Txillardegiren omenezko horma irudia inauguratuko dute bere heriotzaren seigarren urtemugan
Txillardegi Udal Liburutegia herri ekimenak egitarau mamitsua prestatu du haren omenez. Ekitaldi nabarmenena izango da hilaren 14koa, Antiguako Gaskonia plazan Txillardegiren oroimenezko horma irudia inauguratuko dute eta. Toki honetan zegoen Txillardegi etxea, eta politikari, hizkuntzalari eta idazle donostiarra auzo honetan jaio zen.
Hainbat lagun gonbidatu dituzte horma irudiaren inaugurazio ekitaldira. Ibon Sarasola euskaltzainak eta Joxe Manuel Odriozola idazleak parte hartuko dute, baita Izarne Zelaia eta Beñat Gaztelumendi bertsolariek ere. Egun horretarako prest egongo da Txillardegiren irudi batean oinarritutako margolana. Egiako Mikel Herrerok margotuko du. Herrerorena da ere Imanol musikariaren omenezkoa, duela gutxi Matia kalearen bukaeran inauguratu zutena.
Txillardegiri bere hirian toki bat ematea da herri ekimen honen helburua, eta lanean jarraituko du “aitortza ofizial bat lortu arte”. Horma irudia herri ekimenak berak ordainduko du, crowdfunding kanpaina baten bidez bildutako diruari esker. Udalak baimena eman die horma irudia egiteko, baina oraindik Txillardegirekin “zorretan” jarraitzen duela uste dute: “Herri ekimen honen izenak argi eta garbi islatzen du gure errebindikazioa: udalak udal liburutegiari Txillardegi izena eman diezaiola, idazle eta euskaltzale askok eskatu duten bezala”. Gaskonia plazako parkingeko sarreraren inguruan egingo dute horma irudia.