Erortzen ikasi du Ze Esatek! taldeak
Parte Zaharreko Rekalde tabernan aurkeztu du Ze Esatek! taldeak Ibilita ikasten da erortzen bosgarren diskoa –osorik entzun–. Orain arteko “rockeroena” dela dio Baga Biga diskoetxeak, eta baita laburrena ere. Ez da 25 minutura iristen. Aurkezpenean eskaini duten solasaldia luzeagoa izan da, ordea.
“Astindu txiki bat eman nahi izan diogu proposamenari, musika eta hitzen aldetik”, adierazi du Julen Valderrama gitarra jotzaileak. “Gitarrek indar berezia hartu dute lan berrian, baina ahotsek zein beste musika tresnek ere beraien tokia dute”. Haizeen presentzia gutxitu ez bada ere, abestien egituran beste leku batzuk osatzeko erabili dutela esan du Manex Berzosa tronboi jotzaileak.
Ska zein hardcore festazalea eginez hasi zen Donostiako banda, eta diskotik diskora, izaera mantendu baina gauza berriak probatu dituzte. Oraingoan, Kaliforniako punk rock melodikoaren esentzia nabari da zenbait abestitan. “Sum 41 edo Blink-182 taldeen pop kutsuko punk melodikoan kokatu dugu abesti batzuen soinua”, dio Valderramak.
Izenburutik hitzetara
Sustrai Colina bertsolariak hiru kanturen hitzak egin ditu, eta horietako batetik atera dute diskoaren izenburua. “Erorita ikasten da ibiltzen da ezagutzen dugun leloa. Sustraik, ordea, esaldia irauli zuen, erortzen ikasten dela esateko. Hau da, ikasteko modu bakarra erortzean ematen dela”, azaldu du Valderramak. Colinarekin batera, Andoni Mujikak ere abesti baten letra egin du.
Kolaboratzaile zerrenda luzea du lanak. “Skakeitan taldeko Pello Armendariz abeslariak, Gatibuko Alex Sarduik eta Kobaneko neskek parte hartu dute. Ahotsen aldetik dinamikoagoa da diskoa”, adierazi du Jabi Rodil abeslariak.
Durangoko Azokan aurkeztuko dute zuzenean, Ahotsenea gunean, eta 2018 hasieran abiatuko dute kontzertu bira. Noski, Donostian ere eskainiko dute aurkezpen kontzertua.