Hogei urte inguru daramatza sukaldari gisa Asier Okarizek; sukaldaritza lanbidea du, baina, aldi berean, horixe du pasiorik handiena, eta bere enpresa sortu berri du: Zuk jan.
Asier Okariz, sukaldaria.

(Argazkia: Estitxu Zabala)
Ez da Donostian jaioa, baina bizi erdia darama hirian bizitzen Asier Okarizek (Urretxu, 1979). Sukaldean maitasunez aritu behar dela uste duen horietakoa da, eta pixkanaka bere bidea egingo duela ziur dago.
Zein izan da zure orain arteko ibilbidea?
Mota askotako jatetxeetan ibili naiz, leku askotan: Kanarietan, Bilbon, Bartzelonan, Menorkan… mugitu naiz ahal nuen guztia eta gehiago. Era askotako sukaldaritza probatu dut, abangoardista, klasikoa, etxekoa…
Nola azalduko zenuke zure oraingo proiektua?
Autonomo gisa hasi naiz eta Zuk jan enpresa sortu dut. Batetik, ikastaroak ematen ditut, eta, bestetik, enkarguak egiten ditut. Adibidez, kuadrilla batek bazkari bat egin nahi badu, hogei lagunentzat, ni arduratzen naiz guztiaz. Beraiekin hitz egiten dut, aurrekontua egiten diet eta arduratzen naiz janaria erosteaz; euren elkartera joaten naiz eta bazkaria prestatzen diet. Hasierak beti zailak izaten dira, baina pixkanaka uste dut aterako dudala, ilusioa ez zait falta.
Gogoko duzu irakasle gisa aritzea?
Bospasei urte daramatzat irakasle gisa. Sukaldean gogoz eta maitasunez aritu behar da, zuk egiten duzun guztia transmititzen delako. Nik gogoko dut sukaldean aritzea eta jendeari irakastea. Aldaketa handia da jatetxe batean ordu pila sartzetik eta presiopean aritzetik, irakasle izatera. Nik ongi daramat presioa jatetxeetan, eta irakasle aritzea ere oso polita iruditzen zait, pazientzia asko behar den arren. Oraindik ikasten ari naiz nola irakatsi.
Zein ikastaro eman izan dituzu?
Iaz Amarako Donosti Berri elkartean eman nuen bat, sukaldaritza elegantea etxean egitekoa, eta orain beste bat ematen ari naiz, barazkizaleentzat. Hernaniko Biteri kultur etxean ere kontratatu ninduten, aurreko ikasturterako eta honetarako. Udazkeneko garaiko produktuekin ari naiz ematen ikastaroa Hernanin, eta, gero, pintxoena emango dut, iaz bezala. Donostian zaila da sartzea kultur ikastaroetan, enpresa batek kudeatzen dituelako ikastaro guztiak, beraz, nire kontu nabil, herriz herri nire ikastaroak proposatzen.
Donosti Berrin hasi duzun ikastaroa zertan datza?
Iaz batez ere teknikak azaldu nituen, eta, aurtengoak izena du Barazki Otorduak. Jende asko dabil janari mota hori jaten, eta ez daki erabiltzen produktuak. Zereal mota asko daude, soja mota asko daude… eta lortu nahi dut beldurra kentzea jendeari ikastaro honekin. Menu osoak, eleganteak eta osasungarriak egin daitezke horrelako produktuekin. Atzerriko plater asko ere erabiltzen ari naiz, japoniarrak, mexikarrak…
Nola antolatzen duzu ikastaroa?
Astelehenero dira tailerrak, 19:00etatik 22:00etara. Astero menu bat prestatzen dugu, eta bukatzen dugu egin duguna afaltzen elkarrekin. Hiru multzotan banatzen gara, batzuk lehenengo platera egiten dute, besteek bigarrena, eta beste batzuek postrea. Postrea beti beganoa izaten da, animalia eratorriko ezer ez duena.
Zein perfileko jendea animatzen da ikastaroetara?
Denetarikoak. Badaude hogeitamar urte ingurukoak, agian ideiarik ere ez dutenak, eta zerbait egiten ikasi nahi dutenak. Badago ere sukaldean dakien jendea, baina hobetu nahi duena. Gizonezko erretiratuak ere badaude, alargun geratutakoak, sukaldean ikasteko beharra dutenak. Eta niretzat onenak dira etxekoandreak; ohituak daude betidanik euren etxean sukaldean aritzera, baina berritu egin nahi dute. Beraz, jendea oso gustura etortzen da, ilusio askorekin, eta pozik.
Zer egin behar du ikastaroetan parte hartu nahi duenak?
Nire telefono zenbakira deitu dezakete: 688 86 25 74, edo posta elektronikora idatzi: zukjankurtsoak@gmail.com. Egun bakoitzeko 20 euro ordaindu behar dira. Hamar tailer prestatu ditut, baina jendeak jarraitzeko gogoa badu, gehiago emango ditut. Gehienez hamar lagun elkartzeko aukera ematen dut, denek zerbait egiteko aukera izateko;?eta bakoitzak aukera du behin edo gehiagotan etortzeko. Niretzako errazagoa litzateke ikastaro oso bat egitea, baina askeagoa izanda aukera eman nahi diot jendeari errazago sartzeko eta nahi duenean etortzeko.
Gero eta gehiago dira kontsumo taldeen bidez zuzenean barazkiak baserritarrengandik jasotzen dituztenak. Badituzu halakoetan dauden ikasleak?
Bai, eta askori gertatzen zaie barazkiekin beti gauza berdinak egiten dituztela, eta galdetzen didate zer egin dezaketen. Adibidez kuia purean bakarrik egin beharrean, plantxan edo eztiarekin eta sojarekin egin daiteke.
Denbora falta izaten da maiz sukaldean ez aritzeko aitzakia, ezta?
Bai, jendea eroen pare ibiltzen da. Lanera joan, eta gero beste ez dakit beste zenbat kontu, eta, azkenean, oso gaizki jaten dugu. Sukaldea estresa kentzeko leku bat da, lasai hartzekoa. Jendea askotan sukaldean estresatu egiten da; musika jar daiteke, zerbait edan, eta pixkanaka egin. Askori esaten diet larunbat edo igandean egiteko, eta aste guztikoa prestatzeko. Korrika eta presaka ezin da ibili sukaldean, pazientzia behar da. Kontua ez da zure lagunengatik edo maitalearengatik egitea, zure buruari eman behar diozu ohorea, hori oso garrantzitsua da. Jendea animatu dadila osasungarri eta dibertigarri jatera. Helburua da ikasiz ondo pasatzea.
Menu bat gomendatuko zenuke?
Ikastaroaren barnean dudan bat esango dut. Lehenengo, tipulin egosiak eta barazkiekin beteak, gaztarekin gratinatuak. Gero, hanburgesak kinoarekin eta barazkiekin, arraultzarekin nahastuak, eta sesamoarekin gainetik. Postrerako, arroz kraskagarria, zereal askorekin eta siropearekin.