"Igoerarekin pozik bagaude ere, gogorra izan da berriro ere Illunbera itzultzea"
Egonkortasuna lortzea du helburu Gipuzkoa Basketek, alderdi guztietan; ACB ligara itzulita, mantentzea dute erronka nagusi gisa, emaitza onek zaleak erakarriko dituztela uste baitute, eta babesle nagusia ere gertu ikusten dute.
Nekane Arzallus; Gipuzkoa Basketeko presidentea.
Emakumezko presidente bat duen ACBko klub bakarra da Gipuzkoa Basket. Emakumea eta euskalduna da Nekane Arzallus, Astigarragako Ergobia auzokoa dela harro dio, eta pozik dabil azkenaldian, garai onak iritsi baitira klubera, urteetako lanaren ostean. Egoerak zentzu guztietan hobera egingo duela ziur dago, eta klubean gutxi diren arren, lanean gogor ari direla dio. Nola gogoratzen duzu Gipuzkoa Basketera iritsi zinen garaia? Ni iritsi nintzenean, Kirol Sozietate Anonimoa izatera igaro zen. Aldaketak egon ziren zuzendaritzan eta orduan sartu nintzen, Miguel Santosen bidez, 2007-2008 denboraldian. Aurretik, 2005ean, Miguel aurkeztu zen Realeko presidente izateko, eta orduan hasi nintzen berarekin harremanetan. Berak beti zioen emakumeak nahi zituela taldean, eta ez itxura egiteko, lanerako baizik. Ez genuen lortu Realekoa, baina bi urtera deitu zidan saskibaloiko proiekturako. Ilusio handiz hartu nuen erronka, beti izan baitut kirola maite eta beti ibili izan naiz saltsa askotan sartuta. Aukera polita zen talde profesional batek barrutik nola funtzionatzen duen ezagutzeko, eta berak nigan jarri zuen konfiantza. Oraindik ere gurekin harremanetan jarraitzen du Miguelek, beti dago laguntzeko prest. Azken bi urtean presidente postuan aritu zara. Bai, Alvaro Bilbaok presidente postua hartu zuenean, presidente orde karguan sartu nintzen. Duela bi urte Alvarok utzi egin zuen, lan kontuengatik. Kontseilukoek esan zidaten uste zutela pertsona aproposa nintzela postua hartzeko, eta hemen nago. ACBren historian bigarren emakume presidentea zara. Pepita Merce izan zen lehenengoa, L’Hospitalet-en. Bai, sei hilabetez iraun zuen berak, eta ni naiz hurrengoa. Mundua horrela dago, momentu honetan emakumeak aurrerantz goaz, baina oraindik falta da. Ez naiz sekula gaizki sentitu, errespetu guztiarekin tratatu naute. Egia da ez dela erraza, eta batzuetan zu zeu sentitzen zara deseroso, baina baditu beste gauza on batzuk. Kantxan Urrezko LEB liga irabazi eta igoera lortuta ere, arlo ekonomikoa landu beharra zenuten ACBra itzultzeko. Udara oso gogorra izan da? Joan den uda gogorra izan da, apirilaren 21ean lortu genuelako igoera, eta irailera arte ez dugu jakin non egongo ginen. Baina bueno, hemen gaude berriro. Udak nahiko gogorrak izan diraazken lauzpabost urtean. Agian kirol arloan ez genuen mantentzea lortzen, eta gero, ez zenez inor ere igotzen, berriro ere guk genuen aukera, eta hor etortzen ziren buruko minak ekonomikoki. Duela bi urte berriro jaitsi ginenean, erakundeekin bat egin eta erabaki genuen bigarren maila horretan geratzea, eta uste dut erabaki ona izan zela alde guztietatik. Ekonomikoki buelta ematen ari gara, eta kirol mailan urteak generamatzan asko sufritzen, emaitza oso txarrekin, eta iaz ilusioa itzuli zen. Jendeari irabaztea gustatzen zaio, eta gutxitu egin ziren. Iaz uste dut denek lasaiago bizi izan genuela dena eta gozatu egin genuen, bigarren mailan egonda ere. Onuragarria izan da denontzako Urrezko LEB mailan egotea, eta horri esker orain goian gaude. Kluba indarberrituta atera da? Bai, arlo guztietatik, horretan ez dut zalantzarik. Hala ere, bagenekien zaila izango zela lehenengo partidetan zalegoa izatea aurretik izandakoaren modukoa. Lehenengo urteetan 7.000 bazkide izatera iritsi ginen, eta itzultzea lan gogorra izango da. Emaitzek aginduko dute. Lehenengo partida asteazken batean izan zen, eta jende gutxi joan zen; joan de igandean jende gehiago joan zen, eta ziur nago taldeak borrokatzen badu, pixkanaka zaleak itzuliko direla. Zale asko galdu genituen, baina ez bigarren mailan egoteagatik. Azken hiru urtean beherantz joan dira. Denok asko sufritu dugu, eta gauza asko egin behar ditugu zaleak itzultzeko. Porfi Fisacek jarraitzen du entrenatzaile postuan. Argi zenuten? Bai, denok genuen argi, bera da entrenatzailea