Udal batzar aretoan askotariko gaiak jorratu dituzte urtarrileko udalbatzarrean. (Argazkia: Lide Ferreira)
EH Bilduk eta Irabazik mozio bana aurkeztu dute udal eraikinari beste erabilera batzuk emateko. Etxebizitzak birgaitzeko ordenantza eta ur horniduren araudia onartu dute.
Eraso sexisten kontrako minutu bateko isilunea egin du udalbatzak urtarrileko udalbatzarrean, San Sebastian egunean sexu eraso bat sufritu baitzuen emakume batek. Erabateko adostasun horren ildotik abiatu da udal taldeen arteko eztabaida, eta normalean bezala, desadostasunak ere agertu dira.
Illunbeko udal eraikinaren erabileraren inguruko kontrolerako mozio bana aurkeztu dute EH Bilduk eta Irabazi Donostiak. Biek ala biek gauza bera eskatu dute; zezenketen kontsulta egin bitartean udal gobernuak Illunbe ez alokatzea zezenketak egiteko. Udaleko bost alderdi politikoen artetik hiru daude galdeketa egitearen alde, baina erabileraren inguruan ez dute iritzi berbera.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak abendua bukaeran ateratako ebazpenaren arabera, udalak Illunbe zezenketetarako ez alokatzeko eskumena du. Horrela, epaitegiak arrazoia eman dio aurreko legealdiko udal gobernuari. Auzitegiak azaldu duenez, aurreko udal gobernuak ez zuen «zezenketarik debekatu», horretarako eskumenik ez duelako. Dena dela, udalak «askatasuna» du udal instalazio horren erabilera erabakitzeko.
Zezenketen inguruko kontsulta egin bitartean, udal gobernuak «moratoria» bat egiteko aukera duela azpimarratu du Amaia Almirall EH Bilduko bozeramaileak. Hain zuzen ere, hori da mozio bidez egin duten eskaera. Aldi berean, Illunberi beste erabilera batzuk emateko eskatu du Almirallek.
Tauromakia legearen aurrean udalak ez du eskumenik hori mugatzeko.?Ordea, zezenketak egiteko Illunbe alokatu edo ez erabakitzeko aukera duela esan du Amaia Martin Irabaziko zinegotziak. «Eta herritarrek zer diote? Estrategia Bulegoak egindako inkestaren arabera, herritarren %71 udal instalazioetan zezenketak egitearen kontra dago». Bestalde, Illunberi eman beharreko beste erabileren inguruko txosten eta informazioa udal taldeei helarazteko eskatu du Martinek.
Bi mozioek ezezkoa jaso dute EAJ, PSE-EE eta PP udal taldeen partetik. «Eztabaida hau etengabe ekartzen duzue. Baina gauza bat argitzea komeni da. Udalak ez du Illunbe zezenketak egiteko baimena ematen, kobratu egiten du eraikina uzteagatik. Ez da gauza bera», azaldu Ernesto Gasco zinegotzi sozialistak.
Eztabaidaren arrazoia beste bat dela gaineratu du Gascok: «Zuek zezenketak debekatu nahi dituzue, eta aukera izan zenutenean horrela egin zenuten. Gu hauteskundeetara aurkeztu ginenean, esan genuen zezenketak mantenduko genituela. Zuek baino zinegotzi gehiago lortu genituen». Horrekin batera, EH Bildu eta Irabaziren «inkoherentziak» aipatu ditu. «Zestoa, Azpeitia eta Iruñean zezenketak daude, eta dakidala EH Bildu dago agintean. Gauza bera gertatzen da Podemosekin Madrilen, Valentzian eta Zaragozan. Jarrera interesatua da zuena».
Udal gobernuak kontsulta bidez egin nahi duena albo batera uzteko eskatzen aritzea leporatu die Goiak EH Bildu eta Irabaziri: «Gauzak nahasten ari zarete. Gauza bat da zezenketen inguruan herritarrei beraien iritzia galdetzea, eta beste bat udalak ikuspuntu bakar bat inposatzea. Zezenketak debekatzeko eskatzen ari zarete».
