Asier Illarramendi: «Ez naiz futbola jarraitzen duen horietakoa»
Realaren harrobiko altxorretako bat da Asier Illarramendi. Askok ez zuten ulertu talde txuri-urdina utzi eta Madril aldera joatea. Bi urteko abentura agortuta, Donostiara itzuli zen, eta ordutik hiru denboraldi jarraian daramatza. Guztira, zazpigarrena da.
Mutriku eta Donostia artean bizi da gaur egun. Ezohiko futbol jokalaria da, fokuetatik urrun ibiltzea gustuko duena. Herriko betiko lagunekin elkartu eta familiarekin egotea ezinbestekoa da berarentzat. Hori dela eta, denbora ematen du bere jaioterrian, futbol ibilbidea hasi zuen herrian. Realean une gozoa bizi duen arren, naturaltasunez hartzen du futbolari bizitza.
Zer du Donostiak Mutrikuk ez duena?
Bizitza gehiago.
Eta Mutrikuk Donostiak ez duena?
Familia eta lagunak.
Donostiako zein leku gustatzen zaizu gehien?
Parte Zaharrera eta Urgull mendira joatea gustatzen zait.
Donostiako pintxoak edo izozkiak nahiago dituzu?
Pintxoak, noski.
Futbola duzu ofizio. Zure zaletasunak, berriz, zeintzuk dira?
Praktikatu ezin ditudan beste kirolak ikustea oso gustuko dut. Horrez gain, txakurrarekin paseoan ibiltzea eta lagunekin elkartzea.
Bidaietan zer egiten duzu?
Batez ere, atsedena hartu. Jokatu beharreko futbol partida kopurua handia izanik, atseden hartzea komeni zaigu. Dena dela, bidaietan kartetan ibiltzen gara.
Futbolari moduan partida bat aukeratu beharko bazenu, zein izango litzateke?
San Mames zaharrean jokatu genuen azken euskal derbia. 2013an izan zen eta 1 eta 3 irabazi genuen.
Zeintzuk dira gustuko dituzun futbol jokalariak?
Ez naiz futbola jarraitzen duen horietakoa. Kirola gustatzen zait orokorrean. Horrela ere, bi jokalari aipatu beharko banitu horiek
Mikel Aranburu eta Mikel Alonso izango lirateke. Hurbiletik ezagutu nituen.
Futbolaria ez bazina, zer izango zinateke?
Fisioterapeuta.
Asier Illarramendiri egindako elkarrizketa osoa hemen duzue irakurtzeko aukera.


