Onintza Odriozola, ikertzailea eta EHUko irakaslea. (Argazkia: Malen Aldalur)
Euskal Herriko historia garaikidean duen interesak bultzatu zuen Onintza Odriozola soziologian doktoretza egitera. Bukatu du dagoeneko tesia eta orain EHUko irakaslea da Gizarte Zientzien Didaktika sailean. ETAren lehen urteak aztertu ditu bere doktorego tesian. Fenomeno sozial zabal samarra izan zela ondorioztatu eta ETA mugimenduak inguruan sortutako oihartzuna aztertu ditu.
Zerk bultzatu zaitu ETAren sorrera eta garai hartan gizartean eduki zuen eragina aztertzera?
Konturatu nintzen ETAren ideologiari eta estrategiari buruzko historia politikoa askoz gehiago landu eta ikertu dela bere eragin soziala edo kulturala baino; edo bai behintzat, bere garaian inguruan sortu zituen harreman sozial eta kulturalak baino. Pentsatu nuen beharrezkoa zela horiek kontuan hartzea ETA erakundea bere osotasunean ulertzeko, eta horrexegatik hasi nintzen.
ETA mugimendu moduan aztertu duzu inguruari begiratu ahal izateko.
ETAk bere lehenengo biltzarrean bere burua mugimendu moduan definitu zuen. Aurreko abertzaletasunari ikusten ez zioten ekintza hori gehitu nahi zioten, eta une batetik aurrera iraultzaz ere hitz egiten hasiko dira. Hala ere, nik aztertu dudan garaian oraindik apenas daude borroka armatuaren zantzuak.
Zein hipotesi zenituen ikerketarekin hasi zinean?
Gure hipotesia zen ETAren inguruan jende asko aktibatu zela, etakide izanda edo izan gabe. Izan ere, garai horietan erakundearen parte ez zen jende ugarik lagundu zion ETAri. Beraz, erakundeak egitura organikoa gainditzen zuen garai hartan –ETAren lehen 10 urteetan– . Egitasmo ugari abiatu ziren testuinguru horretan, bai arlo kulturalean baita soziopolitikoan ere. Gure susmoa zen testuinguru hori sortzeko ETA gakoa izan zela. Izan ere, egitasmo horietako asko ETAren inguruan saretzen ziren; bazegoen interakzio bat ETAren eta garaiko eragileen artean. Bestalde, harreman sare horretan emakumeen parte hartzea ere handia izan zen.
Nolakoa izan zen emakumeen parte hartzea?
Modu ugaritan hartu zuten parte emakumeek. Oso garrantzitsuak izan ziren, adibidez, kulturgintzari dagokionez, bai etakide gisa eta baita erakundetik kanpo ere. Zaintza lanetan ere oso rol garrantzitsua izan zuten garai hartako emakumeek, zalantzarik gabe. Bestalde, eremu pribatuan abertzaletasunaren transmisioa egin zuten; abertzaletasunaren eramaile izan ziren. Dena den, kuantitatiboki eta botere karguei begiratuta gizonezkoak ziren gehiengoa, alde handiarekin.
Iparraldearen eta Hegoaldearen artean zegoen aldea ere ikertu duzu.
Bai. Azken batean, etakideak 60ko eta 70eko hamarkadetan hasi ziren Iparraldera joaten eta hor jarri ziren harremanetan bertako abertzaletasunarekin, gehienbat Enbataren inguruan mugitzen zirenekin. Garai horietan egitasmo asko sortu ziren elkarlanean: formazio saioak edo Aberri Eguna, kasurako. Egindako elkarrizketetan ikusi dugu Hegoaldekoek lagundu egin zutela Iparraldean abertzaletasuna sortzen, eta bestalde, Hegoaldekoek Frantziako intelektual ugarirengandik edan zutela.
Gatazkarik sortu zen Hegoaldearen eta Iparraldearen artean?
Elkarlana egon zen, baina baita gatazka ere, harreman guztietan gertatzen den moduan. Hegoaldea zegoen erdigunean eta Iparraldea babesgune bilakatu zen. Horrek hainbat gatazka edo arazo sortu zituen; eta testuinguru horretan sortu zen Iparretarrak erakundea ipar Euskal Herrian. Nolabait, euren bidea egin nahi zuten.
Joxe Manuel eta Onintza Odriozola aita-alabak elkartu ditu IRUTXULOKO HITZAK:
Biei egindako elkarrizketa: “Asko hitz egiten dugu elkarrekin eta gehienetan bat etortzen gara”
Joxe Manuel Odriozola, idazlea: “Euskalduntasun nazionala etxetik eraiki behar da”