une honetan. Apustu handia egin zuen iaz gurekin egoteko, gure egoera ekonomikoa ikusita ere. Merezi zuen hemen egotea eta guk ere merezi genuen bera gurekin egotea. Uste dut ezaugarri oso onak dituela Porfik, batez ere nola maite duen Gipuzkoa, saskibaloia eta zein gogo duen hemengo jokalari gazteak ateratzeko. Donostiako bi entrenatzaile ditu ondoan Fisacek, Sergio Garcia eta Bully Oyon. Erabaki estrategikoa izango zen, noski. Bai, Porfik ere argi zuen, eta talde ona osatzen dute hirurek. Ez da bakarrik erabaki estrategikoa, ikusten dugu balio dutela. Iaz ikusi genuen Bullyk paper ona egin zuela eta ziur nago Sergio ere ongi arituko dela. Osatu duzuen jokalari taldearekin gustura geratu zarete? Egia esan, dauzkagun baliabideekin uste dut talde onena dela. Taldea egiteko momentuan esaten zizkidaten izenekin pozik nengoen, batez ere ikusten nuelako zirela jokalariak gosearekin eta ACBn jokatzeko gogoarekin. Horrek asko egiten du. Porfic, gainera, bere lan egiteko erarekin, taldea egiten du, harremanak sendotzen ditu. Ikusten nuen nahasketa ona zela, eta horrela gertatzen ari da. Easorekin eta Iraurgirekin badituzue akordioak jokalari gazteak bideratzeko, ezta? Easorekin badaramatzagu urteak lanean. Iaz aritu ziren jokalari batzuk gurekin entrenatzen eta Porfik ikusten zituen jokalari batzuk ACBra iristeko aukerekin. Akordio bat egin dugu, Iraurgirekin badugun bezala. Zabaldu egin nahi ditugu halakoak Gipuzkoako talde guztietara. Porfik argi du aukerak eman nahi dizkiela hemengo jokalariei, eta uste dut alde horretatik lan ona egiten dugula. Denboraldi hasiera ona izaten ari da emaitzei dagokienez. Bai, hasiera izaten ari da oso ona. Pena izan zen igandean partida bi punturengatik galtzea, jendearentzako bultzada handia izango baitzen, hirugarren garaipena jarraian. Kontentu gaude, oso. Azkenaldiko lorpenekin poztasuna nabaritzen duzue inguruan? Bai. Kaletik noala askotan esaten didate zeozer eta mezuak bidaltzen dizkidate zoriontzeko. Poza ematen du, azken urteetan ez baikaude horrelakoetara ohituak. Maila mantentzea da helburua? Printzipioz bai. Oraindik liga hasiberria da eta hankak lurrean ditugu. Horrek ez du esan nahi ez dugunik lanik egingo gorago egoteko. Guk lagunduko diegu, baina entrenatzaileen eskuetan utziko dugu. Zein erronka jarri duzue bazkideei begira? Erronka izango litzateke Illunbe betetzea, baina hori badakigu oso zaila dela. Gustatuko litzaiguke, behintzat, orain Illunben egin dugun murrizketarekin, 5.000 zaleetara iristea. Partida bakoitzeko 500 lagun gehiago joaten badira, pixkanaka betetzen joango da. 1.000 bazkide inguru baditugu oso fidelak, beste batzuk inguratzen ari dira, eta beste batzuk emaitzen arabera gerturatuko dira. Illunben gustura zaudete edo nahiago duzue Gaska? Gaskan gertutasuna duzu, eta Illunben hori lortzea oso zaila da. Oso handia da, ez bakarrik partidak ikusteko, guretzat ere entrenatzeko ez da leku aproposa, baina besterik ez dagoenez… kostatu zaigu buruan sartzea igoerarekin berriz ere Illunbera igo behar ginela. Ahaleginean ari gara egoera berrira egokitzeko, aldaketa batzuekin. Igoerarekin pozik bagaude ere, gogorra izan da berriro ere Illunbera itzultzea. Klubak orokorrean zer du buruan? Egonkortasuna bilatzea, arlo guztietan, kirolean, ekonomikoki, zaleen aldetik… Urtero atzera eta aurrera ibiltzeak ez digu utzi normaltasun batean lan egiten, eta, orain, gogor ari gara lanean. Bulegoan lagun gutxik lan egiten du eta gauza asko daude egiteko. Denen lana eskertzekoa da. Babesle nagusi baten bila jarraitzen duzue? Bai. Babeslearen bila gabiltza eta ea egun gutxitan zerbait esan dezakegun horren inguruan. Hiriko gainontzeko klubekin harreman estua duzue? Oso harreman ona dugu, eta ahal dugun bitartean denok laguntzen diogu elkarri. Datozen partidetarako gogotsu egongo zarete, noski. Egutegi polita datorkigu, gertu ibiliko gara, gainera. Igandean Gasteizen jokatuko dugu, gero Bilbao Basket dator, eta gero Zaragozara goaz. Interesgarria egongo da, eta ea aukera dugun irabazteko. Momentu honetan, gizonetan eta emakumeetan hiruna euskal talde ditugu goi mailan. Uste dut saskibaloiaren egoera oso ona dela Euskal Herri osoan.