Topoaren igarobidearen aurkako protesta martxa egin dute; ehunka lagun bildu dira proiektua salatzeko; azaroaren 18ko manifestaziora deitu dituzte herritarrak.
Lide Ferreira
Satorralaia bizilagunen mugimenduak deituta, protesta martxa zaratatsua eta jendetsua egin dute Antiguan, Topoaren igarobidearen aurka. Ehunka lagun abiatu dira Benta Berri kiroldegitik eta Antiguatik barrena egin dute ibilbidea, hain zuzen ere, proiektuak auzoan eragingo dituen inguruetan ibili dira. Asko gara hemen Metroaren kontra; Metroaren pasanteari ez; Donostiak ez du metrorik behar; Donostia ez zulatu eta beste hainbat aldarrikapen entzun ahal izan dira. Haurrak, gazteak eta helduak bildu dira protesta egiteko, eta martxa Jose Maria Sert plazan amaitu da. Bertan hitz egin dute antolatzaileek.
“Bada garaia herritarron ahotsa entzuteko, gure iritzia kontuan hartzeko, kontsultatzeko, galdetzeko!”, esan dute. Antiguakoen beharrei erantzuten ez dien “makroproiektu” baten aurrean dagoela auzoa salatu dute, eta horrek bi ondorio izango dituela. Batetik, diru publikoaren “xahutzea” eta auzoak dituen gune publiko “eskasak” –”esaterako, kirol guneak”– egungo eta gerorako beharretarako hipotekatzea; eta, bestetik, ondorio praktikoak (“obren lau urteko iraupena, eraikinak arriskuan jartzea, autobusen desagertzea…”).
Azaroaren 18a, manifestazioa
Horregatik, dei egin diete herritarrei Topoaren igarobidearen aurka aktibatu eta kalean egoteko, “auzoaren benetako beharrak entzun ditzaten eta kontuan izan gaitzaten”. Horretarako, Satorralaiak esan du auzotarrak informatzen jarraituko duela, kalera irtengo dela, eztabaidak proposatuko dituela eta egoerak salatu ere bai. Beraz, sortu dituzten dinamika eta deialdietan parte hartzen jarraitzeko eskatu diete herritarrei. Hurrengoa azaroaren 18an izango da. Inposaketarik ez! Stop metroari lelopean manifestazioa egingo dute 17:00etan, Antiguatik Bulebarrera. Ibilbide osoa egin nahi ez dutenek, Artzain Onaren parean manifestazioarekin bat egiteko aukera izango dutela esan dute, 17:45ean.