
Zer esan nahi duzu helburu errealekin?
Etorkizunean izatea nahi dugun Parte Zaharra eraiki nahi dugu. 2030ean auzo euskalduna, segurua eta bizitzeko auzo bat nahi dugu. Dokumentuak epe luzeko ikuspegia dauka baina gu errealista izan behar dugu. Guk badakigu udalean ziur 2019. urtera arte egongo garela, baina hortik aurrera ez dakigu. Beraz, urte hauetan egin ditzakegun gauzekin 2019ra bitarteko kronograma bat osatu dugu; eta dagoeneko lanean ari gara.
Neurri batzuk hartu dituzue, beraz, dagoeneko?
Hor dago adibidez pisu turistikoen ordenantza berria. Bestalde, Konstituzio plazako jarduerak gutxitzea izan da bizilagunen eskarietako bat, eta hor ere jarri dugu ahalegina. Aste Nagusiko berbenak kendu ditugu, eta Jazzaldian bertan jarri ohi zen agertokia ere bai.
Parte Zaharreko bizilaguna zara zu ere. Nola bizi duzu auzoaren egoera?
Beti egon dira auzoan arazoak zarata eta zaborrarekin, adibidez. Hala ere, uste dut gauza on asko ere baditugula Parte Zaharrean. Zerbitzu asko ditugu beste auzoetan baino hobeak, garraio publikoa, adibidez. Nostalgiko samarra naiz eta egia da gauzak aldatu direla; orain ezin da futbolean jolastu Konstituzio plazako arkupeetan, lehen porteriak jartzen genituen.
Parte Zaharraren kudeaketa bateratua eta partaidetzazkoaren inguruko erreportajea: Arazoak identifikatu dituzte