Ezezkoarekin ez dira batere konforme geratu mozioa aurkeztu duten udal taldeak: «Ebazpena berriz irakurtzeko eskatzen dizuet. Aurreko udal gobernuak zezenketarik ez zuela debekatu dio. Hemen ez du inork debekatu, desberdin erregulatu baizik, eta posible da». Martin haserre agertu da Gascok esandakoarekin. «Zezenketen aurrean ikuspuntu politiko bat izatea egozten diguzue, baina zuek ere ikuspegi bat duzue. Moratoria bat eskatzen ari gara, ez besterik».
Hiriarentzako erabakiak
Udal talde guztien aldeko jarrerarekin aurrera atera dira hiriari begirako bi erabaki. Batetik, hasierako onarpena eman diote etxebizitzak birgaitzeko ordenantzaren egokitzapen berriari. «Ordenantzaren norabidea aldatzea erabaki dugu, irisgarritasunari garrantzia emateko. Horrela, ia 3 milioi euroko aurrekontua zehaztu dugu etxebizitzak birgaitzeko», azaldu du Enrique Ramos Hirigintza zinegotziak.
Oinarriarekin ados agertu arren, Irabazik kezka agertu du irisgarritasunari diru-laguntza igotzearekin batera birgaitzeari kopurua gutxitzen diolako ordenantzak. «Birgaitzeak efizientzia energetikoa dakar, eta familien kontsumoa gutxitzen du. Beraz, birgaitzeari bideratutako dirua mantentzeko eskatzen dugu», esan du Loic Alejandro zinegotziak.
Eraikuntzen Ikuskapen Teknikoa (EIT) gainditzeko diru-laguntza kopurua murriztea kritikatu du Ricardo Burutaran EH Bilduko zinegotziak. «EIT delakoa pasatzeko laguntzak %50 gutxitzea aurreikusi duzue ordenantzan, 20.000 izatetik 10.000 eurora pasako dira. Horrek, 5.200 etxebizitza ingururi eragingo die». Murrizketen harira Ramosek erantzun zorrotza eman dio Burutarani: «Guk aurrekontua igo dugu. Zuek duela lau urte jarritakoa nabarmen igo dugu. Gure ustez garrantzitsua da adineko pertsonei errekurtso gehiago bideratzea».
Donostiaren ur hornidura eta saneamenduko araudiarekin adostasuna zabalagoa izan da. PSE-EEren udal taldeak aurkezturiko proposamenean EH Bilduren zuzenketa batzuk onartu dituzte. «Elkarlanari esker zaharkitua zegoen araudia hobetu dugu».
Altzako institutua
Hezkuntzari loturiko hainbat arazo sortu dira azken denboran hirian. Bidebietako institutuaren aferaren ondoren, Altzako ikastetxea izan dute hizpide udalbatzarrean. Izan ere, pasa den abendutik musika klaserik gabe daude ikasleak ordezko irakasle bat topatzeko sortu diren zailtasunengatik. EH Bilduk aurkezturiko mozioarekin bat egin dute udal talde guztiek.
Institutuko zuzendariak eta hainbat irakaslek bertatik bertara jaso dute udal agintarien konpromisoa musika irakasle falta konpontzeko. «Gure proposamenak sortu duen erantzunarekin pozik gaude, eta beste udal taldeen ekarpenekin ados gaude», esan du Naiara Sampedro?EH Bilduko zinegotziak.
Udal talde guztiak ere ados jarri dira Oletako Harri Berri eskolari estalkia jartzeko. EH Bilduren mozioa aurrera atera ez arren, Miren Azkarate Hezkuntza zinegotziak baieztatu du lanean ari direla udan estalkia egiten has daitezen. Estalkiekin loturik, Groseko Zuberoa plazan estalkia jartzeko plan bereziari behin betiko onarpena eman diote.
Bi osasun etxe berriak
Aiete eta Parte Zaharreko osasun etxe berriak direla eta, kontrol mozioa aurkeztu du EH Bilduk bizi duten egoeraren berri izateko. «Bi urte eta erdiren ondoren ez zarete gai izan biak abian jartzeko», azaldu du Josu Ruiz zinegotziak. Udal taldeek eskaera aho batez onartu arren, Goia kritiko agertu da mozioa aurkezteko moduarekin. «Bi osasun etxeak lehentasuna dira udal gobernuarentzat. Bi kasuetan zailtasunak sortu dira bietan, eta atzerapenak atzerapen egindako lanak merezi izango duela uste dut».