"Asko hitz egiten dugu elkarrekin, eta gehienetan bat etortzen gara"
Aita-alabak dira Joxe Manuel eta Onintza Odriozola. Autodidakta eta idazlea da aita eta ikertzailea eta EHUko irakaslea alaba. Elkarrengandik asko ikasi dute eta ikasten jarraitzen dute.
Groseko Txofre plazan bizi da Joxe Manuel Odriozola (Altzo, 1948). Altzon jaio zen, baina gaztea zela etorri zen Donostiara. Onintza Odriozola (Altza, 1980), aldiz, Altzan jaio eta 10 urterekin mugitu zen Grosera. Orain Hernanin bizi da. Autodidakta eta idazlea da aita eta ikertzailea eta EHUko irakaslea alaba.
Nola deskribatuko zenukete elkar?
Joxe Manuel Odriozola (J.M.O.): Marixabel eta bion alaba da Onintza. Historian lizentziatua eta soziologian doktorea. EHUn lan egiten du. Aiur izeneko mutiko maitagarri bat dauka. Aita baino zehatzagoa eta zorrotzagoa da pentsamenduaren eta ideien metodologian, eta dohain hori behintzat, zorionez, ez datorkio nigandik.
Onintza Odriozola (O.O.): Nire aita Altzon jaio zen 48an eta Donostiara etorri zen gaztetan. Hainbat lanetan jardun ondoren nik beti ezagutu izan dut euskararen militante gisa.
Zuen deskribapenetan zerbait gehituko zenukete?
O.O.: Dantzan ibili naiz sei urtez geroztik, hasieran ikastolan eta gero Aukeran dantza taldean ibili nintzen, eta azkenik, Haatik dantza taldean. Duela hiru urte utzi nuen. Agian aurrerantzean gorputza lantzeko jarraituko dut dantzan baina ez kanpora begira.
J.M.O.: Motor elektrikoen bobinatzaile moduan hasi nintzen lanean eta soldaduskan abertzaletu nintzen han egindako lagunei esker; ondoren, tailerreko lana utzi eta euskal mundura egin nuen salto; gau eskoletan aritu nintzen lehendabizi, Gipuzkoako Foru Aldundian euskara batzordeko buru izan nintzen ondoren, eta, geroztik, udal euskaltegietan aritu naiz lanean.
Liburuetatik kanpo zein zaletasun dituzue?
O.O.: Dantza eta mendia izan dira nire zaletasunetako batzuk. Asko ibili izan naiz mendian eta hori bada aitarekin konpartitzen dudan zaletasunetako bat. Gaztetxotan berarekin batera joaten nintzen mendira.
J.M.O.: Nire zaletasunak mendia eta natura dira alde batetik, eta zinema bestetik. Nire bizitzaren ardatza liburuak dira, baina literatura kontzeptuala izan da nire irakurketen ardatza. Beranduegi hasi nintzen kultura idatziaren munduan eta ez dut astirik izan fikzio literarioa irakurtzeko. Autodidakta naiz, horrek dituen alde on eta txarrekin.
Elkarren zein bertute azpimarratuko zenituzkete?
Onintza Odriozola (O.O.): Aita autodidakta dela azpimarratuko nuke. Beti ezagutu izan dut irakurtzen eta gai askoren inguruan sakontzen, eta beti bere kasa. Jakin-min handiko pertsona da eta jakin-min hori asetzeko beti ari da irakurri eta irakurri. Bestalde, soziolinguistikari buruz dakidan guztia berari zor diot; hizkuntza eta jendartearen arteko harremanaz dakidan oro. Maila orokorragoan jakin-mina transmititu didala uste dut.
Joxe Manuel Odriozola (J.O.): Lan egiteko moduan ni baino zorrotzagoa da. Informazioaren eta ezagutzaren jarioa modu sistematikoan eguneratzen du, ez nik bezala. Doktorego tesia egitean ohartu nintzen ni baino zorrotzagoa dela ideien antolamendua atontzean. Ez dauka aitaren dogmatismo kargarik, nire belaunaldian horrenbesteko eragina izan duen pentsatzeko jarrera makurra, hain zuzena. Malguagoa da, malgutasuna zentzu positiboan ulertuta, ez mengelean.
Nola iritsi zarete gaur egun zaudeten lekura?
O.O.: Ikasketak aukeratzeko orduan hainbat zalantza izan nituen, baina azkenean historia ikastea erabaki nuen.Ondoren, kanpoan pasa nuen urtebete eta gero handik itzultzean lana eta ikasketak uztartu nituen urte luzez. Horrela, neurri batean edo bestean interesatzen zitzaidan gaian sakontzen jarraitu nuen. Azkenean bide hori doktoretza tesi batean amaitu da. Interesatzen zitzaidan arloa Euskal Herri garaikidea zen, batez ere, abertzaletasunari lotuta. Doktoretza programa bat ikusi nuen interesekoa iruditu zitzaidana eta horrela hasi nintzen. Eta nola iritsi naizen? denbora beste gauza batzuei ez eskainiz.
J.M.O.: Ni autodidakta naiz. Autodidakta izateak dituen alde txarren berri badakit. Ia zerotik hasi behar duzu ezagutzaren eta kulturaren munduan, eta bide luze eta zaila izaten da alorren batean taxuzko ezer jakitera iristea. Bi gauza ditut nire alde: liburuen mundurik gabe nire bizitzak ez lukeela zentzu osorik izango, eta, arian-arian, ereindako lanak uztatxoren bat ematen duela azkenean”
Zuzenean edo zeharka hainbat gai landu dituzue. Etxean asko eztabaidatzen duzue?
O.O.: Asko hitz egiten dugu elkarrekin gai ugariren inguruan, eta egia esan, salbuespenak salbuespen, gehienetan bat etortzen gara, bereziki, nazioaren eta hizkuntzaren auzian.
J.M.O.: Bai, lehen esan bezala, transmisioan gai hauei buruz hitz egitea ere beharrezkoa da, eta ez bakarrik euskaraz hitz egitea. Ni ahalegindu naiz alabari hori ere transmititzen. Izan ere, gaur egun joera dago euskalduna ez den abertzaletasun bat defendatzeko, batasunaren mesedetan. Baina guk euskaraz funtzionatzen duen soberania bat behar dugu. Feminismoak horretan aurrea hartu digu, feministek esaten dute botere feminista behar dugula hain zuzen ere gauzak maila estrukturalean aldatuko badira. Guk ez dugu pareko diskurtsorik sortu. Euskararen transmisioa garrantzitsua da baina hori bezain garrantzitsua da, euskara testuinguru ideologiko eta politiko baten barruan kokatu eta horrela transmititzea, eta horretarako, garrantzitsua da etxeko transmisioan horretaz ere hitz egitea.
Bakoitzari elkarrizketa bat ere egin dio IRUTXULOKO HITZAk:
Joxe Manuel Odriozola, idazlea: “Euskalduntasun nazionala etxetik eraiki behar da”
Onintza Odriozola, ikertzailea eta EHUko irakaslea: “Interakzio bat zegoen ETAren eta garaiko eragileen artean”