Joxe Manuel Odriozola. (Argazkia: Malen Aldalur)
Euskalgintzan ibilbide luzea egin du Joxe Manuel Odriozolak autodidakta moduan. D eredua, Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza politika, naziotasuna, abertzaletasuna eta beste hainbat konturen inguruan hausnartu du bere azken liburuan.
‘Nora goaz euskalduntasun honekin’ du izena zure azken liburuak. Zergatik?
Liburu hau idaztera bestela ere hausnartuko nintzatekeela uste dut, baina igande gau batean kantu afari bat ikusi nuen telebistan, mugako jatetxe batean ari ziren afaltzen. Han ikusi nituen kantuan sentimenduz gainezka euskaldunak, eta pentsatu nuen: euskalduntasun horrek zein neurritan balio digu euskaldun izateko? Euskalduntasun etnikoak bizi gaitu, eta euskaldun izateko modu horrek ez digu balio gaurko Euskal Herrian. Euskalduntasun etnikoa edo diglosikoa gure arbasoen euskalduntasuna zen, ahozko kulturan oinarritutako euskal identitatea. Ahozkora mugatzen den euskalduntasunak ez ditu ahozko funtzioak behar bezala betetzen gaur, kultura hegemonikoaren alor nagusi bat kultur idatzia delako.
Eta nola funtzionatu dezake?
Ahozko erabilerak funtzionatuko badu, euskarak funtzio nazional hegemoniko batzuk bereganatu behar ditu, eta hori lortu ez duenez, gaurko euskaldunak ez du funtzionatzen, ez eremu erdaldunean eta ezta euskaldunean ere. Lehen egoera diglosikoak ez zuen ahalmen sozialik kultura idatzi hegemonikoaren bizitza eratzeko; orain, D ereduaren transmisio akademikoaren belaunaldiak ez du funtzionatzen ahozkoan, eta idatzizkoan eta irakurketan, berriz, bizitza akademikoak irauten duen bitartean bakarrik.
Euskalduntasun nazionala etxetik eraikitzen ez badugu, euskaldun izatea ez da duina izango euskaldunontzat.
D ereduak ez duela funtzionatzen diozu, beraz.
D ereduak euskalduntasun molde bat sortzen du, baina D ereduak sortzen duen euskalduntasunak ere ez digu balio. D ereduak kultura eta transmisioa jaso ditu baina horrek ere ez du bermatu euskararen ahozko erabilerarik. Lehengoak ez zuen balio diglosikoa zelako eta kultura idatzirako ez zigulako balio,eta D ereduak ere ez digu balio ahozkoan huts egiten duelako, baina baita idatzizkoan ere. D ereduak arnasguneetan ere ez du funtzionatu, izan ere, arnasguneetako euskara ere ahozkoa da, esaterako, egunkaria, gehienek, erdaraz irakurtzen dute. Euskaldun izatea zera da: gizarte kultural moderno batean behar ditugun baliabide komunikatibo –ahozkoak, idatzizkoak– guztiak izatea, eta horretatik oso urruti dago gaur egungo euskaldun izateko modua. Beharrezkoa da euskalduntasun inkontzientetik euskalduntasun kontzientera joatea. Euskaldun izateak dituen inplikazio naturalak, ideologikoak, politikoak eta gainerakoak ikusarazi behar dira, hau da, euskararena kontzientzia nazionalarekin lotuta dagoen hizkuntza arazoa dela ikusarazi behar da.
Jaurlaritzaren hezkuntza politikak kritikatu dituzu.
Jaurlaritzak, hizkuntza politikak euskalduntasun etniko horretara bideratzen ditu. Erabilerarik bermatzen ez duen hizkuntza politikak egiten ditu. Egia da geuk ere 90. hamarkadan pentsatzen genuela D ereduak herria euskalduntze bidean jarriko zuela; baina ez da horrela izan. 40 urte pasa dira eta Jaurlaritzak ez du politikarik aldatu, eta oraindik pentsatzen jarraitzen du ezagutza akademiko batek, besterik gabe, belaunaldi berriak euskaldundu behar dituela.
Euskaldunak erdararen eskale garela aipatu zenuen ‘Berria’ egunkarian egindako elkarrizketan.
Zentzu bikoitzean gara eskale. Zentzu komunikatiboari dagokionez, D ereduko ikasle gehienen ahozkotasuna ez da ona, baina horretaz aparte, arazo larriagoa ere bada, eskaletasuna dator, hain zuzen ere, daukagun dependentzia nazionaletik; hizkuntza hegemoniko nazional bat daukagu, erdara. Gero euskara ere badaukagu baina funtzio lokal eta etnokultural batzuk betetzeaz arduratzen da. Orduan, esan nahi dudan da, euskalduntasuna ez dela bakarrik politikoa, linguistikoa ere bada. Hori dela eta, eskaletasun politiko nazionalak morrontza linguistiko komunikatiboa dakar. Politikoki eta kulturalki estatu kaskarra duen hizkuntza batean hitz egiten duen hiztuna eskalea da, eskalea da maila estrukturalean eta baita bat bateko jardun komunikatiboan ere.
Joxe Manuel eta Onintza Odriozola aita-alabak elkarrizketatu ditu IRUTXULOKO HITZAk.
“Asko hitz egiten dugu elkarrekin, eta gehienetan bat etortzen gara”