Bidebietako Instituaren aldeko prentsaurrekoa egin dute. (Argazkia: Lide Ferreira)
Eusko Jaurlaritzak Bidebietako Institutu publikoa ixteko duen asmoaren aurrean, auzotar, guraso eta ikasleak batu dira. Marea Horia izena hartu du taldeak, institutuaren eraikin horiari erreferentzia eginez. Hori kolorea ere eraman zuten mugimenduko kideek asteazkeneko udalbatzarrera. Nahiz eta udal gobernuak institutu publikoa ez ixteko konpromisoa hartu duen, Bidebietakoak haserre daude ikusitakoarekin eta entzundakoarekin. «Desengainu handia hartu dugu. Guretzako ari dira lanean? Hitz politak edonork esan ditzake, guk eginak ikusi nahi ditugu; ordura arte, ezin dugu ezer sinetsi».
Gainera, Marea Horikoei lotsagarria iruditzen zaie alderdi batekin lotzea: «Oso haserre gaude. Gu gurasoak, ikasle ohiak eta bizilagunak gara. EH Bildu eta Irabazi Donostiakoak etorri ziren Bidebietara laguntza eskaintzeko; baina beste edozein alderdi etorri izan balitz ere gustura jasoko genuke bere laguntza. Amorrua eman digu udalbatzarrean hitz egiteko aukerarik ez izatea. Esaten dute bilerak egin dituztela, baina gurekin nor elkartu da? Ikasleei galdetu diete zerbait? Pentsatzen zuten auzoa ez zela altxatuko, baina asko dugu esateko».
Izan ere, Bidebietako Institutua ixteko albistea jaso zutenetik, buru-belarri ibili dira Marea Horiko kideak. Besteak beste, aurreko ostiralean, prentsaurreko bat eman zuten auzoan bertan: «Ikastetxe publikoa ixtea oso kontu larria da, gizarte baten gainbeheraren adierazle garbia. Hezkuntza ez da errentagarria izan behar, Bidebieta eta Donostiako auzoei dagokien eskubide bat da».
Alboratuak
Era berean, salatu dute administrazioak Bidebietako Institutuko langileekin, horien ordezkariekin eta bertako hezkuntza komunitate osoarekin izan duen jarrera: «Ikasleak badaude, baina Donostiako kanpoaldean kokatutako ikastetxe honek diru publikoz hornituriko hiru itunpeko ikastetxe ditu inguruan. Auzoko ikasleen arteko hierarkia indartzeko bakarrik balio duten itunpeko ikastetxeak, eskola publikoak geto bilakatzera daramatzaten eskolak, alegia. Horregatik, ez da harritzekoa erroldaturiko ikasleen %10 soilik matrikulatzea eskola publikoan. Hemen duguna hezkuntzaren logika neoliberalaren muturreko ondorioa da, administrazioak aspaldi alboratu baitzuen, dirudienez, lehen mailakoak ez diren Bidebietako ikastetxea eta ikasleak».
Itxierak, gainera, auzoko gaztetxoak beste leku batzuetara joan behar izatea suposatzen duela diote: «Garrantzitsua da gazteak hemen geratzea, euren etorkizuna Bidebietan eraikitzea eta sentimendu bat izatea auzoarekiko. Albiste txarra da ikasleentzat, baina baita auzoarentzako ere. Azkenaldian, Bidebietako norbanako eta talde asko ari gara lan handia egiten auzoa indartzeko, baina insitutua ixten bada, izugarrizko porrota izango da».
Marea Horiaren hurrengo asanblada datorren asteartean, hilaren 26an, egingo dute. Hitzordua 19:00etan izango da, Auzoenean. Bertan erabakiko dituzte hemendik aurrerako mobilizazioak. Momentuz, asmoa daukate auzoa hori kolorez tindatzeko, eta urtarrilean aurreikusten dute martxa bat egitea: «Festa giroan egin nahi ditugu protestak eta aldarrikapenak, eta ahalik eta jende gehien batu».